Manuel Beraza, apaiza ekintzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 18:47

Manuel Beraza Ulanga apaiz andoaindarra joan den abuztuaren 11n hil zen. Langileen eskubideen eta euskararen aldeko borrokek markatu zuten bere bizitza.

Atsekabez beterik bizi da Beraza familia azken aldian. Izan ere, Manuelen iloba Jose Mari Beraza istripuz hil berri da urriaren 2an, 46 urte zituela.
Aste batzuk lehenago jakin zen Manuel Berazaren heriotza. Andoainen ez ezik, bizileku izan zituen herrietan ere kolpe handia hartu dute ezagutzeko zoria izan zutenek. Non ibili, han arrasto sakona utzi baitzuen apaizak.
Manuel Beraza 1916ko maiatzaren 5ean jaio zen Andoainen. Ondo ezagutu zuen Ramon Beraza bere ilobak adierazi duenez “oso gizon bizkorra zen, jenio bizikoa baina alaia, jendartekoa, ekintzailea”.
36ko gerrak apaiz ikasketak egiten harrapatu zuen. Andoainen oporretan ziren apaizgai Eugenio Arregi, Migel Jose Altuna, Jose Esnal eta lauek Bizkaiara egin zuten ihes orduan; abertzaleak izaki, Errepublikarekin egin zuten bat.
Frankistek Bilbon atzeman zuten 1937ko uztailean, eta harrezkero Leongo langile batailoietan lan egitera behartu zuten bolada batean. 1938an, berriz, frontera bidali zuten derrigortuta; Ebron, Tarragonan, Getafen eta Madrilen ibili zen.
Gerrak eragindako etenaren ostean, 1941ean apaiztu zen. Montellanora (Enkarterriak) destinatu zuten lehendabizi, desterru edo zigor modura. Miserian bizi ziren meategietako langile xumeak izan zituen inguruan, eta horrek asko markatu zuela uste du Ramon Berazak: “gerra ostean behartsuenen ondoan egoteak, berdintasun sozialaren aldeko kontzientzia piztu zion”.

Apaiz zirikatzailea Urretxun
1950-1964 epealdian Urretxuko San Martingo parrokian aritu zen. Enkarterrietan hasitako lanari eutsi zion, langileen interesen alde beti ere. “Izugarri mugitu zen Orbegozo lantegiko langileekin eta herriko gazteekin, eta horrek adiskideak bezala etsaiak ere eragin zizkion. Bertako guardia zibilek txostenetan leporatzen zioten separatista izatea, sermoien bidez langileak zirikatzea eta horien grebak antolatzea”.
Molde klasikora egindako apaiza ez zela frogatzeko, urretxuarrek aipatu ohi duten adibide bat gogoratzen du Berazaren ilobak: “goizeko 06:00etan autoa hartu eta megafonia eskuetan, Urretxuko kale nagusienetan ibili ohi zen herritarrak mezetara gonbidatuz”.
Enbarazo gehiegi sortu nonbait eta 1964an Bidaniara destinatu zuten. “Herriko indar faktikoek azkenean lortu zuten Bereziartua gotzainak herri txiki eta lasai batera eraman zezan”. Mutur batetik besterako aldaketa inondik ere. “Halabeharrez onartu behar izan zuen erabakia. Ez zen geldirik egon, hala ere, nekazal kutsuko herrixka honetan; han betetako egitasmoen artean, eliza eta bere Caballe-Coll organoa berritu izana nabarmendu beharko litzateke”.
1961ean 339 euskal apaizek frankismoa eta eliz jerarkia kritikatzen zuen gutun entzutetsu bat igorri zuten Erromara. Bada, bultzatzaileetako bat izan zen Beraza. “Galdetzen genion, bai, ea nola zen posible bera bezalako bat Elizako kide izatea, jakinda Eliza horrek bat egiten zuela euskal apaizak fusilatu eta gero Euskal Herria zapaltzen ari zen erregimen frankistarekin. Obedientzia eta fedea, aipatzen zituen berak”.

Euskaltzaletasuna, Hernanin
Bidaniatik Hernaniko parrokiara bidali zuten 1964an; hantxe erretiratu zen. “Euskara izan zuen beti lehen hitza, non zegoen begiratu gabe. Hala ere Hernanin garatu zuen batez ere euskararen aldeko grina. Urumea ikastolan eskola ematen zuen, eta matematika zela historia zela…, edozein ikasgaietako liburuak euskaratzen zituen. Lan handia egingo zuen, nonbait, eta 90eko hamarkadan ikastolak omenaldia eskaini zion Hernanin, apaiz gisa 50 urte egin zituen aitzakiatan”.
Euskararen alorrean, bertsogintza eta herri hizkuntza maite zituen bereziki. Urumea ikastolan makina bat saio egin zituen haurrei bertsoarekiko zaletasuna txertatu nahian. Bertsoa irakasteaz gain, bera ere erdi bertsolaria zen, Ramon Berazak ziurtatzen duenez: “Bertsoak osatzen zituen tarteka, eta igual telefonoz hots egin eta hasten zitzaizun kantatzen”.
Irakaskuntzatik aparte Euskerazaintza herri akademiako kide aktiboa ere izan zen. “Ez zuen onetsi H-aren alde Euskaltzaindiak hartutako erabakia, eta beste korronte alternatibo horri eutsi zion. Euskara aberatsa eta herrikoiaren alde egin behar zela pentsatzen zuen orduan”.
Argi eduki zuen burua azken egunera arte, eta hutsik gabe aritu zen idazten bere betiko egunkarian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!