Kaleetako argiteriaren kutsadura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 18:50

Juan Antonio Alduntzin (Andoain, 1966) Aranzadiko astronomia saileko zuzendaria izan da urtetan eta kale argiteria kritikatzeagatik egin da ezagun Andoainen.
Adibideak, irudietan:
Andoaingo kale argiteri ez kutsatzailea

Andoaingo kale argiteri kutsatzailea
(Egileak: Juan Antonio Alduntzin eta Aiurri).

Zein zeregin daukazue Aranzadiko astronomia sailean?
Saila atmosfera kontenplatu eta aztertzen dugun lagunek osatzen dugu. Jendeari zerua eta bere elementuak ezagutaraztea da gure helburua, eta hitzaldiak, ikastaroak, mendi ateraldiak…, antolatzen ditugu horretarako.

Nola zaletu zinen zu astronomiara?
Txiki-txikitatik, liburuetan eta ikusten nuena gero zuzenean esperimentzatzeko aukera izaten nuen. Orain 25 bat urte Andoaingo edozein baserri ingurura jo eta zerua garbi-garbi ikus zitekeen. Gaur egungo haurrek informazioa gainezka daukate (Kutxaespazioa, internet…) baina galdua daukate zerua den bezala zuzenean kontenplatzeko aukera, argi kutsadura dela eta. Pirineotara joan beharra daukazu lehen ia etxetik bertatik ikusi zenezakeena ikusteko. Alde horretatik, iruditzen zait pribilegiatu bat izan naizela; orain ez nintzateke horren erraz zaletuko astronomiara.  

Defini dezakezu argi-kutsadura?
Argiteri publiko edo pribatuak gauean eragiten duen gehiegizko argi artifizialak eragiten duena da. Lurrera ez ezik ingurura eta zerura proiektatzen den argi horrek behar ez lituzkeen eremuak inbaditzen ditu, eta soberan dagoen argi-kutsadura eragiten du ondorioz.

Kutsadura eragin arren, kale argiteria beharrezkoa dela esango dizute askok…
Argi kutsaduraren aurka estatu mailan lan egiten duen Cel Fosc elkarteko kidea naiz, eta hor inoiz ez da esan kale argiteria kendu behar denik. Eskatzen dena argia modu arrazionalean jartzea da. Kutsadura pittin bat beti izango da, baina ezin dena inondik ere onartu, XX. mendearen azken urteetatik hona modan jarri dena da: estetikagatik edo segurtasunaren okerreko kontzeptuagatik kalean argia kontrolik gabe jartzea, alegia.

Kutsadurak ingurugiroan, gizakiarengan… , eragina duela diozu…
Gaur egun edozein basotan argia neurtzeko aparailu bat jarri eta naturala ez den argia markatzen dizu. Frogatuta dago ekosistemari kalte egiten diola argi horrek. Hegaztiei, animaliei, landaretzari… Gizakiok ere ez gara libratzen, hirigunetan bizitzeak bere ordaina baitauka. Andoainen adibidez, zenbaitek lo egiteko pertsiana nahitaez jaitsi behar izaten du. Zientifikoki frogatuta dago buruko glandulak sortzen duen hormona batek, 24 orduko zikloak erregulatzen dituela; bada, ikerketek diote behar baino argi gehiagorekin lo egiteak hormona hau nahastu egiten dutela.

Eragin kaltegarri  horiek guztiak sinisten ez dituenentzat argudio ekonomikoa darabilzue…
Horiei akaso kezka gehiago eragingo die xahupen energetikoak. Argia atmosferara emititzen duen farola bakoitzak alferrik xahutzen du energiaren erdia. 2006an Aranzadin ikerketa egin genuen, Gipuzkoako zenbait udalerrien (Tolosa, Legazpi, Ibarra…) kale argiteria adibidetzat hartuta. Ondorioak adierazten zuten kontsumoaren %40-45 xahutzen zela. Premiazkoa ez den milaka eta milaka euroko faktura guztien artean ordaindu behar izaten dugu, Iberdrolaren mesederako.

Dirua aurreztu litekeela esanez errezago lortuko al da kontzientziatzea?
Politikoek Kiotoko protokoloa aldarrikatzen dute baina gero argiteriarekin horrela jokatzen dute, ezjakintasuna edo ajolagabekeriagatik. Andoaingo Udalak 2006an kaleko argia modu arrazionalean erabiltzeko arautegia onartu zuen; aitzindaria da inguruko herrietan. Hala ere, orain herrian burutzen ari diren zenbait obretan ez da betetzen arautegi horrek dioena; egia da argia atmosfera emititzen ez duten diseinu berriko farolak jartzen ari direla, baina farola horiek behar baino askoz ere potentzia handiagokoak jartzen ari dira; PlanE-ren barruan dagoen Mimendi kaleko eraikuntzan, adibidez.

Eta 2006 baino lehenagotik oker jarrita dagoen argiteriarekin zer egin liteke?
Arautegiak berak dio guztia pixkanaka aldatzen joan beharko da. Aranzadik gomendioak luzatu zituenean, Udalen erantzuna izan zen garestiegia aterako litzatekeela argi kutsatzailea aldatzea. Baina frogatuta dago erreformak ondo eginez gero, 5-10 urtetan amortizatzen duzula egindako inbertsioa.

Nola ikusten duzu urtean bitan egin ohi den ordu aldaketa?
Oso gutxi da aurrezten dena, eta arrazoi dute auzitan jartzen dutenek. Hala ere, nik uste erosotasunagatik mantetzen dela. Denok nahi izaten baitugu udan eguna gehiago luzatzea eta neguan lehenago argitzea.

KRITIKA, DATUAK ESKUETAN
Jokaera eredugarria erakutsi du Andoaingo herritar gisa Juan Antonio Alduntzinek azken urtetan. Kale argiteria aztertu du zehatz-mehatz eta hainbat idatzi aurkeztu izan du Udalean nahiz prentsan. Ekimen nekaezin horri zor zaio, besteak beste,  Andoaingo Udalak 2006an arautegi aurrerakoi bat onartu izana.
Goiko Plazan eskailera mekanikoa jarri zenean, adibidez, hango 140 fluoreszente egunez alferrik piztuta zeudela kontuan hartuta, urtean 2.545 euro xahutzen zirela ondorioztatu zuen. Fluoreszente horiek, gainera, zentral termikoek atmosferara 11,6 tona CO2 atmosferara emititzea eragiten ari zirela ere zehaztu zuen. Udalak kendu egin zituen puska batera.
Azken urtetan Andoainen eraiki diren auzoen jarraipena ere egin du. Makina bat adibide jarri ditu argi kutsatzaileei dagokionez. Adibidez, Etxeberrietako auzo berrian, Miranda Pasealekuko farol guztiek alferrikako argia atmosferara bidaltzen dute; Alfaro Plazako etxebizitzen azpiko argiek, berriz, behar baino bost aldiz gehiago kontsumitzen dute.
Bere kalkuluen arabera 120.000 euro gastatzen ditu Udalak argiterian. Bada, arautegia betez gero, urtean ia 48.000 eurotik gora aurreztu ahal izango lirateke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!