Gaztelekuaren egitasmoaren nondik norakoak biltzen dituen bloga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 22a, 20:38

Villabonako Udalak, Gazteria arloan, Gaztelekuaren egitasmoaren nondik norako guztiak jasotzen dituen bloga aurkeztu nahi du: "Gazteria saila aurrera doa bere egitasmoarekin eta orain artean egindako ibilbide guztia jasoko duen bloga aurkeztu nahi du". Bertan, orain artean garatu den prozesu guztiaren inguruko informazio zehatza jasotzeko aukera eskainiko da:

Gazteria saileko lehendakari Maialen Abaigarrek azaldu duenez, "prozesu honen helburu nagusia eta blog honetan ondo jasota geratzen den moduan, Villabonako herrian etorkizunean ekipamendu berri bat izatea da. Gaztelekua, alegia. Baina ez dugu nahi  ekipamendu soil bat sortu eta kitto. Herri parte hartzean oinarritutako prozesua abiatu genuen eta orain, uzta jasota aurkeztu nahi dizuegu. Nerabeek, gazteek, gurasoek, udal teknikariek, herritarrek..., eragile askok parte hartu dute prozesuan, denen ahalegina garrantzi handikoa izan da". Prozesu parte hartzaile honen helburua, zer nolako gaztelekua behar duen Villabonak galderari erantzunak ematea izan da eztabaidaren bitartez. "Eta aurreratu dugu, eta egitasmoa egikaritzeko urrats sendoak emanak ditugu dagoeneko. Hauxe duzue beraz orain artean egindakoaren uzta. Baita zuen parte hartzea bideratzeko ataria ere".

http://villabonagaztelekua.wordpress.com/


Eztabaidak jarraitu egingo duela adierazi du Abaigarrek eta bloga nahiz teknologia berriak jarri dituela Villabonako Udalak, herritarren eskura, parte hartzea are eta gehiago sustatzeko. "Gaztelekuaren egitasmoak Villabonako haur eta nerabeen beharretan oinarritutako hainbat beharrei erantzungo die, baina Villabonako Udalaren ahalegina ez da horretan amaituko. Krisia tarteko hainbat egitasmo atzeratu bazaizkigu ere, ludotekaren egitasmoa esaterako gure buruan dago". 

Gazteria, batzorde berria

Gazteria batzorde berria da, "ezker abertzalearen Udal taldeak martxan jarri zuen berrikuntzetako bat izan zen. Uztailaren 31 bitarte, bertako lehendakaria Remi Ayestaran izan zen. Ertzantzaren jarduera dela eta haren heriotzaren ondoren, bihotzekoak emanda, batzorde horren lehendakaritza Remiren Udal taldekide den Maialen Abaigar Urretak hartu du. Remiren ekarpena itzela izan zen Gaztelekuaren egitasmoa bideratzen eta orain haren lekukoa hartuko du Maialen Abaigarrek. Helburua, Villabonako, haur, nerabe eta gazte guztien beharretatik abiatutako eskaintza osoa egitea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!