Amaia Esnal, atzoko polizia operazioan atxilotua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 14a, 13:37

Atzo arratsaldeko polizia operazioan atxilotutakoen artean da Amaia Esnal urnietarra. Atxiloketa unearen inguruko argibiderik eman ez bada ere, iluntzean Urnietara ekarri zuten poliziak bere etxea miatzera. Hedabideek zabaldu dutenez, atxilotu gehienak Madrilera bidean dira jada.

Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak zuzendutako atzo arratsaldeko polizia operazioan atxilotutako ezker abertzaleko hamar kideren artean urnietar bat dago, Amaia Esnal. Atxiloketa uneari buruzko nondik norakoak ez daude argi oraindik. Hori bai, atzo iluntzean, 21:00ak aldera, Urnietara ekarri zuten poliziek bere etxea miatzeko. Artean, Esnalen bizilekuaren atarian atxilotuari elkartasuna adierazteko 70 bat lagun bildu ziren. Tartean ziren Esnalen senitartekoak eta baita etxe atarira bertaratu zen Mikel Izagirre alkatea ere. Miaketa lanek gauerdia pasata, 00:30ak ingurura arte iraun zuten eta bitartean, inori ez zieten etxean sartzen utzi. Poliziak bertaratu ziren hainbat lagun kolpatu zituen etxetik irten zirenean, ezker abertzaletik salatu dutenez. Hainbat hedabidek zabaldu dutenaren arabera, atxilotutakoak Madrilera bidean dira jada.

Urnietako ezker abertzaletik, atxilotuek tratu txarrak eta torturak jasotzeko duten arriskuarekiko kezka agertu du. Azken polizia operazioa, euren ekimen politikoa eten asmoz burutu dela salatzen du. “Lan politikoa egiteagatik eraman dituzte”, adierazi du ezker abertzaleak.

 

Atxilotua izan den hirugarren urnietarra da Esnal. Ezker abertzaleak gogoratzen duenez, Teresa Toda eta Jon Ezeiza espetxean dira. Eta Karmele Urbistondo berriz, Udalbiltza auziari lotuta epaituko dute. Halere, ezker abertzaletik jakinarazi dutenez, “gure lanarekin aurrera jarraituko dugu. Ez gaituzte isilaraziko”. Isilarazte horren azken adibidea, salatu dutenez, atxiloketa gertatu ondoren bart gauean herrian jarritako pankartak izan dira, gaur goizerako kenduta baitzeuden. Horrez gain, nabaria da azken egunotan herri inguruan egon den presentzia poliziala.

 

 

EGUNOTARAKO MOBILIZAZIOAK

Inkomunikazioak iraun artean, iluntzero 20:00etan San Juan plazan bilkurak antolatu ditu ezker abertzaleak, eta mobilizazio hauetan parte hartzera deitu herritarrak, “halako egoerei stop esateko. Herritarrek konpromisoak har ditzaten, halako egoerak errepika ez daitezen”. Lehenengo bilkura informatiboa eta manifestaldia, gaur iluntzean burutuko da. Bestalde, atxiloketa salatzeko Udalean mozioa aurkeztekoa da ezker abertzalea. Amaia Esnal, 1999-2003 legegintzaldian, ezker abertzaleko zinegotzi lanetan jardun zuen Urnietako Udalean. Legegintzaldi erdian hartu zuen zinegotzi kargua urnietarrak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!