HELBURU NAGUSIA:
IBILBIDEAK EZAGUTARAZTEA
Buruntzaldeko landa inguruneak, eskura ditugun ibilbideetan barrena oinez joanda ezagutu litezke. Ibilbideok bultzatu eta herritarren artean ezagutarazteko, Andoain, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietako udalek igande honetarako, urriak 18, Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna antolatu dute.
Urnietako udalbatza aretoan pasa den urriaren 9an antolatzaileek burutu zuten ekimenaren bigarren edizioaren aurkezpen saioan, herritarrak parte hartzera gonbidatu zituzten, euren esanetan, ingurunea eta osasuna indartu behar direlako; ingurunea, belaze, baso edo baserriak ezagututa eta osasuna, oinez ibili eta beraz, kirola eginez. Proba ez da puntuagarria izango, lehiarik ez da izango beraz parte hartzaileen artean. Guztira ia 50 kilometroz osatutako ibilbide sarera ahalik eta herritar gehien erakartzea da antolatzaileen nahia. Eta modu horretan ibilbide hauen erabilera sustatzea.
PROBA AMAITUTA, BUS ZERBITZUA
Goizeko 9:00etan hasi eta 14:00ak arte luzatuko da ibilbideetan barrena osteratxoa egiteko antolatu den kirol ekimena. Udalerri bakoitzean kontrol gune bana egongo da; Urnieta eta Andoaingoak, herri bakoitzeko udaletxe azpietan kokatuko dituzte. Bertan, partaideek nahi adina argibide jaso eta jan edana eskuratzeko aukera izango dute. Kontrol gune hauek ibilbideak hasi edo bukatzeko tokiak ere izango dira.
Norberak aukera dezake nondik ibiltzen hasi, hamar ibilbide izango ditu eta aukeran. Partaide bakoitzak kontrol gune hauetako batean, txartel bat jasoko du, abiapuntuko zigiluarekin. Ibilbidean zehar galtzeko arriskurik ez dago, norabide, distantzi, gezi eta bestelakoez hornituriko informazio panelak aurkituko ditu eta oinezkoak. Seinaleen koloreak udalerrika desberdinak izango dira; hala nola, Usurbilen laranja kolorekoak, Urnietan berdeak, Lasarte-Orian urre zahar kolorekoak eta Andoainen urdin itxurakoak. Bi ibilbide egiten dituenak kamiseta bat jasoko du opari gisa. Andoain-Usurbil ibilbidea behin osatzen duenak bezala. Ibilbidea amaituta, etxera bueltatzeko autobus zerbitzua izango da.
IBILBIDE EGUNAREN XEHETASUNAK
Ordutegia: 9:00-14:00.
Hamar ibilbide:
•Urnieta-Andoain.
•Andoain-Urnieta.
•Urnieta-Lasarte-Oria.
•Lasarte-Oria-Urnieta.
•Lasarte-Oria-Andoain.
•Andoain-Usurbil.
•Usurbil-Andoain.
•Usurbil-Lasarte-Oria.
•Lasarte-Oria-Usurbil.
Informazio guneak:
• Andoain: Goikoplaza.
• Lasarte-Oria: San Pedro elizaren atzeko aldea.
• Urnieta: San Juan plaza.
• Usurbil: Santuenea, Zorrotzeko zubiaren parea.
Norbere herrira itzultzeko autobusak:
• Urnietatik (kioskoko geltokitik): 12:00,12:50,14:00.
• Andoaindik (Goikoplazako atzealdeatik): 12:10,13:00,13:50.
• Lasarte-Oriatik (Dorretxeko biribilgunetik): 12:20,13:10,14:00.
• Usurbildik (Udaletxe aurretik, Nagusia 22): 12:30,13:20,14:10.
Antolatzaileak:
• Buruntzaldeko udalak.
Laguntzaileak:
• Andatza Mendi Elkartea eta Euskalduna M.T.