Aierdiko Xanti eta Angela

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 22a, 10:23

Angela eta, lau senide bizi dira oraindik, Xanti, bera bakarrik gelditzen da. Badira hogei urte paseak baserria utzi eta haren ondoan egindako Aierdi berri etxean bizi direla.

Xoxokako eskolan ibilitakoak izango zarete?
Xanti Lasarte: Bai, sei urterekin hasita. Aurreneko maistra Mozotegiko Angela Arrue izan genuen. Baserrian lana zegoen eta goiz utzi genion eskolara joateari. Gero, Urnietako eskola publikora joaten ginen gau-eskolara, baina, ez orduan, eta ez gerora erdararik ez genuen ikasi.  Batzuetan, bizikletan ibiltzen geratzen ginen eskolara sartu ere egin gabe, eta helduxeago ginenean igual Andoainera joaten ginen ehizarako kartutxo bila.

Angela Garmendia: Ni ere Angelarekin hasi nintzen eta azkenean Pepi Campos genuen maistra. Hamalau urte arte ibili nintzen.

Nolakoa zen Aierdiko bizimodua?
X.L.: Gainontzeko baserrietako modukoa. Zazpi edo zortzi behi eta idi parea genituen. Esnea Goibidietara eramaten genuen, eta gero Gurelesara.

A.G.: Gurelesak gutxi ordaintzen zuenez behorrarekin Hernanira eramaten hasi nintzen, han etxez-etxe banatzeko. Gero, Xantik gidabaimena atera zuen eta kotxearekin joaten ginen.

Eta Posentarrin?
A.G.: Ardiak genituen eta bi edo hiru behi, ere bai. Ardiak menditik bildu, jetzi eta gaztak egiten aritutakoa naiz. Gaztak egiten ikasi nuen.

Txerri-hiltzaile lanetan ere aritutakoa zara.
X.L.: Aita ibiltzen zen aurretik, eta hark utzitakoan niri deitzen zidaten. Hemezortzi urterekin hasi eta hirurogei pasata ere aritu nintzen. Baserrietan txerria hiltzea festa bat izaten zen. Txerria hildako baserrian afari ederrak eginda etxeratzen ginen txerrimunik eskuetan hartuta. Neguaren atarian, aurrenekoa San Martinetan Pagoaga baserrian hiltzen nuen. Gutxi gorabehera 25 txerri urtero hilko nituen.

Nolakoa izan zen zuen ezkontza?
A.G.: 1949ko maiatzaren 7an San Miel elizan ezkondu eta Donostiara joan ginen bazkaltzera. Arantzazura joan behar genuela eta Zumarragara joan ginen trenez, han lo egin eta hurrengo egunean autobusez Arantzazura joateko. Lau bat egun pasa genituen bertan.

Beraz, zilarrezko eta urrezko ezteiak ere aspaldian paseak dituzue?
X.L.: Zilarrezko ezteietan astebeterako “talgoan” Madrilera joan ginen. San Isidro egunean han ginen, eta ospatu genuen, zezenetara ere joan ginen, gustukoak ditut, Tolosara urte askotan joandakoa naiz. Urrezko ezteietan, berriro Arantzazura joan ginen eta astebete pasa genuen.

Aurten betetzen dira 50 urte Zilegi-mendiak saldu zirenetik.
X.L.: Urtero iñistorretara joateko baserri bakoitzak lur sail jakin bat izaten zuen. Bilera asko egin genituen saltzeko kontu horrekin. Gehienek dirua nahi zuten eta gutxi batzuk terrenoa, eta horrek asko luzatu arazi zuen azken erabakia. Kanpoko erosle batzuei dena saltzeko egin baitzen tratua, eta denbora asko pasa zen prezio berria aztertzen. Azkenean, hiru gelditu ziren terrenoaren jabetzarekin, Berrasoetako Luken, Matxoneko
Joxe eta Antsoko Alejandro. Gainontzekoei dirua eman zieten.  

Saldu izanaren penarik?
X.L.: Ez, orduan dirua behar genuen gehienok. Erretorea ere eliza konpontzekotan zen orduan eta zilegia saldu eta dirua jaso genuenoi milana pezeta eskatu zigun, aurreneko eskea harena izan zen; hark berea lortu zuen. Zilegi mendiak saldu izanari esker eliza konpondu zen.  

Noiz hasten zen iñistorra biltzeko garaia?
A.G.: Irailaren 10ean izaten zen beti. Egun hori “harrapazka eguna” izaten zen. Lanari hasiera emateko guardak etxeferoa botatzen zuen Adarra mendiaren puntatik. Egun hartan, bakarrik igitaiarekin ari zitekeen, segarekin aritzea debekatua zegoen. Lotea zutenak izan ezik, haiek segan hasten ziren, baina, batzuk besterenean ere bai, eta berebiziko saltsak sortzen ziren.

Herri guztiko baserritarrak joaten al ziren iñistorretara?
X.L.: Bai, Oztarangoak Onddiko atzealdean zituzten loteak eta handik Amuelan barrena Olazarra jaisten ziren gurdiarekin, gero Ereñozutik barrena etxera joateko. Eta hori egunero. Izan ere, orduan negurako iñistorra etxera ekarri arte ez zen bakerik izaten. Batzuk eguraldi ona zenean, zuhaitz adar batzuekin txabola moduko bat egin, gainean iñistorra jarri eta bertan lo egiten zuten. Otordua ere han bertan prestatzen zen.

Nork konpontzen zituen gurdi bideak?
X.L.: Harrapazka egunaren aurretik konpontzen ziren araldian. Bakoitzak zuen terrenoa edo lotera joateko bidea konpontzera joan behar izaten zen. Arrantxua ekartzen zuen udalak eta baserritarrok lanak egin.

Baserri bideak konpontzeko araldiak ere egingo ziren ba...
X.L.: Bai. Erratzuko zubitik hasita egin behar izaten genuen Goiburokook. Guk eskulana egiten genuen eta Udalak jartzen zuen materiala. Derrigorrezkoa izaten zen araldira joatea, edo bestela ordezko bat bidali behar izaten genuen. Baserri bakoitzeko pertsona bat, jubilatuak izan ezik, haiek libre izaten ziren. Bideak oso ondo egoten ziren oraingo aldean.  

Aierdi, Urnietako baserririk zaharrenetakoa omen da.
X.L.: Bai, guri ala esan izan digute. Baina bi edo hirutan errea da, gerra denboran ere, erre ez baina granada batekin txikitu zuten.  

Nola ikusten duzue baserriaren egoera?
X.L.: Gurea joan da, eta orain lana egiteko gogorik gabe utzi dituzte. Baserriak ez du ezer ematen. Artzainak ere nahiko larri dabiltza. Etorkizunik ez dago eta gure seme alabak ere horrela joan dira baserritik. Amorrazioa ere ematen dit, horrenbeste lan egin zen tokian orain inork ez duela ezer egiten ikusteak.

Eta Goiburuko giroa?
X.L Eskola zaharra auzolanean egina zen. Gure aita zenak eta Mozotegikoak soliberi guztia eskuz zerratu omen zuten. Oraingo obrarekin nik inoiz ezagutu dudan ondoena dago, Goibururen onerako izango da.

A.G.: Auzotarrak elkartu eta lortu da eskola zaharra auzotarrentzako izatea, nik izugarrizko poza hartu dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!