Joxe Barberena, txirrindulari eskolako taldeburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 16a, 15:32

Jose Luis Barberenak ezustean jaso zuen Andoaingo Txirrindulari Eskolakoen omenaldia, eskola sortu zuten XXV.urteurreneko afarian. Emozio handiko unea izan zen, zalantzarik gabe.
Talde lanaren eredu da txirrindularitza eskola, baina entrenatzaileek eta txirrindulariek guztien gainetik Barberenaren papera nabarmentzen dute. Ezinbestekoa izan delako taldearen iraupenean.

Has gaitezen urteurreneko azken une horretatik, afarian jaso zenuen ezusteko handi hura gogoratuz.
Joxe Barberena. Bai, sorpresa handia izan zen. Itzela, ez nuen espero.Urteurrena ospatzeko afaria egin genuen Oianumen eta taldekideek plaka bat oparitu zidaten. Esan bezala, ez nuen espero eta ez nekien ezer. Emozio handiko unea izan zen. Talde bat sortu dugu azken 25 urteotan, diferentziarik ez dago. Beti gauza bera errepikatzen dut, talde honen lorpenen atzean gu guztion lana dago.

Mikrofonoa eskutan izanez gero, zer esango zenuke orduan?
J.B. Bi gauza esango nituzke: Lehenik eskerrona adieraziko nuke. Bestetik, ni artaldeko artzaina nintzela esan zuten. Halaxe da, eskola honetako artaldea ikaragarria da baina artzain zakur ugarirekin! Meritua denona da, talde izaera hasieratik egon da gure artean.

Aiurri astekarian argitara ematen ari garen iritzi bilketan, hainbat kidek eskola talde lanaren eredu dela diote.
J.B. Erabat ados nago. Aitor Amutxastegik dokumentala egin zuenean denei galdera berdina egiten zien, "eta ez al duzue oroitzapen txarrik gordetzen?". Eta ez du bat bera ere jaso. Ordea, hiru balore garrantzitsu aurkitzen zituen dokumentaleko protagonisten erantzunetan: Disziplina, batasuna eta giro ona.

Urte hauetan guztietan lan egiteko modu berdinari eutsi zaio orduan?
J.B. Bai, eta urteen poderioz asko hobetu dugu. Fruituak jaso ditugun bitartean gozatu dugu.

Urteurreneko ospakizunen inguruan zein da zuen balorazioa?
J.B. Gure ustean oso ondo joan da. Ollokira egindako bizikleta irteerarekin hasi ginen eta errepikatzeko gogoz geratu gara. Aurrerantzean Kilometroak ikastolen jaian bezperan egingo dugu irteera bera. Eskolako kideei, gurasoei eta andoaindar guztiei oro har zabalik izango den goiz pasa izango da.
Dokumentala oroitzapen oso polita da Eskolako kide izan diren eta oraindik hor gauden guztiontzat. Lan handia egin da. Mahai-inguruari buruz, gaur egun bildu daitekeen jenderik onena ekarri genuen. Kriteriuma zoragarri egin zuten txirrindulariek, oso giro ona izan zen haien guztien artean. Afaria urteurreneko ospakizunei amaiera emateko baliatu genuen eta, esan bezala, niretzat bereziki zirarragarria izan zen.
Profesional mailako txirrindulariak ekarri zenituzten, zaila izan al zen?
J.B. Urte asko dira txirrindularitzan, nik nere kasuan 34 urte! Azken 25 urteak Andoaingoan. Txirrindulari hauek guztiek ezagutzen gaituzte, haur zirenetik. Guk haiek ere bai, kategoria ezberdinetan ibili direnean oso harreman ona izan dugu. Eskolaren urteurrena iristean eskuzabal jokatu dute txirrindulariek. Haiek libre egotea da arazoa, zeren eta bestela gurekiko jarrera bikaina izan da.
Profesional mailako 25 txirrindulariekin egon gara harremanetan eta libre izanez gero, guztiak etortzeko prest zeuden.

Poza handia eman diozue Aritz Mujikari eta txirrindulari eskolako gazteei...
J.B. Erabat ados esan didazunarekin. Kriteriumean irizpide nagusia zegoen: Arriskurik gabeko proba egin nahi genuen, ahal dela ikuskizuna emanez. Txirrindularien arteko giroa oso ona izan zen, eta profesionalek Aritz Mujikarekiko izan zuten jarrera oso polita izan zen. Ilusio handia egiten du, gainera, etxekoak irabaztea.

Urte hauetan guztietan zer gogoratuko duzu, onerako eta txarrerako?
J.B. Asier Etxezarreta profesional izateko zorian izan zen. Ez zituen garaipen ikusgarriak lortu baina profesional mailara igarotzeko korrikalari bikaina izan zen.
Bestalde, bere egunean, Nazioarteko kros lasterketa egiteari uztea pena galanta izan zen. Hamairu edizioren ostean proba antolatzeari utzi genion. Egoskorkeri kontua izan zen, udaletxearen aldetik bereziki. Galera hura oso penagarria izan zen.

Bukatzeko, hasi al zarete denboraldi berria prestatzen?
J.B. Urriaren 29an entrenamenduekin hasiko gara, Arraten eta Allurralden. Hurrengo denboraldi osoko planifikazioa dagoeneko prest daukagu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!