Iker Goenaga, kantu berriekin zuzenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 18:03

Zizurkildarrak “...arteraino” disko berria aurkeztu zuen berriki, sorterrian. Diskoaz, zuzenekoaz eta musikaz oro har hausnarketa interesgarria egiten du elkarrizketa honetan.

Disko berria, urrats berria. Musikaren bideak nora eraman zaitu oraingo honetan?
Iker Goenaga. Nik esango nuke leku askotara eraman nauela. Autoekoizpen edo autoprodukziora, kantuen moldaketak egitera, laguntza asko eskatzera... Zorionekoa ni inguruan lagun asko izan dudalako.

Etxekoen artean eskaini zenuen lehen kontzertua. Zer moduz joan zen?
I.G. Egia esan, oso gustura sentitu nintzen. Inoiz ez bezala. Badakizu, zure herrian jotzeak ematen du beti halako zorabio modukoa. Gainera, urte batzuk badira Alkizan bizi naizela, eta lagunartea ere Tolosan daukat.

Azal iezaiozu irakurleari nola bizi izan zenituen saioa hasi aurretik geratzen ziren minutuak…
I.G. Bai, urduri xamar eta hala ere emanaldia neuk bakarrik hasi nuen kantu bat abestuz. “Lore sortu orduko”, Mikel Laboari ikasi niona.

Aukeran nahiago kanpoan jotzea sorterrian baino? Ala bost axola?
I.G. Kanpoan normalki errazagoa da. Eta gainera Bartzelonan, Caceresen edota Estonian bada errazago.

Noiz erabaki zenuen disko berria egin behar zenuela?
I.G. Batetik, kantuak egon behar dute horretan pentsatzen hasteko. Nik ez dut neure burua behartzen, beraz, sortze prozesua lasai eramaten dut. Kantuak ditudalako grabatzen ditut diskoak eta ez alderantziz.
Gero badaude beste faktore ezberdinak. Disko batek lan handia ematen du eta energia asko uzten da bidean. Momentua ongi hautatzea oso garrantzizkoa da.

Azken aldian gertuko dituzun musikariekin ari zara lanean. Banan bana taldekideak nortzuk diren eta haien bereizgarriren bat emango al zeniguke?
I.G. Bada zuzenekoetan bezala egingo dut:
Mikel Atxega: Anoetarra. Baxujolea. Taldeko zentzudunena. Gu gobernatzen gaituena eta webgunea, manager lanak, promozioa..., egiten dituena.
Iñigo Egia: Donostiarra, Egiakoa. Perkusiojolea. Bizitzaz, koherentziaz eta ezkerraz lekzio bat baino gehiago ematen dizkiguna.
Iban Gurrutxaga: Amezketarra. Kitarra elektriko jolea. Berarekin ez dakizu ziur non hasten den bera eta non kitarra. Bihotzarekin, arimarekin eta buruarekin jotzen du.
Beñat Barandiaran: Zizurkildarra. Kitarra akustiko jolea. Herrikide, bizilagun, umetatik elkarrekin...

Diskoak zure izenpean agertzen dira, baina talde lanaren defendatzaile sutsua zara…
I.G. Bai. Bakardadeko lana egiten dut sortzerakoan, baina gero, hori guztia disko batean edo eta zuzeneko batera eramateko garaian, talde finko baten babesa eta laguntza niretzat ezinbestekoa da.

Promozioa, prentsa, banaketa…, zaildu egiten da diskoaren hedapena autoekoizpenaren bidetik. Eta hori horrela izanik pausoa eman duzu, zergatik?
I.G. Lehengoan elkarrizketa batean nioen, autoprodukzioarekin xahututako energiarekin, bestelako bi diska egingo nituela.
Halere alternatiba gutxi eduki dut. Elkarrek egin zidan eskaintza bat, eta nire zenbait lagunek onartu dute. Guk taldean autoprodukziora salto egitea erabaki genuen, gastuak murrizteko bide on bat delako.

Elkar diskoetxearen babesa izatea ez al da erosoagoa, musikari gisa bakarrik eta musikara egoteko?

I.G. Bai, baina babesa zenbatekoa den arabera...

Pirateoa, egile eskubideak… horien inguruan galdera egiten duzunean erantzun garbirik ba al duzu? Eta zein da?
I.G. Ez daukat erantzun garbirik. Disko berria kaleratu dut eta helburua eginiko inbertsio ekonomikoa berreskuratzea da. Lekutan geratzen da dirua irabaztearena. Gizarteak musika beharrezko duela uste dut, beraz musikariak nola edo hala hor egon beharko dugu. Denborak esango du nola.

Disko berri honekin zerekin konformatuko zinateke?
I.G. Dirurik ez galtzea ez litzateke txarra eta inguruan izan ditudan letragile, musikari, aholkulari, promozio gidari..., zorretan nagoen guztiekin ez ahanztea. Zuzeneko batzuk ematea zoragarria litzateke.
Jada gehiegi ere eskatzen ariko naiz.

Joseba Tapia aipatzen badizut zer erantzungo zenidake?
I.G. Lehenik eta behin adiskidea, laguna. Bestetik soinu txikiaren inguruan dudan konplize handi bat. Debate filosofikoak izaten ditugu,; orainaz, geroaz...

Eta Kepa Junkera?
I.G. Urrun da niregandik. Komertzioaren hatzaparretan  harrapatua ikusten dut.

Zizurkilen izan eta gero, inguruan berriro ikusiko al zaitugu?
I.G. Azaroaren 14an Amezketan dugu hurrengoa. Uste dut oso berezia izango dela, Ruper Ordorikak eta biok joko dugu.

DISKOA ESKURAGARRI:
Edozein musika dendatan eskuragarri dago diskoa.
Kontrataziorako:
kontaktua@ikergoenaga.com / 634468510.
Informazio gehiago:
ikergoenaga.com /  myspace.com/ikergoenaga
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!