Aiztondo mankomunitateak 20 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 19:06

1989 urtean hasita, aurten 20 urte bete ditu Aiztondo mankomunitateak sortu zenetik. Ongizate gaiak nahiz aisia elkarlanean bideratzeko sortu zen Aiztondo mankomunitatea duela 20 urte. Egun mankomunitatea osatzen duten Udaletako ordezkariek, –Zizurkilgo Marianjeles Lazkano alkateak, Larraulgo Adela Mendiola zinegotziak, Adunako Miren Aburuza zinegotziak eta Alkizako Koldo Jauregi zinegotziak–, urte horietan guztietan egindako bidearen eta jasotako emaitzen berri azaldu dute.

Zein helbururekin sortu zen mankomunitatea?
Marianjeles: 1989 urtean lanean hasi eta 1990ean osatu zen Aiztondo asoziazio edo elkartea. Gerora, 2000. urtean elkartetik mankomunitate izatera igaro zen. Hasierako urteetan Alkiza, Aduna, Zizurkil eta Asteasuk osatzen zuten elkartea eta mankomunitate bihurtu zenean, kanpoan geratu zen Asteasu.
Ongizateko zerbitzuak mankomunatuta ematearen ideia, inguruko herrietan zerbitzu bera ematen bagenuen, baldintza berdinetan ematetik sortu zen. Era berean, beste arrazoietako bat, herri txikiak izanda, Foru Aldundian edo Eusko Jaurlaritzan diru-laguntzak eskatzeko aukera hobea genuelako; izan ere, gure arazoak mahai gainean jartzeko indar edo pisu handiagoa baikenuen guztiok batera joanda.
Gipuzkoan, behinik behin, lehenengoak izan ginen herri ezberdinak biltzen eta Aiztondo lan egiteko eran nahiz esperientzia modura eredu izan da.
Hasi ginenetik gaur egunera asko aldatu dira garaiak eta baita lan egiteko modua ere. Hasiera hartan, herri bakoitzak bere arauak zituen eta denak bateratzea nahiz geure ordenantzak egitea oso lan garrantzitsua izan zen.

Abiatu zinetenean, behar berak al zituzten herri guztiek?
Ma.: Herri bakoitzean hainbat behar identifikatuta zegoen eta herri bakoitzak zituen berezitasunekin hasi ginen. Zizurkil handixeagoa izateak, zerbitzu batzuk berak bakarrik ematea bultzatu zuen, nahiz eta mankomunitatetik bideratu eta irizpide bateratuak izan. Egun ere, herri bakoitzak bere beharrak dituen arren, herri guztietan ematen diren zerbitzuak ere eskaintzen dira: etxez etxeko zerbitzua, telealarma, larrialdietako beharrei aurre egitea…

Zein  estimatzen da gehien?
Ma.: Etxez etxeko laguntza erabiltzen da gehien. Bere garaian kosta egin zen zerbitzu horiek txertatzea; baserri giroko herri txikiak izanik, hasieran ez zen erraza izan jendearengana iristea. Herritarrek zerbitzu horiek normaltzat har zitzaten lortzea kosta egin zitzaigun. Ondorioz, oso garrantzitsua izan zen informazioa zabaldu eta herritarrei egokitzen zitzaien eskubidea zela ondo adieraztea. Urteen poderioz, jendea errazago gerturatu da eta egoitza leku batean kokatuta egoteak ere bidea erraztu egin duela uste dugu. Gure ondorenean sortu diren beste mankomunitateak ikusita, aurreraxeago gaudela esan dezakegu. Inguru honetan baditugu mankomunitatearen lanaren ondorioz atera diren bestelako zerbitzuak ere: pisu tutelatuak, eguneko zentroa…
Adela: Beharren arabera eskatzen du jendeak zerbitzua. Kasuan kasu aztertu egiten dira behar horiek. Batzuetan laguntza pertsonala izaten da, bakoitzak behar ezberdinak baititu. Azken urte hauetan aldaketa handiak izan dira. Lehen baserri bakoitzean jende asko bizi zen eta egun, hainbat baserritan oso jende gutxi bizi da. Baserrietan bizi direnen beharrak maiz ez dira kalean bizi direnen beharren berdinak.
Miren: Kasu batzuetan, ondorengoak eduki arren, kanpoan lan egiten dutenez, ordu batzuetarako behinik behin laguntza behar izaten dute.
Ma.: Normalean bi orduko zerbitzua izaten da eta bi eratako laguntza eskaintzen da: Batetik pertsonala, ohetik jaikitzeko arazoak izan ditzakeena jaiki, garbitu, lagundu… Bestetik, etxeko garbiketez gain, erosketak egin edo medikutara laguntzeko zerbitzua. Zerbitzu horiek jende helduari zuzentzen zaizkio batik bat.

Etxez etxeko zerbitzuaz gain, zein bestelako ekintza burutzen da mankomunitateak bideratuta?
A.: Besteak beste, haur, gazte nahiz helduentzako ekintzak antolatzen dira. Horretarako dinamizatzaile bat dugu.
Mi.: Pertsona horrek liburutegi zerbitzua ere bideratzen du. Udalak bakarrik eskaini ezingo genukeen zerbitzua elkarlanean ematen dugu mankomunitatearen bidez. Ildo berean, ikastaroak eta txangoak ere antolatzen dira, baita udalekuak ere. Ekintza asko antolatzen da eskualde guztiari begira.
Ma.: Urte askotako lanaren ondorioz, ondo txertatutako ekintza asko dago. Esaterako, Aiztondoko jubilatuen irteerak oso jendetsuak izaten dira. Aiztondoko pilota topaketak ere indar handia du…

Funtzionamenduari begira, teknikarien lana legoke batetik, udaletxe mailako koordinazioa bestetik. Nola antolatzen zarete?
A.: Guztira bost langile aritzen dira lanean: dinamizatzailea, bi gizarte laguntzaile, idazkaria eta ekintzak aurrera eramateko laguntzailea.
Ma.: Udaletxe mailan, hilero edo hilabete eta erdiro egiten ditugu bilerak. Guztion artean adosten ditugu erabakiak, ez da arazo handirik izaten. Aurrez, Larrauldik Adela izan zen lehendakaria eta Zizurkildik niri egokitu zitzaidan. Orain, Alkizatik Koldori dagokio paper hori betetzea eta aurrera begira, Adunari ere egokituko zaio lehendakaritza. Ez daukagu ardura aldaketa hori egiteko eperik zehaztuta, urteak aurrera joan ahala, tarteka egiten dugu aldaketa.
A.: Lehendakaria denari lan gehixeago egokitzen zaio, baina ardura ez da handiagoa; erabakiak batzordeetan hartzen baititugu.
Ma.: Foru Aldundia ezinduen kasuez arduratzen da eta, Udalek, ezintasunik ez duten pertsonen egoerei aurre egin behar izaten diogu. Krisi egoerak areagotuta, eskaerak handiagoak dira azken urteetan. Mankomunitateak 717.000 euroko aurrekontua dauka eta udaletxeok ere esfortzu handia egiten dugu, kontziente baikara behar hau areagotu egingo dela.
A.: Herri txikietan nahiko ondo moldatzen gara, baina zenbat eta herri handiagoa izan arazo gehiago izaten da.
Ma:  Oro har, ondo moldatzen gara, ez dugu jende gehiegirik laguntzen zain izaten. Egia esan, oso gogorra egiten da inor zain uztea, badakigulako eskatzera etortzen den jendea oso beharrean etortzen dela. Aurrerantzean ere saiatuko gara denei erantzuten.

Hogei urte hauetan egindako lanaren emaitza modura zein onura nagusi azpimarratuko zenukete herriz herri?
Koldo: Alkizan gizarte etxea obretan hasiko da epe laburrean. Bertan, besteak beste, hirugarren adineko pertsonentzako lekua egokituko da.
A.: Larraul herri txikia izanik, oso zaila litzateke une honetan eskaintzen diren zerbitzuak bakarka ematea. Oso garrantzitsua da gizarte laguntzaileari edozein unetan deitzeko aukera izatea. Hasiera batean zailagoa zen etxez etxeko zerbitzua onartzea eta egun oso maiz erabiltzen da. Aurrera begira behar berriak sortuko direnez, bestelako zerbitzuak eskaini beharko dira. Agian hemendik denbora batera zaharrentzako egoitza beharko da Larraulen ere.
Ma: Eguneroko zerbitzuetatik kanpo, azken urteotan etxebizitza tutelatuak azpimarratuko nituzke Zizurkilen. Zahar etxeak ez diren bestelako aukerak baditugu, bakarrik bizi eta ezintasunik ez duten adinekoentzat. Egun bost pertsona bizi dira etxebizitza tutelatuan: laguntzera etortzen zaizkie eta oso zerbitzu ona da. Euren etxean bezala sentitzen dira etxe horietan bizitu direnak.
Mi.: Gizarte larrialditako laguntzetan hainbesteko eskaerarik ez zegoen bolada izan zen Adunan. Krisi garaian lehen baino eskaera gehiago dagoela nabari da. Etxez etxeko laguntza jendeak asko eskertzen duela uste dut eta herritarrek ezintasunen bat izan dutenean oso ondo etorri dela esango nuke. Ume eta gaztetxoei zuzentzen zaizkien eskaintzek harrera beroa izaten dute eta liburutegia ere jende askok erabiltzen dut. Era berean, ikastaro eta bereziki irteeretan jende askok hartzen du parte. Adunan, une honetan, mankomunitateko zerbitzua ume eta gazte jendeak helduek baino gehiago erabiltzen dutela iruditzen zait; beharra izan dutenean, helduek ere erabili izan badute ere.

Laurak bat etorri dira irakurketa positiboa egiten dutela eta etorkizunean ere sortzen diren beharrei erantzuten saiatuko direla esaterakoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!