Nicanor Rodriguez azken zorroztailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 15a, 20:04

Nicanor Rodriguez Cachaldora 1944ko azaroaren 7an jaio zen Galizian. Ourenseko Nogueira de Ramuin-go udala osatzen duten herrietako batean, Eiradela izenekoan. Berrogei urtetik gora daramatza zorroztaile lanetan Donostialdeako herri ugaritan. Erretiroaren ateetan da, eta hemendik gutxira lanbide hau ere, beste batzuk bezala, joandako denbora baten oroitzapena izango da.

Nondik datorkizu ofizioa?
Nicanor Rodriguez: Etxetik. Birraitonak, aitonak, osabak eta aita ere zorroztaileak izan ziren.

Non egin zuten lan zure arbasoek?
N.R.: Toki askotan ibili ziren gure aurrekoak, Kuban, Venezuelan, Amerikako Estatu Batuetan, Argentinan, Txilen. Batzuk Ameriketan gelditu ziren betirako, eta beste batzuk Galiziara itzuli ziren. Oraindik ere familiartekoak baditut Argentinan eta Txilen.

Aita ere izan zen Amerikan?
N.R.: Gure aita Kuban aritu zen lanean, familia osoa bizitu ginen han. Nik hamabi urte nituen hara joan ginenean, eta hiru urte egin genituen bertan. Fidel Castrok agintea hartu zuenean Galiziara itzuli ginen.

Nola gogoratzen duzu Fidel Castroren aurreko Kuba?
N.R.: Gure aitak La Habanan zuen dendan aritzen nintzen laguntzen, eta gero kalean ere lan egiten genuen. Orduko Kuba herrialde oso aberatsa zen. Hura perla bat zen.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
N.R.: Badira berrogei urtetik gora hona etorri nintzenetik.

Non bizi zara?
N.R.: Batean eta bestean ibili nintzen hasierako urteetan baina aspaldian Lasarten bizi naiz alokairuko etxebizitza batean.

Familiarekin batera?
N.R.:  Ez, emaztea eta semea Galizian bizi dira, han baserria dugu eta haiek ez dira inoiz hona bizitzera etorri. Hamabost egun inguru egiten ditut hemen eta egun batzuetarako etxera joaten naiz.

Zein herritan egiten duzu lan?
N.R.: Inguru hauetako herririk gehienak pasatzen ditut, Donostia, Hernani, Zarautz, Pasaia, Andoain... Hona, Urnietara, hilean behin etortzen naiz.

Inguru hauetako zorroztaile bakarra izango zara?
N.R.: Ijitoren bat edo errumaniarren bat noizbehinka agertzen da, berehala berriro desagertzeko. Ez dakite ondo zorrozten, baina kobratzeko orduan ez dira atzera gelditzen. Horiek egiten dutenari lapurreta deitzen zaio.

Galizia da beraz, zorroztaile gehienen jatorria?
N.R.: Bai baina jada oso gutxi geratzen dira. Lanbide hau galtzen joan da. Inork ez du nahi, kalean lan egitea oso gogorra delako.

Nongoak dira zorroztaile onenak?
N.R.: Ourensekoak, eta ez da ni hangoa naizelako, baizik guretzako belaunaldi batetik hurrengora pasatzen joan den ofizioa delako, umetatik etxean ikasitakoa.

Zaila al da langintza hau ikastea?
N.R.: Lana ondo egitea bai. Ondo zorroztetik gaizki zorroztera alde handia baitago. Altzairu bakoitzak tenple ezberdina izaten du eta ezagutu egin behar da, aho bakoitza behar bezala, erre gabe, zorrozteko.

Ze erreminta erabiltzen dituzu lanerako?
N.R.: Esmerila, leuntzeko makina, mailua, bihurkina, aliketak, tenazak...Esmerilarentzako  harriak Hernaniko Unesa enpresan erosten ditut. Orain kanpotik asko etortzen dira baina ezin dugu edozein harri erosi.  
 
Motoan ibiltzen zara batetik bestera, ez zara inoiz bizikletan ibili?
N.R.: Urte askotan! Aulkiari buelta eman eta pedalei alderantziz eraginez lan egiten genuen. Konplikatua dirudi baina ohitutakoan konturatu gabe egiten genuen. Garai bateko egurrezko gurpileko bizikletarekin ere ibilitakoa naiz.

Modu horretara lana bera baino neketsuagoa izango zen herritik herrira joatea?
N.R.: Bai horixe! Makina bat kilometro bizikletan egindakoa naiz. Hemendik Bilbora, Gasteizera eta baita Santanderreraino ere. Castro, Laredo, Noja... Udan hor ibiltzen bainintzen; turistak nora, ni hara.
Jendeak jarraitzen al du lana ematen, edo asko jaitsi da hau ere?
N.R.: Ez dago lehengo konturik. Asko jaitsi da.

Zergatik jaitsi da?
N.R.: Ez dagoelako horretarako dirurik. Eta gutxiago irabaztearekin konformatu beharra izaten dut.

Bizitzeko adinako soldata ateratzen duzu honekin?
N.R.:  Ondo bizitzeko adina ez, baina hemendik bizi gara behintzat.

Zenbat balio du labana bat zorrozteak?
N.R.: Izan liteke hiru euro edo bost euro. Nolakoa den eta ematen duen lanaren arabera kobratzen baitugu.

Zein dira zuen bezerorik ohikoenak?  
N.R.: Harakinak, arrain saltzaileak, ile-apaintzaileak, tabernariak...profesionalek eman izan didate lanik gehien eta orain ere hala da. Horiek ez dira edozer gauzarekin konformatzen, segituan konturatzen dira ondo zorroztua dagoen ala ez.

Zein da zorrozteko ekarri dizuten gauzen artean zailtasunik handienekoa?
N.R.: Ez nuke bat esango, baina gauza arraroak ekarri izan dizkidate, eta nik hasi aurretik ikusten dut ondo geratu litekeen edo ez, eta ikusten badut ez dela ondo geratuko ez naiz hasten zorrozten. Bestela, zorrozteko zailena guraizeak dira.

Nola du izena zuen musika instrumentuak?
N.R.: Pan txirula. Hau jotzen ere jakin egin behar da, entzun! (pare bat aldiz jotzen du). Orain batzuk ez dakite jotzen eta grabazioak erabiltzen dituzte.

Zuek txirula jotzen entzundakoan esan ohi da: “euria badator”.
N.R.: Umetatik ia egunero entzuten dudan zerbait da, agian batzuk gaizki jotzen zutelako.

Noiz arte jarraitzekotan zara?
N.R.: 65 urte bete arte. Azkenetan nabil, bezero batzuk esaten didate ez uzteko, baina utzi egingo dut. Atzetik norbaitek jarraitu nahi baldin badu bidea libre uzteko ordua iritsi zait. Aurrerantzean Galizian dugun baserriko baratzean ariko naiz lanean.

Semeak jarraituko al du azken belaunaldietan familiako ofizioa izan denarekin?
N.R.: Hark aspaldi hartu zuen erabakia. Kamioilari moduan egiten du lan.

Eta ikusten al duzu jarraitzeko prest dagoen gazteren bat?
N.R.: Ez, jada ofizio hau inork ez du nahi beretzat.

Bukatzeko zerbait esan nahi?
N.R.: Bai, euskal jendea beti oso ondo portatu dela nirekin, ez dudala sekula arazorik izan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!