Izaskun Beraza: “Zorionak denei, merezi izan du!”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 21a, 18:13

“Ez dakit noiz jarri genuen eguna. Ia ia duela urte bete izan zela esango nuke. Eta ordutik hona gorriz borobilduta egon da Urki dantza taldeko kideentzat urriaren 16a. Luzea egin zaigu urtebete hau, luzeak egin zaizkigu, batez ere, uda honetako entsegu guztiak baina merezi izan du. Joan den ostiralean, Bastero lepo beteta, emanaldi ederra eskaini baikenuen. Polita izan zelako guretzat, eta uste dugulako, hurbildu ziren lagun, dantza zale eta herritar guztiek ere emanaldiarekin gozatu zutela.


Ez da erraza horrelako emanaldi bat antolatzea. Ordu asko eta pazientzia handia behar direlako. Eguna jarri lehendabizi, emanaldiaren nondik norakoak zehaztu, eskainiko ditugun dantzak zeintzuk izango diren erabaki, musika konponketak egin, jantziak prestatu eta falta zitzaizkigunak eskuratu,... Horretarako ezinbesteko izan da talde lanean aritzea, eta ez pentsa, zenbaitetan, hainbeste jende mugitzen duen dantza talde honetan, ez da lan erraza. Baina egin dugu, eta ziur hurrengoan hobeto egingo dugula.
Uda honetan gogorra izan da lagunak hondartzan utzi eta Arrate frontoiaren behekaldean sartzea. Oporretan egon eta astearte eta ostegunero entseguetara joan behar izatea. Gogorra izan da, baina gustora egin dugu. Eta egindako ahaleginak izan du bere fruitua. Aiton-amonek, aita-amek eta lagunek ezezik, hain hurbilekoak ez direnek ere zoriondu gintuztelako ostiralean. Entseguak nabaritu dira, alajaina. Eta guk geuk ere nabaritu dugu!
Gipuzkoa, Bizkaia, Baxe Nafarroa eta Nafarroa. Guztiak bisitatu genituen, Basterotik mugitu ere egin gabe. Irudimenari bidaiatzen utzi, eta dantza eta musika tradizionalaren laguntza paregabeaz, Arratia, Muxkilda eta Luzaide igaro ziren Basteroko agertoki gainetik. Mutilek Bizkaiko Ezpata-Dantza ikusgarria eta Otsagiko dantza indartsua eskaini zituzten, besteak beste. Neskek lan berezia egin genuen emanaldiari amaiera eman zion Irradaka dantzatu eta kantatzeko. 1987an Donostiako Argia dantza taldeak aurkeztu zuen lehenengoz Irradaka. Juan Antonio Urbeltz koreografo ezagunak Nafarroako hainbat txokotan bildutako kantu eta oroitzapenekin berreraikitako dantza-kanta.
Emanaldiaren hasieran nabarmendu genuen bezala, helduen taldearen ibilbidea hasi besterik ez du egin URKI dantza taldeak. Eta erronka polita dugu aurrez aurre: Bide hau luzaroan mantentzea. Izan ere, gaztetxoak gogor ari dira gure atzetik ate joka. Eta ostiraleko emanaldian Lesaka eta Iribasko ingurutxoa eskaini zituzten gurekin batera. Beraiek dira Urki dantza taldearen etorkizuna eta gu lanerako prest gaude, beraiek ere antzokiak eta plazak leporaino bete ditzaten.
Horretarako ezinbestekoa izango da, orain arte Urkiren bidelagun izan diren guztiak gure alboan jarraitzea. Ez naiz izen guztiak aipatzen hasiko, ziur baten bat ahaztuko zaidala, eta ez nuke horrelakorik nahi. Eskerrik asko den denei, eta zorionak bihotzez! Ostiralekoa, akatsak-akats –beti egoten da hobetzeko zer edo zer–, itzela izan baitzen!”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!