Mendigoizale taldearen historia dokumental batean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 22a, 10:19

Azaroaren hamalauan Basteron Euskalduna Mendigoizale elkartearen 60 urteko ibilbidea dokumentalean eskainiko dute. Jose Mari Robles eta Carlos Alejos Euskaldunako kideak dira dokumentalaren egileak.

Nondik nora sortu zen dokumentalaren asmoa?
Carlos Alejos: Jose Marik irudien muntaiak egin izan ditu mendi irteerekin aurreko urtetan, eta iaz Euskaldunari buruzko dokumentala egitearen ideia bota zidan bere 60. urtemugaren karira. Gaia Euskaldunaren 2008ko batzarrera eraman nuen, eta guztien oniritzia jaso genuen lanean hasteko.

Zein zeregin bete duzue biok dokumentalean?
Jose Mari Robles: Carlos gidoia egiteaz gain ikusentzunezkoan agertzen diren testigantza emaileak, agiriak, argazkiak… biltdu eta koordinatzeaz arduratu da. Niri Carlosek emandako osagaiekin sukaldeko lana egitea egokitu zait; pieza guztiak koherentzia eta logika batekin montatzen ahalegintzea eta guzti horri musika jartzea, alegia.
Ikusentzunaren mamia, deskribatu dezakezue?
C. A.: Denetik sartu dugu. Hainbaten testigantza jasotzen da: Miguel Amas, Iñaki Arregi, Jose Mari Olazabal, Luxio Aranburu, Maria Luisa Etxeberria, Alejandro Gonzalez…

Irudiei dagokionez, hemendik eta handik bildu ditugu: erretratu zaharrak, Jose Marik berak aurreko urtetan mendi irteeretan grabatutako irudiak, aurtengo urteberri egunean Adarramendiko saldaren inguruan biok atera genituen irudiak…

Testigantzei buruz zer esan dezkezue?
C. A.: Euskaldunaren historiaren parte diren hainbat pertsonek gauza jakingarriak kontatzen dituzte kameraren aurrean. Luzatu diegun galdeketa kontu jakin batzurekin osatu dugu: gizakia zergatik joaten den naturara ondo pasatzera, atzoko eta gaurko mendizaletasunaren arteko ezberdintasunak, gaztetxoen irteerak, sariketak, txartelak buzoietan uzteko ohitura, ibilbide luzeko martxak, 6.000-7.000ko igoerak,…

Zenbateko iraupena du?
J. M. R.: Ordu bete eskas. Ikuslea ez genuen aspertarazi nahi dokumental luzeegi batekin, eta horregatik material asko alde batera utzi behar izan dugu sintezizazio ariketa eginez.

Gustura zaudete egindako lanarekin?
J. M. R.: Ez gara profesionalak eta sakrifizio nahiko handia eskatu digu lanak, baina emaitza ikusi eta gero, ni behintzat gustura geratu naiz. Hasieran uste genuena baino egokiago geratu dela iruditzen zait, eta beharbada gutxiagorekin ere konforme geratuko nintzen.     
C. A.: Ez dakit nola erantzun galdera horri. Izan ere, konforme gaitzak izatea da gizakion konstantea, eta gehiegi esatea litzateke egin genezakeen guztia egin dugunik.
Zaila da epaile eta parte izatea, eta alde horretatik ezin nezake esan dokumentalak espektatiba guztiak beteko dituen ala ez.     

Iruditzen zaizue Euskaldunaren espiritua jasotzen duela?
C. A.: Egia da ordu betean nekez jaso daitekeela 60 urteko historia. Izan ere, monografiko bat mereziko lukete dokumentalak ikutzen dituen arlo bakoitzak. Zenbat pertsona jarri gure tokian, hainbat dokumetal ezberdin aterako lirateke, eta horrek beldur pixka bat ematen digu.

Noren interesa piztu lezake dokumentalak?
C. A.: Mendizale edo naturzale denaren interesa, printzipioz. Horietaz gain, gomendagarria gerta daiteke Andoaingo edozein herritarrentzat, bertan kontatzen den historia, familiar edo lagunen baten historiaren zati bat izango delako ziurrenik.  

Elkarteko historiatik zer edo zer nabarmenduko zenukete?
C. A.: Ezagutzen ditut zenbait mendi talde, eta nahiko antzeko historia daukate gehienek, berezitasun lokalak alde batera utzita. Haietan bezala, Euskaldunaren kasuan ere datu batek eragiten du arreta, eboluzioarekin zerikusia duena: gazte jendea zen lehen talde horiek kudeatzen zituena eta irteeretan parte hartzen zuena. Gaur, ordea, 50 urtetik gorakoak besterik ez dira ikusten. Inora iristeko autobusa eta pazientzia behar zen lehen, eta orain autoak dena erraztu egin du. Gazteak nahiago du bere kasa eta azkar ibili eta mendi garaietara joan.

Gaurko mendi talde klasikoek badute etorkizunik?
C. A.: Etorkizuna egunero egiten den bidea da. Etorri, etorriko dira bihar orain gazteak direnak, behin 50 urte betetzen dituztenean.
Izan ere, mendizaletasuna malkarrean gora izerdia ateratzea  baino zerbait gehiago da; bizimodu mota bat da, naturarekin eta beste gizakiekin harremanetan jartzen zaituen zaletasun gozagarri bat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!