Odol emaileen bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 15a, 20:00

Urriaren 18an egingo du Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko zati den Oria Beheko ordezkaritzak urteroko elkarretaratzea. Aurtengoan bilkura honen antolatzailea Urnietako odol emaileen elkartea da.

Ekitaldi ugari antolatu dira, 11:00etan Urnietako Mikel Deunaren parrokian egingo den mezarekin hasiko da bilkura. Honetan nahi duten kideek parte hartu dezakete. Eguerdian, berriz, ordezkaritzako herri guztietako kideei ongi etorria egingo zaie San Juan plazan. Ostean, guztiak Lekaio Kultur etxera abiatuko dira. Bertan, 25, 40, 50 eta 100 aldiz odola eman duten odol emaileei intsignia eta diplomak banatuko zaizkie. Eta batzarra era paregabean bukatzeko, guztiek bazkariaz gozatzeko aukera izango dute Urnietako pilotalekuan.
Gizakiak odola behar du bizitzeko. Baina hain beharrezkoa den likidoa ez da ezerezetik sortzen. Gaixorik gaudenean odola jasotzeko, lehenengo eman egin behar da. Hori da Javier Bergara (61 urte), Joxe Mari Sorron (59 urte) eta Manuel Maioz (52 urte) urnietarrek aspalditik egiten dutena. Odol-emaileak dira, eta ez edonolakoak, Javierrek 25, Joxe Marik 50 eta Manuelek 100 emanaldiak gaindituak baitituzte.

Noiztik zara odol emailea?
Javier Bergara: 1965. urtetik.
Joxe Mari Sorron: 1976. urtean hasi nintzen.
Manuel Maioz: Hogei bat urte nituenetik.

Zerk bultzatu zintuen odol-emaile izatera?
J.B.: Izeba gaixo zegoen eta hari egin behar zioten ebakuntza baterako odola emateko eskaera egin ziguten. Hemezortzi urte nituen.
J.M.S.: Lantokian odol emaile pare bat bazeuden eta haiek animatu ninduten. Gainera, garai hartan sudurretik odola galtzen nuen eta horretarako ona izango zela esan zidaten eta arrazoi zuten, orduz geroztik nire arazoa konpondu baitzen.
M.M.: Egurrarekin lan egiten nuen eta zerra zirkular batekin behatz punta bat ukitu nuen. Nahiz eta zauria arina izan, odolaren premiaz jabetu nintzen eta behin kezka hori sortuta ematen hasi nintzen.

Zure familian beste odol emailerik ba al dago?
J.B.: Semea ibili zen ematen, eta emaztea ere bai, baina emazteak anemiarekin arazoak izaten zituen eta utzi egin zuen.
J.M.S.: Bai, orain hasi berri da seme bat.
M.M.: Familian ez, lagun batzuk bai.
 
Zer maiztasunekin ematen duzu odola azken bolada honetan?
J.B.: Urtean bi aldiz, udaberrian eta udazkenean, hostoa ateratzen denean eta erortzen denean. Odola emateari esker katarro gutxiago harrapatzen da eta osasunarentzako mesedegarria da.
J.M.S.: Orain normalean urtean hiru alditan.
M.M.: Hasieran urtean bitan ematen nuen. Azken bolada honetan urtean lau aldiz emanez nabil. Arazoren bat sortzen baldin bada laga egin beharko dut, baina osasunez ondo nabilen arte ematen jarraituko dut.

Zer esango zenieke herritarrei?
J.B.: Animatzeko odola ematera, odola emateak ez duela inongo arriskurik, eta gainera odola atera aurretik begiratzen dute emateko moduan dagoen ala ez. Edozein ebakuntzetarako odola beharrezkoa da.
J.M.S.: Oso lan erraza dela odola ematea. Ez duela inongo ondorio txarrik. Gainera geroz eta istripu eta ebakuntza gehiago izaten da eta ondorioz odol gehiago behar da.
M.M.: Batez ere gazteei esango nieke animatzeko odola ematera. Gaztetan ez da pentsatzen odola beharrezkoa izango denik, baina behar hori gertuan ikustean konturatzen gara edozein istripu, edozein ebakuntza, denok egon gintezkeela beharrean.

Omenaldiarekin pozik?
J.B.: Bai egun polita izango da.
J.M.S.: Bai, horrelako jaiak animatu eta bultzatu egiten du ematen segitzera.
M.M.: Bai, oso pozik.
 
ODOL EMATEA
Odola ematera joaten den jendea, itxaron gela batean egoten da medikuak deitu arte. Banan bana gelan sartu eta  medikuak zenbait galdera burutzen dizkio odol emaileari, gaixotasunen gainean, besteak beste. Ondoren, odol tanta bat ateratzen dio, odolak zer nolako loditasuna duen ikusteko. Proba horrek adierazten du odola emateko moduan dagoen ala ez. Dena ondo egon ezkero, erizain batek kamilla batera eraman eta bertan, bost – hamar minutuz gehienez jota, ateratzen du odola. Batera, ondoko kamilletan beste bi edo hiru odol emaile egoten dira. Odola ateratzea ez da batere mingarria, hasierako ziztada apur bat sentitzen da; osterantzean, ezer ere ez. Behin odola aterata, indarberritzeko ogitarteko bat jan eta zerbait edateko aukera izaten da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!