Urria, kultur ekintzaz blai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 18:43

Azken urteetan legez, aurten ere kultur jardunaldiei lotutako hilabetea izango da urria. Udaleko kultura sailak egitarau zabala prestatu du hilaren 20tik 30era bitartean.

Haurrei zuzendutako antzerkiarekin emango zaie hasiera jardunaldiei. Dar-Dar antzerki taldeak Egizu lo, Tartalo! antzezlana aurkeztuko du urriaren 20an, 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Arratsaldeko 18:30etan izango da emanaldia, udaletxeko zine aretoan.
Bi egun geroago, hilaren 22an, Ibaia taldeak Gure herriko musika emanaldia eskainiko du. Laura Latienda, Iñaki Dieguez, Ritxi Salaberria eta Igor Telletxea musikariek gitarra, akordeoia, bateria eta ahotsarekin goxatuko dute zine aretoa, 19:30etatik aurrera. Euskal kantutegiko abesti tradizionalez gain, eurek sortutako kantuak ere eskainiko dituzte.

III. Argazki rallya
Urriaren 24an, III. Asteasuko Argazki rallya izango da 09:00etatik 13:00etara, Kultur Etxean hasita. Aurreko urteetatik bada aldaketa bat, aurten argazki digitala soilik aurkeztu ahal izango baita lehiaketan. Gaia, urtero bezala, egunean bertan jakinaraziko dute eta gainerako pausoak ere urterokoak izango dira, “rally-arekin hasi aurretik, kameraren memoria eta txartela hutsik daudela ziurtatuko da. Amaitutakoan, argazkiak deskargatu eta lau argazki aukeratu beharko dira. Aukeratutako argazkiak Tolosako Karlis argazki dendan inprima daitezke 20X30 zentimetroko neurrian eta argazkiak dendan bertan aurkez daitezke 30X40 zentimetroko oinarrian”, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Lehiaketara aurkezten den lana argazki-oinak eta parte hartzailearen izena idatzita dituen gutunazalean aurkeztu beharko da, horretarako azken eguna azaroaren 4a izango delarik. Argibide gehiago 943 696 896 telefono zenbakian eskura daiteke 16:30etatik 20:00etara.
Hiru sari banatuko dira: 150? lehenengoarentzat, 120? bigarrenarentzat eta 100? hirugarrenarentzat. Argazkilari bakoitzak sari bat jasoko du gehienez eta behin azaroaren 12tik aurrera, lehiakideen argazkiak Kultur Etxean ikusgai izango dira.
Iaz 12 lagun aurkeztu zen lehiaketara, lehen urteko kopuruaren bikoitza. Aurten lagun kopurua hirukoiztea ez litzateke marka txarra. Animo, bada!

Irteera eta ikus-entzunezkoak
Kultur jardunaldien baitan, Donostiako Aquariuma ezagutzeko aukera ere eskainiko da, doan gainera! Urriaren 27an izango da irteera, asteartearekin, 15:30etan. Argibide gehiago Kultur Etxean eskura daiteke eta izen-ematea ere bertan egin behar da.
Beste herrialdeak eta kulturak ezagutuz, Ekuadorrera bidaia egingo da urriaren 29an Tu cárcel… Narrativas de viaje y ausencia ikus-entzunezkoarekin. 19:00etan hasiko da emanaldia, udaletxeko zine aretoan. Adiskidetuak elkarteak osatutako dokumentalean, euren herritik Euskal Herriko txoko ezberdinetara etorri den hainbat ekuatoriar familiaren bizimodua erakutsiko da. Jarraian, itsasoaz bestaldeko lurralde hartako jakiak dastatzeko aukera eskainiko da.
Eta jardunaldiekin amaitzeko, urriaren 30ean, Ibarrako Alurr dantza taldeak Sua azken emanaldia taularatuko du pilotalekuan, 22:00etatik aurrera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!