Euskal literaturaren bideak etorkizunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 17:57

111 Akademiak euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko abian jarritako egitarauaren baitan antolatu dira ‘Literaturaren bideak etorkizunean’ mahai-inguruak.

Egitasmoaren helburuak ez du azalpen handirik behar, jardunaldiei jarritako izenburuak  argi eta garbi adierazten baitu etorkizuneko bideez hausnartu nahi dela, zertan eta euskal literaturan. Hausnartu egin nahi da, bai, eta horretarako profesionalen iritziak jendaurrean plazaratzea izan da hautatutako bidea. Besteak beste, paperezko liburua galdu egingo ote den, irakurtzea gustatzen ez zaionari zaletasun hori piztea posible ote den, edizio elektronikoak irakurlea asebeteko ote duen edo aipatu berrikuntzak euskal literaturari onura edo kalte ekarriko dion aztertzen ari dira editore nahiz idazleak hiriburuz hiriburu. Dagoeneko abian dira solasaldiak eta Donostia, Bilbo nahiz Gasteizko saioak igaro badira ere, oraindik Iruñea eta Baionakoa falta dira. Beraz, oraindik bada aukera mahai-inguruak orain artean eskaintzen ari diren emaitza interesgarriaz zuzenean gozatzeko.

Urriko ostegunetan
Urriaren 1ean izan zen lehenengo saioa. Xabier Mendiguren, Gorka Arrese eta Inazio Mujika editoreak Juan Luis Zabala moderatzailearen esanetara aritu ziren Donostian. Urriaren 8an, Patxi Gaztelumendik gidatu zituen Goizalde Landabaso, Gotzon Barandiaran eta Irati Jimenez idazleak Bilboko saioan. Urriaren 15ean Patxi Zubizarreta, Iban Zaldua eta Katixa Agirre idazleen txanda izan zen Gasteizen Ibon Egañaren galderei jarraiki. Urria amaitu aurreko bi ostegunetan ondorengoa izango da egitaraua:
  • Urriak 22, Iruñeako Elkar aretoan (Comedias 14): Juanjo Olasagarre, Aingeru Epaltza eta Patziku Perurena. Moderatzailea: Patxi Gaztelumendi.
  • Urriak 29, Baionako Elkar Aretoan (Arsenal plaza): Itxaro Borda, Itziar Madina eta Eneko Bidegain. Moderatzailea: Juan Luis Zabala. 
AMAIA GOIKOETXEA, 111 Akademiako arduraduna:
“Irakurleen aldetik ez genuen horrelako erantzun onik espero”

Nondik nora antolatu dituzue jardunaldiak?
111 Akademiak, euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko prestatutako egitarauaren baitan antolatu dira jardunaldiak. Liburu elektronikoa gain-gainean dagoela hainbeste hitz egiten den garaia, literaturaren egungo egoera eta etorkizuna aztertzeko une egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun; egungo egoeratik abiatu eta oso urrutira joan gabe, etorkizun hurbilak zer ekar lezakeen ikusteko. Jardunaldiak egungo egoeraz hausnartuz hasten dira; bai irakurlearen aldetik, egun egiten den literaturaren aldetik; zer egiten den eta zer ez den egiten…  Egungo egoera aztertu ondoren, datozen urteetan zer etor daitekeen galdetzen zaie solaskideei: irakurle gehiago edo gutxiago egongo ote den, irakurtzeko joerak aldatu egingo ote diren…

Zer nabarmenduko zenuke dagoeneko egin diren Donostia nahiz Bilboko mahai-inguruetatik?
Oraingoz jendeak ondo erantzun du, bietan entzule ugari izan zen. Donostiako mahai-inguruan oso eztabaida bizia eta sutsua sortu zen solaskideen artean. Entzuleek parte hartu ez bazuten ere, ez zen haientzat erakargarria izan ez zelako izan. Solasaldia interesgarria eta entzuteko erraza izan zen eta denetik izan zuen: umorerako tarteak eta eztabaida beroak. Euskal Herrian zein literatura mota idazten den eta zein mailatakoa den aztertzen luze jo zuen solasaldiak. Horrekin lotuta, jende askok euskaraz irakurtzea zaila egiten zaiola esaten duenez, benetan zaila ote den edo tartean bestelako hutsuneak egon ote daitezkeen aztertzen aritu ziren editoreak… Gorka Arresek, aipatu zailtasuna irakurleen arazoa dela adierazi zuen; Xabier Mendiguren eta Inazio Mujikak joera hori oso zabalduta dagoela eta gizartearen benetako arazoa dela nabarmendu zuten. Ezin dela pentsatu irakurleen arazoa bakarrik denik. Dudarik gabe, gai horren inguruan sortu zen eztabaida nagusia. Bestalde, liburu elektronikoen gaia oraindik airean dagoen gaia izaki, ez zuen horrenbesteko hizketa-biderik zabaldu.
Bilboko mahai-ingurutik entzuleen parte hartzea nabarmenduko nuke. Solaskideak hitz egiten ari zirela, oso modu naturalean eskatu zuen hitza entzule batek. Hortik idazle eta irakurleen arteko erabat zuzeneko hizketaldi irekia sortu zen, batere  bitartekorik gabekoa: oso aberatsa.

Solasaldi guztiak gidoi beretik abiatuko dira…
Moderatzaileak kasu batzuetan errepikatzen badira ere, parte hartzaileak aldatu egingo dira saio bakoitzean. Abiapuntu modura, guztiei gidoi bera eman zitzaien hasieran. Gero moderatzaile bakoitzak nahi izan badu, bere erara moldatu du galdetegia. Gai berdinen bueltan ibiliagatik, orain arteko mahai-inguru bakoitza diferentea izan da eta emaitza ezberdinak utzi ditu.

Zein jende mota gerturatu da orain artean?
Irakurzalea eta literaturazalea, noski. Adin aldetik, denetarik: gazteak bezala helduak, Bilbokoan batik bat. 40 urteren bueltan ibiliko da batez bestekoa. Egia esan, irakurleen erantzunaren aldetik beldur pixka bat bagenuen, bai baitakigu antzeko deialdietara ez dela jende gehiegirik azaltzen. Jendeari kosta egiten zaio etxetik ateratzea eta literatur gaiak izanda, orduan eta gehiago. Orain arte behintzat alde horretatik sorpresa handia jaso dugu. Ez genuen horrelako erantzun onik espero.

Solasaldietan jasotako emaitzak irakurleei jakinarazteko asmoa duzue aurrerantzean…
Bai, abenduan kaleratuko dugun Beterriko Liburua literatur aldizkarian tarte zabala eskainiko diogu gaiari, mahai-inguru bakoitzaren kronika eginez. Bestalde, www.111akademia.com gunean bideoak zintzilikatuko ditugu, solasaldiak zuzenean ikusteko aukera eskainiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!