Xoxokako eraikin berriaren inaugurazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 15a, 20:02

Sukaldean jan edana prestatzen ari ziren batzuk, egunari trikitixa doinuak jartzen besteak, jaietako ekitaldiak behar bezala ospatzeko lanean gainerakoak… Xoxokan auzolan girorik ez da falta, eta amaitu berri diren jaietan nabari zen.  Urriaren 10ean ofizialki inauguratu zuten garai bateko eskola zaharra, azken hilabeteotako berritze lanen ostean, auzotarren bilgunean bihurtu dena.

Irekiera ekitaldira Foru eta Urnietako Udalekoekin batera, Behemendi, edota Itsasmendikoiko ordezkariak hurbildu ziren. Eta noski, herritarrak, baina bereziki, aurrerantzean eraikin berriko erabiltzaile nagusi eta eragile lanetan jardungo duten auzotarrak noski.

AUZOLAN GIROA, ASPALDITIK
Egape dantza taldeko kideen emanaldiarekin hasi zen ekitaldia. Eta txalo zaparradaren ostean, ohi denez, adierazpenen txanda zetorren gero. Eraikin berriarekin abiatu nahi den egitasmoa ondoen definitzen duen kontzeptua, auzolana, behin baino gehiagotan aipatu zen. Historiari lotua baitago. Inaugurazio ekitaldian gogoratu zen auzolan giroa noiztik datorren erakusten duen erreferentzietako bat, 1925.urteko urtarrilean Xoxokako eskola zaharra eraikitzeko udal ordezkariak auzotarrekin bildu zirenean. Gogoan izan zituzten bertan lanean jardun zuten irakasleak; Angela Arrue edota Pepita Campos, 1974an eskola itxi zuten arte.
Auzotarren bultzada orduan bezala, gaur egun ere nabaria da, eraikin berria elkarlan zabal baten emaitza baita. Horregatik esker hitzak nagusitu ziren inaugurazio saioan. Auzotarrek eskerrak eman zizkieten auzoa berpizteko abian den egitasmo berria gauzatzen lagundu duten eta bertaratu ziren erakundeetako ordezkariei. Esker hitzak baita Mikel Izagirre alkatearen adierazpenen artean ere. Igaro den larunbata urnietarrentzat egun pozgarri gisa definitu zuen alkateak gaineratu zuenez, “lehen harria jarri dugu, edifizioa erakitzea. Orain auzokideen txanda da”.
Auzokideak hartu zituen ahotan baita Foru Aldundiko landa guneko zuzendari Juan Karlos Zuloagak, haiei zuzenduta adierazi baitzien, “zuen lana hau bizirik mantentzea da”. Erakundeek erakutsi izan ohi duten ahanztura ere hala izan dela onartu zuen. Bere esanetan, “Gipuzkoan hainbat herri handi ditugu, landa guneekin. Baina historikoki ez dira aintzakotzat hartu izan”.

AUZO ELKARTEAREN TXANDA ORAIN
Edari eta jaki ederrez betetako luntxarekin eta trikitilariek girotuta, amaitu zen inaugurazio ekitaldi jendetsua. Eskola zaharra iraganeko kontua da egun, nekazal eremuek bestelako beharrak dituzte. Xoxokako bilgune berria horren lekuko. Behin eraikina inauguratuta, auzotarrei biltzen hasi eta behar horiei aurre egiteko garaia heldu zaie. Zer egin erabakitzekoa, araudiak, ordutegiak edota egitasmoak zehaztekoa… Auzotarrek dute hitza orain.

 

Ainhoa Amundarain Berpiztu programako arduradunari elkarrizketa

Orain arte bezala, dinamizatzaile lanetan jarraituko du Behemendiko ordezkari Ainhoa Amundarainek. Urnietako aipatu landa inguruneko eta erakundeen arteko bitartekari izaten jarraituko du denboraldi batez, lekukoa behin betirako auzotarrei eman arte.
Inaugurazio ekitaldiarena, egun pozgarria eta berezia ezta?
Ainhoa Amundarain: Egun berezia ze azkenean lauzpabost hilabeteren ondoren, lanen jarraipena eginez astero ikusten da jada eraikina bukatua dagoela. Gainera nola gelditu den ikusita, pozik gaude. Jendeak oso ondo gelditu dela dio, eta gogotsu daude aurrerantzean hemen lan egiteko.

Oraindik eraikina ezagutzen ez duenak, zer aurkituko du bertan?
A.A.: Erabilera anitzeko lokal bat izango da. Komuna, sukalde txiki bat, eta ordenagailu gela bat ditu. Gero goiko ganbara, auzo elkartearentzat bulego txiki bat izateko lekuarekin. Eta behean erabilera anitzeko gela handi bat. Ludoteka moduan erabili liteke, hitzaldiak eskaintzeko, edo ikastaroak antolatzeko.

Eraikina zabalduta, hurrengo urratsa zer egin erabakitzea izango da?
A.A.: Bai. Jada bildu beharko dugu auzo elkartekoekin eta udaletxekoekin, lokal hau nola kudeatu erabakitzeko. Araudia eta ordutegiak zehaztu beharko dira, azkenean, jende askok erabiliko duelako. Auzoko jendeari eta Urnietako beste nekazal guneetako jendeari bertan biltzeko aukera eman nahi zaie.

Behin eta berriz aipatu den auzolanari jarraipena eman behar beraz?
A.A.: Erakundeok lagunduko dugu, baina orain auzotarrek inplikatu behar dute benetan. Lana beraiek ere egin behar dute, lokala erabili eta ekintzak antolatzeko. Azkenean, honen helburua auzotar guztiek biltoki bat izatea da, haurrek, gazteek, helduek harremanak izateko.
Orain arte, festetan ikusten ziren urtean behin eta askoz gehiago ez. Galtzen ari ziren harreman hori. Helburua harreman horiek berreskuratzea da.

Auzo giroa berpiztea?
A.A.: Bai eta horretarako auzotarrek argi dute auzolanean egin beharko direla gauza gehienak edo guztiak.
Zuek duzuen informazioaren arabera, Xoxokakoa bezalako landa inguruneak berpizten ari dira?
A.A.: Bai. Duela hiruzpalau urte hasi ginen lantzen hemengo egitasmo bera Donostialdeko beste zenbait auzuneetan. Eskola txikia duten Aginaga, Igeldo, Zubieta eta Ereñozun. Eskola txikiak zituzten, leku bat egoteko, auzotarrak biltzeko eta gauzak egiteko. Ikusi genuen, eskola txikiak dituzten auzoez gain, bazirela beste auzo batzuk eskolarik ez zutenak, baina badutela halako aktibitate maila bat. Geroz eta gehiago ari gara lanean. Gipuzkoako beste zonalde batzuetan ere, gauza bera. Donostialdean herri handiak ditugu, baina auzo handi samar eta sakabanatuekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!