Jokin Lizeaga eta Ainhoa Jauregi mendi lasterkariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 22a, 10:27

Jokin Lizeaga (30 urte) eta Ainhoa Jauregi (29 urte) mendi lasterkariak direla esan daiteke baina beraiek bere burua ez lukete horrela definituko. Kirolariak bai ofizioz (Gorputz Hezkuntzako irakasleak biak) eta afizioz. Dena den azkenaldi honetan mendi lasterketan gustura ari diren arren, beste hainbat afizio ere ba omen dituzte, eta beraz, bere lasterkari ibilbideak hasiera eta bukaera izango omen du.



Denboraldiaren balorazioa?
Jokin Lizeaga: Euskal selekziotik Munduko Kopan aritzeko aukera eman zidaten. Froga bat irabazi dut, eta beste lau frogetan lehenengo hamarretan bukatu dut. Nahiz eta eskumuturreko lesioarengatik nahi baino lehenago bukatu niretzat, munduko kopan 4. postuan nago.
Ainhoa Jauregi: Uste baino askoz hobea izan da. Nere kabuz ibili naiz Munduko Kopan parte hartzen eta hemengo karreretan ere. Ez gaude neska asko, eta horrek ahalbidetzen du maila oso ona izan gabe emaitza onak lortzea. Munduko Kopan zortzi edo bederatzigarren postuan bukatuko dut denboraldia.  

Mendi lasterketetan bakarrik parte hartzen duzue?
A. J.:  Neskak, gutxi izanik podiuma egitea errazago denez, eta agian horrek motibatuta hamarren bat krosetan parte hartu dut. Kroseko erritmoak mendirako beste txispa bat ematen dit.

Nor arduratzen da entrenamenduak prestatzeaz?
J.L.: Neroni prestatzaile izanda... hilabeteka planifikatzen ditugu.
A.J.: Baina paperean jarritakoa askotan ez dugu betetzen, gauza bat baita pentsatzen genuena eta bestea momentuko errealitatea, lesioak...

Emakumea behar adina baloratua dago lasterketetan?
A.J.: Ez naiz kexatzen. Mutilak protagonistago dira, baina meritu handiagoa ere badutela badakit.

Lasterketa hain gogorrak egiteko, pixka bat erotuta egon behar da, edo sufritzea da gustuko duzuena?
J.L.: Sufrituz disfrutatzen jakin behar da. Maldak zer nolako modu arriskutsuan jaisten ditugun ikusita, ero punttu bat ere batzuk badaukagula esan liteke, baina ez da derrigorrezkoa.

Psikologikoki ondo prestatua egotea, beharrezkoa?
J.L.: Bai. Lasterketan eta lasterketatik kanpo momentu txar asko pasatzen da. Gaizki zoazelako, edo mina daukazulako... Bakarrik entrenatzeak erronkei aurre egiteko gaitasuna indartzea berekin dakar.

Froga gogorrak gainditu izanak bizitza pertsonalerako zer laguntza ekarri dizue?
A.J.: Bagenekien horrelakoak ginela. Eta honekin ere emaitza batzuk lortu nahi ditugu eta horretarako esfortzu bat egiten dugu, baina bi aldiz pentsatu gabe eta disfrutatuaz.
J.L.: Egungo gizartearen arazo larrienetako bat da, esfortzurik gabe gauza gehiegi jasotzen direla, eta guri honek balio izan digu esfortzuak emaitza bat dakarrela frogatzeko.

Zer begiratzen diozue gehiago sailkapenari edo zuen marka gainditzeari?
A.J.: Marka gainditzeari asko begiratzen diot. Munduko bederatzigarrena naiz sailkapenari begiratuta, eta soberan dakit neure maila badudala baina ez naizela munduko hamar onenetakoa. Nire markak hobetzen eta errealista izaten saiatzen naiz. Garrantzitsua baita hankak lurrean izatea.

Anekdotaren bat?
A.J.: Hainbatetan mutilek lagundu izan nautela gorakoan, eta goitik behera abiatutakoan beraiek nire erritmoa mantendu ezinik atzean geratu izan direla. Beraientzako umilazio handia izaten da.

2010era begira...
A.J.: Bide berdinetik jarraituko dugu lanean, hobetzeko asko daukat, eta lesiorik ezean espero dut hobetzea. Munduko Kopa egiten saiatuko naiz eta agian Espainiako kopa ere egingo dut.
J.L.: Medikuek esaten didatenez apirila arte ezingo dut lasterketetan parte hartu. Nire asmoa da denboraldi ia osoa egitea, maila hobetzea, eta Munduko Kopa osatzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!