Behar-Zanako pilotariak bikain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 23a, 14:27

Behar-Zanako pilotari seniorrak, lehenak dira lehen mailan, itzulia amaituta. Asteburuan partidak izango dituzte eta Villabonako Bearzana pilotaleku berrian ere partidak izango dira pilotari gazteagoen eskutik.

Behar-Zanako seniorrak diren Iñaki Lizaso eta Laurent Erreka lehenengo mailan jokatzen ari dira Gipuzkoako txapelketa. Adierazi dutenez, 22-21 galduz, ondo hasi ez baziren ere, beste partida guztiak irabazi dituzte. Ligaxka amaitu eta itzuliko lehen partida ere jokatuta dutelarik, multzoko lehenak dira bi partidaren faltan. Aste honi dagokionez, Elgoibarko Atxotegi-Loiola bikote gogorraren aurka jokatuko dute igandean.

Bigarren mailan ari diren Jon Ander Esnaola, Arkaitz Iraeta eta Ander Aranburu seniorrak multzoko bigarrenak doaz bigarrenarekin berdituta. Fasez pasatzeko aukerak beren eskuetan dituzte, datozen partidetan ahalik eta tanto gehien egiten badituzte behintzat. Hauek larunbatean Azpeitian jokatuko dute 12:00tan.

Gaur partidak, 18:30etan Bearzana pilotalekuan

Gaurko egunari dagokionez, 18:30etan eta Villabonako Bearzana pilotaleku berrian, hiru partida izango dira ikusgai. Lehenengoan kadeteen 2. mailan Iñaki Otaegik eta Mikel Otaño kadeteek Hernanikoen aurka jokatuko dute. Hauek beren hiru partidetatik bi irabazita doaz. Ondoren, jubenilek 2. mailan jokatuko dute. Beñat Karrerak eta Kepa Nazabalek Astigarragako Mundarrokoen aurka jokatuko dute. Hauek ere hiru partidetatik bi irabazita daude. Azken partidan kadete mailan baina eskuz banaka Aitor Ormazabalek "Artzaiak" jokatuko du Bergarako pilotariaren aurka. Aitorrek hiru partidetatik bakarrean lortu du oraingoz garaipena. Beraz, 18:30eta hasiko da Gipuzkoako Kutxa sariari dagokion gaurko festibala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!