Uso denboraldi betean, ehiztariak posturik onenaren bila dabiltza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 21a, 18:15

Usoek, urrian hegoalderanzko bidaian gure mendietatik igarotzeko joera dute, ehiztarien irrikarako.

Gure lurraldean, tradizio handia izan du betidanik uso paseko ehizak. Zaletasuna ez da galdu eta ehiztari asko hurbiltzen da Urnietara Santakrutz elkarteak kudeatzen dituen postuen zozketetara.
Imanol Iruretagoiena arduratzen da behekoa edo Goibidietakoa bezala ezagutzen den guneko 32 postuen zozketa prestatu eta gauzatzeaz. Zozketak irauten duten bi hilabete luzeetan, egunero, asteko zazpi egunetan, ilunabarreko zazpiak eta laurdenak aldera Urnietako Udal pilotalekura agertzen da dena prestatu eta zortziretan postuen zozketa egin ahal izateko. Gaurkoan, ehiztari ugari hurbildu da, hori bai, denak gizonezkoak, eta denentzako adina posturik ez dagoenez, horietako batzuk zozketa egin ondoren posturik gabe geratu dira.

Noiz hasten zarete zozketak egiten, eta noiz arte?
Imanol Iruretagoiena: Sanmiel bezperetan hasten gara eta azaroaren bukaera arte luzatzen dira. Asteko zazpi egunetan egiten dira.

Santakrutz elkarteak zenbat postu ditu?
I.I.: Hemen pilotalekuan, beheko zonako zozketa egiten dugu, Goibidieta ingurukoa, eta hor 32 postu daude; gero erdiko zonan, Xoxokakoan, 14 eta goikoan, Otsolepokoan beste 25. Guztira 71 postu kudeatzen ditugu.

Konta ezazu nola egiten diren zozketak?
I.I.: Ezinbestekoa da ehiztaria federatuta egotea. Hona etortzen dira federazioak emandako txartel batekin, zozketan parte hartzeko, txartel hori eta nortasun agiria aurkeztu behar izaten dituzte. Guk dagokion data pikatzen diegu txartelean. Hori baita modu bakarra ehiztaria egun bakoitzean zozketa bakarrera joateko. Gero, bi euro eta erdi (Otsolepon hiru euro) ordaindu eta bakoitzari zenbaki bat ematen diogu. Postuak baino ehiztari gehiago denean, batzuk posturik gabe gelditzen dira.

Osatzen da postu guztietako jendea?
I.I.: Asteburuetan ehiztari gehiago etortzen da baina aste egun arruntetan ere hogei bat  lagun etortzen dira beheko zonako zozketara.

Ilunabarrean egiten diren zozketetara etortzea nahitaezkoa al da postu bat nahi duenarentzako?
I.I.: Ez. Egunero goizeko 6:30ean Xoxokako plazan zozketatzen dira bertako 14 postuak. Haiek zozketa bukatu bezain azkar ehizara joaten dira. Hona etortzen direnak ilunabarrean zozketara eta hurrengo goizean postura etorri behar izaten dute.
Postu bakoitzean zenbat ehiztari egon litezke?
I.I.: Bi eskopeta gehienez ere. Guarda ibiltzen da zaintzen.

Zer ehizatzen da orain?
I.I.: Orain uso bila etortzen da jendea, gero azaroan birigarroak ere izaten dira.
Zein da postuetako ordutegia?
I.I.: Postuan egon daiteke eguna argitu baino ordubete lehenagotik hasita, eta postua uzteko eguzkia sartu ondoren beste ordubeteko tartea uzten da.

Lan hau elkartearentzako diru iturri bat al da?
I.I.: Elkartea bera arduratzen da postuak txukuntzeaz, eta normalean lan honekin ez irabazirik, ez galerarik ez da izaten. Hau irabazi asmorik gabekoa da.

 

INKESTA

Julen Moreno
ANDOAIN
“Asteburuetan etortzen naiz. Aitarengatik txikitan jaso nuen afizio hau eta oraindik jarraitzen dut. Bost urte daramatzat Urnietara etortzen, aurten uso gutxi dago. Usoak, birigarroak eta tortolak ehizatzen ditugu orain. Hego-haizearen zain gaude, Goibidietako gune horretako postu batzuk onak dira, batez ere birigarroentzako, baina Xoxokakoak hobeak”.

Rosco
URNIETA
“Oporrak baliatzen ditut ehizarako. Aurten oraindik ez naiz joan. Badirudi ez dela denboraldi ona baina zerbait mugitzen ari omen da. Goibidietako gunea ona da usoetarako, baina Xoxoka eta Otsolepokoa hobeak. Afizioa etxetik datorkit, gurean aitona zen ehiztaria. Giro onean ibiltzen gara eta ehiza gutxituagatik barruko harrak ehizara bultzatzen gaitu” .

J. Antonio Ugalde
ASTIGARRAGA
“Tarteka etortzen naiz. Postu batzuk onak dira eta beste batzuk txarrak ere bai. Gero eguraldiak ere zeresan handia du. Afizioa gero eta gutxiago dago eta uste dut pixkanaka jendea ehiza uzten ari dela. Usotan eta gero basurdetan eta ibili ezkero zaletasun garestia da. Kanpora joanez gero ehiza esparruak, bidaiak eta abar garesti ateratzen da broma.”

David Aguado
ANDOAIN
“Gaurko zozketan postua lortu dut eta kontent nago. Urte pare bat da Urnietako zozketetara etortzen hasi nintzela, toki ona da Goibidietakoa. Aurten beste batzuetan ere etorri naiz. Txikitatik dut afizioa, aitarengandik jasotakoa da eta hemen jarraitzen dugu gogo berdinarekin. Afizioa ez dakit beheraka doan baina gazte batzuk hemen jarraitzen dugu”.

Joanito Blanco
URNIETA
“Lehenengo usoak hasi dira eta zozketak animatzen ere bai. Ehiztariak eskopeta ateratzera animatzen ari dira. Urriaren erditik aurrera jendea hasten da oporrak hartzen ehizara etortzeko. Zozketan posturik gabe geratu dira batzuk. Umore txarrez jartzen dira egokitzen ez zaienean baina ez dira bereziki haserretzen. Ni Xoxoka edo Otsolepora joaten naiz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!