Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko zati den Oria Beheko ordezkaritzak urteroko elkarretaratzea egin zuen igandean Urnietan. Horrela, Andoain, Aia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Hernani, Ibarra, Irura, Lasarte-Oria, Tolosa, Usurbil, Villabona eta Urnietako 200 inguru odol emaile bildu ziren igande eguerdian. Lehenik meza nagusia izan zuten eta hamabietan San Juan plazan egindako harreraren ondotik guztiak Lekaio kultur etxean egin zen ekitaldi berezian parte hartu zuten. Bertan, 25, 40, 50 eta 100 aldiz odola eman duten odol-emaileek intsigniak eta esker oneko hitzak jaso zituzten elkarteko zuzendaritzaren partetik. Udalak ere, alkatearen eskutik, eskerrak eman zizkien odol-emaileei, baita elkarteari, eta beraiei laguntzen jarraitzeko duten asmoa jakinarazi zuen. Baita ere, 100 aldiz odola emandako Manuel Maioz herritarra omendu zuen Udalak, alkateak emandako plaka baten bidez. Eguna jai giroan amaitu zuten udal-pilotalekuan egindako bazkariarekin.
Orain, odol-emaileen elkartetik gogorarazten dute urtean sei alditan Urnietan odola emateko aukera dagoela, 18 eta 70 urte artekoentzako.