Ikasleak Azoka berezian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 18:09

San Millan ikastetxeko hainbat ikaslek urriaren 18ko Azoka berezian saltokia jarriz hartuko du parte.

Batetik eurek egindako eskulanak eskainiko dituzte: “eskumuturrekoak eta koloreztatutako gatzarekin egindako apaingarriak jarriko ditugu salgai, eskolako baratzetik jasotako barazkiak ere bai”. Lehen ere, beste urte batean aritu ziren barazkiak saltzen, gustura aritu ere; eta sarritan jarri izan dute eurek egindako eskulanekin postua. “Jasotako dirua El Salvadorrera bidaliko dugu”.
San Millan ikastetxeko ikasle eta irakasleek, hainbat guraso eta aiton-amonen laguntzarekin 2006. urtean jarri zuten abian baratzea. Ikastetxeko irakasle Mintxa Agirrek azaldu duenez, “aspaldidanik genbiltzan baratzea jartzeko gogoarekin, baina ez geneukan terrenorik. Udaletxeak utzi zigun pilotaleku atzealdeko terrenoa ez zen egokiena eta ondorioz, guraso batengana jo genuen. Berak utzi zigun saila eta guraso nahiz irakasleon artean egokitu genuen”. Baratzea jartzean, naturarekin esperimentatzea zuten lehenengo asmoa, “normalean haurrei ez baitzaie baratzean aritzen uzten. Baratzea lantzeko lanabesak erosi eta hainbat landaketa egin genuen”. Haurrentzat oso esperientzia polita dela adierazi dute Mintxa eta Alaitz Zengotitabengoa irakasleek, “ikasle gaztetxoenak joaten dira baratzera gehien. Baratzea lau talderena denez, lau zatitan banatuta dago eta bakoitzak bere zatia lantzen du. Batzuetan nahikoa frustrantea ere bada: gure baratzea biologikoa da, ez dugu batere botikarik erabiltzen eta landaketak egin eta biharamunerako, batzuetan, txoriek edo xomorroek jan egiten baitizkigute ereindakoak. Askotan emaitzarik jaso ez arren, aberasgarria izaten da arazo horiei irtenbideak emateko bideetan ikasleekin hausnartzeko ere”.
Udan gurasoak egin dira baratzearen kargu eta orain, belar txarrak garbitzen eurak hasi behar dutela azaldu dute. “Baratzean dagoena eramango dugu azokara: porruren batzuk, tomatetxoak, azelgak… Saltokia jarri genuen aurreko txandan bezala, aurten ere gurasoei oharra bidaliko diegu soberan dituzten barazki edo fruituak ekartzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!