Igandean jokatu zen herritarren artean ikusmin handia sortua zuen apustu bitxia. Alde batetik, 300 sokasalto egin behar zituen 60 urteko Daniel Sasiain “Txinparta”, eta bestetik, kizkiarekin 300 sagar bildu behar zituen 15 urteko Aritz Lizaso “Latxe” izan ziren aurrez-aurre.
Euritsua etorri zen igandea. Arratsaldeko bostak arte ia aterrunerik gabea. Baina atertzearekin batera nonahitik jendea hurbiltzen hasi zen. Eta apustua bostak eta hogei aldean hasi zenerako 500bat inguru ikusle baziren Xoxokako plazan.
Zozketa egin ondoren Txinpartari egokitu zitzaion lehenengo plazaratzea. Txekor-soka eskuetan zuela Xoxokako plazako kioskora igo eta berehala hasi zen lanean. Eta berehalako batean bukatu zuen lana. Minutu eta erdi zeramala jaso zuen gelditzeko agindua. Horren azkar bukatu izanak harridura sortu zuen ikusle askorengan, eta gerora jakin izan da harridura horren arrazoia. Hainbat grabazioei esker kontaketa egin dutenen hitzetan, Txinpartak egindako saltoak 244 inguru izan ziren, eta ez hitzartutako 300ak. Aiurri.com web gunean daude apustuaren bi bideo, eta horietako batek edonork apustua osorik ikusi eta saltoak kontatzeko aukera ematen du.
Ondoren plazaratu zen Latxek, bi minutu eta bost segundo behar izan zituen lana burutzeko. Ari zen erritmoan jarraituta, ziurrenik Txinpartak irabaziko zuen apustua, baina askoz tarte txikiagoarekin. Apustuan zehar hainbat akats izan zela garbi geratu zen. Besteak beste, sokasaltoak kontatzeko sistema ez zen egokia izan, eta gainera pertsona bakarra aritu zen lan horretan; sagarrak ez ziren kontatu apustua hasi aurretik eta lanean ari zela alde egiteko moduan jarri zituzten...
Bukaeran, ikusleen txalo artean Danielek txapela jantzi zuen eta biek lore sorta bana jaso zuten. Elkarrekin egingo duten lagunarteko afarian erabakiko dituzte hemendik aurrerakoak.