Euskara ikasteko edota hobetzeko aukera ederra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 15a, 19:57

Extremadura Kalean dago Andoaingo AEK euskaltegia. Irailaren 25ean bukatu zen matrikulatzeko epea, eta bertako irakasle den Agurtzane Sarasolak eman ditu datuak eta gainerako azalpenak.



Zer eskaintzen duzue euskaltegian?
Agurtzane Sarasola. Maila guztietako ikastaroak eskaintzen dira, hau da, behe, ertain eta goi urratsetakoak. Horiez gain, bestelako ikastaro bereziak ere eskaintzen ditugu: EGA, alfabatatze nahiz hizkuntza eskakizunetarako ikastaroak eta HABEren 1. maila eta 2. maila egiaztatzeko ikastaroak. Azkenik, autoikaskuntzako ikastaroa ere badaukagu, nork bere ordutegia jartzeko aukera emanez tutoritza baten pean.

Azaldu ditzakezu HABEren 1 eta 2. maila egiaztatzeko ikastaroak?
A.S. Azken urtetan sortu ditu HABEk maila horiek, batez ere urteen eskarmentuak adierazten digulako jende asko bidean geratzen dela EGAra iritsi ezinik. Frustrazioak sortu eta euskalduntze prozesua etetera iristen ziren asko. Bi maila horiekin hutsune hori bete nahi dugu. Administrazio publikoan maila horiek ari dira eskatzen gaur egun, eta arrakastatsuak dira euskaltegietan. 1. maila gainditzeak, adibidez, esan nahi du baduzula ulermen orokorra, badakizula elkarrizketa errazak eramaten eta bazarela idazkeran eskaera ofizial bat batetzeko lain.

Nola joan da matrikulazioa?
A.S. 87 ikasle matrikulatu dira oraingoaz. Berez irailean animatzen zen matriluazioa, baina oraindik jendea hartzeko presta gaude. Izan ere, lehen bi matrikulazio egiten ziren irailean eta urtarrilean; gaur egun, berriz, nahiko jarraia da. Jendeak ordu gutxi dauzka libre egunean zehar, eta hori ulertzekoa da daramagun bizimodua ikusita: leku  guztietara iritsi nahi dugu (haurren zainketa, ikastaroak, lagunarteko konpromisuak...) eta beti ezinean gabiltza.
HABEk gutxienez 8 ikasleeko ratioa jartzen du taldeak osatu ahal izateko. Ahal diren erraztasunik handienak jarri ditugu, gurasoen eta dendarien ordutegia kontuan hartuz., e.a., eta azkenean 87 ikaslek sartu ahal izan dira talderen batean edo bestean. Gehiagok azaldu digute ikasteko asmoa, baina azkenean beren interesak ez dira bateragarriak gertatu taldeak osatzerako garaian.

Zenbat ordaindu behar du ikasle batek AEKn?
A.S. 518 eurokoa da talde arrunt bateko ikaslearen matrikula, astean 10 ordu egiten dituen batena alegia. Andoaingo udalak diru laguntzak (matrikularen erdia) ematen dizkie ikasleei, baina bi baldintza jartzen dizkie: %85eko asistentzia klaseetara eta ikasturtea aprobetxatzea. Irakasleon esku dago neurtzea bi baldintza horiek eta zintzo jokatzen dugu horretan.
Autoikaskuntzakoek ez dute diru laguntzarik jasoko, baina udalarekin adostu dugu matrikula arrunta kobratzea. Kontuan izan ikasketa pertsonalizatua dela eta horrek asko igotzen duela kostua teorian.

Urte asko daramazu euskararen irakaskuntzan Andoainen. Ikaslearen profila aldatzen joan da?
A.S. Etxeko edo kaleko giroan integratzeko eta ikasten zen lehen gehienbat. Orain lanalortzeko titulazioa lortu beharrak bultzatzen du ikasle izatera. Hala ere, etorkinekin gauza kuriosoa gertatzen ari da: diruz eskas badabiltza ere, Euskal Herrian bizi direla sentitzeko etortzen ari zaizkigu asko.

Andoainen helduak euskalduntzeko asmorik azaltzen dute benetan?
A.S. Kezkaz beterik ikusten ditut Andoainek euskalduntzearen arloan erakusten dizkigun datuak aspaldiko urtetan. Ez da normala 13.000 biztanle dituen herri batean, erdia-edo erdaldunak izanik, 87 ikasle besterik ez edukitzea Egia da fisokiko urrun geratzen dela gure euskaltegia, bainba hala ere ez dut ikastearen aldeko girorik sumatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!