Shiatsua, behatz presio bidezko masajea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 18:14

Shiatsuaren inguruko azalpenak emateaz gain, probatzeko aukera ere eskaintzen du Karlos Galarragak.

Zer da Shiatsua?
Shiatsua gorputz osoa hartzen duen terapia holistikoa da. Gorputzeko hamabi kanaletan dugun energia orekatzen du terapia honek. Sabel-azpian edo ‘haran’ egiten den diagnosiaren bidez, zein kanal dauden beteta eta zein hutsik ikusten da aurrena. Gero, kanal hutsak bete egiten dira eta beteta daudenak hustu.

Kanal horiek hustu edo betetzeko, masajea erabiltzen duzue teknika modura…
Kanalak akupunturako berdinak dira eta teknika ere bera da. Akupunturan jostorratzarekin egiten dute lan eta guk behatzen presioarekin. (Shia: behatza, tsu: presioa). Masajeak puntu edo kanal batean konkretuki edo gorputz osoan ematen dira. Arroparen gainean, koltxonetan etzanda.
Shiatsua Japonian landu bazen ere, Txinako medikuntza tradizionalean du oinarria. Azken inpultsoa Masunagak eman zion eta berak sartu zuen hemengo psikologia, reflexoterapia… Beraz, pertsonaren faktore psikologikoa ere kontuan hartzen du.

Zein onura ditu Shiatsuak?
Gaixotasunak desoreka sortzen du gorputzean eta desoreka hori orekatzea bilatzen du Shiatsuak. Txinako medikuntza tradizionalean bost elementu daude eta bertan sartzen dira gure gorputzeko sintoma eta zati guztiak: Atal fisikoak bezala, emozioak ere bai. Gure gorputzak hitz egin egiten du eta horixe hartzen da oinarri bezala, orekatzen ahaleginduz. Ekialdeko medikuntzak transplanteak egin beharrean, gorputzari nola kontu egin erakusten du. Guk pertsonari lagundu egiten diogu pausoak bideratzen baina gero, norberak egin beharreko lana da. Guk ez dugu inor sendatzen, gorputza sentitzeko garaian, kontzientzia hori esnatzen ahalegintzen gara. Sendabidea aurkitzearekin batera, erlaxazioa izan daiteke Shiatsuaren beste onuretako bat. Ondo aurkitzen garenean, beraz, masaje terapia moduan ere har daiteke. Zenbat eta lasaiago egon, hobeto sumatzen da Shiatsuaren eragina.

Nahiko teknika berria da Shiatsua hemen, ezta?
1995 urtean Donostian indar handia izan zuen, orduan sortu baitzen bertan Shiatsuzaleen eskola. Eskolaren berezko izena Escuela de amigos del Shiatsu da eta Madrilen dago egoitza nagusia. Donostiako Thai Chi eskola batek beren jarduna osatzeko helburuarekin eta hemengo jendearen interesa ikusitakoan zabaldu zuten Donostiakoa.

Noiz eta nola hasi zinen zu Shiatsua lantzen?
Bigarren urtea dut aurtengoa. Hiru urteko formazioa da: bi urtez Donostian aritzen gara eta hirugarrena Madrilen. Ondoren, norberak nahi duenean egin dezake titulua lortzeko azterketa. Titulazioa Europa mailan onartuta dago eta hiru urte horiek eta gero, jendeak beste urtebete hartzen du ikasitakoa ondo barneratzeko. Izan ere, ikasitakoak gure kulturan ez dauka oinarririk: oso ezberdina da. Gure osasuna medikutara joatean soilik oinarritzen da hemen eta Shiatsuarekin norberaren burua ezagutzen ikasi behar da. Modu horretan, posible izango baita gainerakoena ezagutzea ere. Nigatik hasi nintzen Shiatsua ikasten. Niretzako bide bat dela pentsatzen dut eta ingurukoei eskaintzekoa ere bai.

Urriaren 17an Amasan eskaini zenuten hitzaldia eta gero, Shiatsua jasotzeko taldea osatu da…
Shiatsuzaleen eskolako irakasle Pilar Sedano eta biok eman genituen azalpenak Amasan. Hitzaldira etorri zirenek oso garbi zuten Shiatsua probatu egin nahi zutela eta probatu dutenak gustura daude, berriz errepikatzekotan. Nire aldetik, berriz, oso gustura nago. Ikasturte honetan praktikak egin behar ditudanez, jendea behar dut eta niretzat aukera zoragarria da. Amasako Gazteei nahiz Villabonako Udalari eskerrak eman nahi dizkiet Amasako Kultur Etxea erabiltzen uzteagatik. Shiatsua probatu nahi duenarentzat ateak irekita daude. 688 630 116 telefono zenbakira dei daiteke horretarako.

Zein jende mota animatzen da Shiatsua hartzera? Nola antolatzen duzu masaje saioa?
Kuriositateak esnatutako jendea etortzen da batik bat, bere gorputzarekin lan egitera irekita dagoena. 20 urtetik 70 urtera bitarteko jendea etorri zait orain artean.
Masaje bakoitza lantzeak bi orduko lana eskatzen dit. Masajea eman aurretik prestatu egin behar izaten dut, besteak beste, luzaketak eginez. Masajea eman aurretik, pertsona ezagutu behar da: zein ohitura duen, nola bizi den, zergatik etorri den… Pertsona bakoitzarekin ordu erdiko elkarrizketa izaten dut eta masajea  saioa 45 minutu ingurukoa izaten da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!