Postontzia: Primeran ikasten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 21a, 18:13

POSTONTZIA::: JUAN IGNAZIO IRULEGI GARMENDIA • ANDOAIN

Egunero zerbait ikasten dela eta ona! Zer ikasi nuen lehengo egun batean? Eguna, urriak 9, ostirala zen. Egun ona izan zela, arratsaldeko 7etan ohi bezala, kontentu eta umoretsu jaitsi ginen baserritik herrira. Egitekoak; erosketak, bisitak e.a. egin ondoren, lagun artean txango bat egitea erabaki genuen. Halaxe hasi genuen ohiko bira; Zeru taberna, Herriko, Itzala… Itzalatik batzuk aurretik eta besteak atzeagotik Txindokira gindoazela, hantxe, Andres Barberenak lehen ikaztegia zuen leku hartan, ni jaio nintzen etxe atarian, hain zuzen, non topatzen ditugun udaltzainen 4x4a geratuta eta gure lagun bat muturrez aurrera, lurraren kontra botata, udaltzain batek belaunarekin bizkar gainean estutzen, eskuburdinak jartzen ari zitzaizkiola.
Harridura, harridura izan zen lehenengo sentipena.
–Zer pasa da? Zer gertatzen ote? –nire galdera.
Bi udaltzain ziren. Botaren ondotik zuzentzen nion galdera lagunaren gainean zegoenari:
–Zer gertatzen da?
Bada, gertatu zitzaidana hauxe da: konturatzerako ni ere lurrean nintzela, eskuburdinak lotu eta Ertzainen kotxean Hernaniko basera eraman nindutela. Hernanin gertatua bertan utziko dugu, bakar-bakarrik esan, protesta franko egin nituela alfer-alferrik.
Hurrengo goizean, 8etarako bidali ninduten kalera “-lagunak hor dituzu” esaten zidatela. Lagunak? Bi ez ginen bada??? Kanpoan aurkitu nituen lagunak, bi ziren, eta nirekin hiru. Hiru! Hiru kolpe batez!!!
Aurreko ostiralean, urriak 2, hain zuzen, “Diario Vasco”ko Andoaingo kronikan, Olanok Udaltzaingo egoitza berriaren inaugurazioaz idaztean, udaltzainen langile sailaz ere hitz egiten du: “Gaur egun 17 agentek osatzen dute Andoaingo udaltzaingoaren langile saila. Hauetatik bi, talde arduradun dira, eta beste batek agente de primera-ko lanak betetzen ditu. Hauei beste hiru primerakoak, hauen artean bat subofizial lanekin eta administrari laguntzaile bat gehitzen zaizkie”.
Nik gauza bat ez nuen ondo ulertzen: zer esan nahi ote zuen primera-ko horrek? Besteak zer ziren bada, segundakoak? Edo onak bakarrik eta ez primerakoak?
Bada, hara! Lehengo egunean ulertu egin nuen zer ziren primerakoak.
Primerakoa da, bada… zeu harritzen zara, galdetzen duzu zer gertatzen den eta konturatu orduko, lurrera botatzen zaituena, belaun bat trinko birika gainean jartzen dizuna eta beste belaunarekin (edo, birikak libratu eta gero, belaun berarekin, berak daki) berna triskatzen dizuna, azkar eskuburdinez lotu eta kalabozora bidaltzen zaituena. Horixe da primerakoa. Ondo prestatua, ezustean harrapatuko ez dutena, gauzak azkar egiten dituena. Di-da batean hiru hi! Hiru! Abila mutila, abila!!! Ez dakit subofiziala izango zen, edo beste bat, baina zer ez ote du egingo ofizial de primera egiten dutenean?????
Gu mozkorrak joango ginen, ezagutzen dugu elkar, ez dut ezetz esango, baina ez pasata, nahiko normal. Oinezko kalean geunden etxean bezala. Gainera, gogoan eduki! Mozkor bat kontuz tratatu behar da eta ez primeran, min ematen duelako, amorrua ere bai eta batik-bat oroimen txarra uzten duelako.
Nik ez dut primeran jokatu nahi, ezta primerakoekin ere. Tranpatiak dira, gezurteroak, biolentoak, irabazi besterik ez dute buruan. Nik horrela ez dut jolastu nahi. Ni terzeran ondo nago. Oinezko kalean eta ordu txikietan ez dut primerako kotxerik nahi, arrisku direlako, mozkorrak kriminalak bezala tratatzen dituztelako.
Beno, hala ere, beste batean beste gauzaren bat ikasiko dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!