Krisiari aurre egiteko dekalogoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 15a, 19:58

ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek krisiaren aurka borrokatzeko premiazko hamar neurriz osatutako dekalogoa sinatu berri dute.

Urriaren 13an Hernaniko kultur etxean burutu zen prentsaurrekoan aurkeztu zuten. Jakinarazi zutenez, sindikatuon helburua justizia sozialean, berdintasunean, aberastasun eta lan produktibo zein erreproduktiboaren banaketan oinarritutako eredu ekonomiko eta sozial desberdin baten aldeko apustua egiten dute. Indarrean dauden politikak aldatzeko eraldaketa sakona aldarrikatzen dute. Erakunde publikoei, Gasteiz zein Iruñeako gobernuei eta Foru Aldundiei epe laburrean hainbat neurri hartzera ere deitzen dituzte. Guztia, dekalogoa sinatu duten sei sindikatuek gogorarazten dutenez, igaro den maiatzaren 21eko greba egunaz geroztik krisiaren ondorioak larriagotu direnean. Era berean, elkarrizketa sozialarekin patronalari eta administrazio publikoei herritarrak gehiago ez nahastea galdegiten diete, “kapitalaren neurrira eginda baitago”.

BATZARRALDIAK ETA SINADURA BILKETA
Dekalogoa sinatu duten sei sindikatuek ordezkaritza duten enpresatan batzarrak burutuko dituzte datozen asteotan. Horrekin batera, sinadura bilketari ekingo diote. Guztia, Hernanin prentsaurrekoan aurkeztu zen dekalogoa gizarteratu eta babesa jasotzeko. Oraindik datak zehaztu gabe egon arren, udazken honetan bi elkarretaratze ere deituko dituztela iragarri zuten.
Urte amaierara arte luzatuko da Hego Euskal Herri mailako kanpaina hau. Bildutako sinadurak eta dekalogoa bera, Gasteizko eta Iruñeako legebiltzarretan aurkeztuko dituzte.

HAMAR NEURRIAK
Hona hemen, dekalogoan onartutako hamar neurriak, laburbildurik:
1-Espedienterik ez onartu, enpresak aldi baterako enplegua finko bihurtzera behartu, azpikontratazioa mugatu, pribatizaziorik ez, langileen osasuna eta bizia babestu.
2-Lan baldintzetan diskriminazioa ezabatu.
3-Prestazio sozialak ugaldu.
4-Zerga politika bidezkoa eta progresiboa, aberastasuna justuki banatu dadin.
5-Osasun eta hezkuntzaren gastu publikoa igo.
6-Eskubideok legez onartu: menpekotasun egoerei kalitateko zerbitzu publiko baten bidez erantzun, sare publikoan 0-3 urte artekoentzat eskatutako plaza guztiak eskaini, alokairu sozialeko etxebizitzak benetan eskuragarriak izatea, etxebizitza hutsengatik zerga-zigorra ezartzea.
7-Sektore publikoa bultzatzea, eta garapen ekonomiko eta sozialaren eragile bihurtu.
8-Askatasun sindikala bermatu.
9-Politika ekonomiko eta sozialen diseinuan parte hartze soziala sustatu.
10-Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bultzatu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!