Remi Ayestarani omenaldi hunkigarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 12a, 20:37

Jendez lepo bete zen joan zen larunbatean Errebote plaza, Remi Ayestaran alkate-orde gazteari eskaini zitzaion agur omenaldi hunkigarrian. Mikel anaiak adierazi zuen legez, argi geratu zen berriro ere nor zen Remi eta herrian zuen itzala. Talde, elkarte eta erakunde ugarik hartu zuen parte omenaldian. Guztiak asebeteta ezagutu izanarekin, galera oraindik ere sinistu eta onartu ezinik. Hitz, doinu eta oroimen goxoekin batera, "Remi maite zaitugu, gogoan zaitugu". Horixe larunbatean beste behin nagusitu zen mezua:
Argazki gehiago  |  Bideoa

Oso hunkigarria izan zen omenaldia. Ehunka pertsona gerturatu zen beste behin Remiri esker ona adierazi eta etxekoei babesa erakustera. Talde, elkarte eta erakunde ugarik bat egin zuten omenaldiarekin eta ekitaldia hasi aurretik, halaxe adierazi zen alderik alde plazan zintzilikatu ziren kamiseta eta bandera koloretsuen bidez. Elkartasun eta babesa Amasa-Villabona nahiz Euskal Herri osotik ez ezik, besteak beste, Burgos, herrialde Katalanak, Kanariar irlak, Italia nahiz Montevideotik ere iritsi zen. Donostiako Alde Zaharreko Zanpantzarren zintzarri hotsekin ekin zitzaion ekitaldiari. Amaia Agirre villabonatarrak bi bertso hunkigarri abestu eta gero, Remiren anai-arrebek, neska-lagunak eta lehengusinak aurresku beroa eskaini zioten haren argazkiari, lore eskaintza egitearekin batera. Besteak beste, musika eskolako irakasleek herriko dantzariek Lain musika taldeak nahiz Onddo gazte asanbladak ere ekitaldian parte hartu zuten, omenaldia kantuz, doinu goxoz, dantza koloretsuz nahiz irudi alaiez jantziz.

Esker oneko hitzak

Arkitektura ikastera Remi Burgosera joan zenean egindako lagunek hartu zuten hitza lehenengo. Dozena lagun inguru gerturatu zen bertatik eta Remirekiko izan zituzten hitz eder eta goxoen artean, haren eskuzabaltasuna nabarmendu eta eskerrak eman zizkioten. “Zure mailan egon izana espero dugu… Zure alde egingo dugu topa, orain eta beti”. Udaleko kideek bere ilusioa eta lanerako grina azpimarratu zituzten. “Remik bere gaztaro guztia eskaini zion herriari. Zinegotzi kargura iritsi zenean oso argi zeukan herriko talde guztiei ahalik eta laguntza gehien eskaini behar zitzaiela eta herritarren parte hartzea bultzatu behar zela herriak bizirik iraun zezan. Horregatik sekulako ilusioa egiten zion herriko plaza jendez beteta ikusteak. Bere heriotzaz geroztik, herriko plaza hau askotan bete dugu baina nabarmena da barruan dugun hutsunea. Zaila da ulertzea, sinistea eta onartzea Remi ez dugula berriz ondoan izango, ez ditugula bere itxaropen hitzak entzungo. Baina hemen gaude, Remi, zure lanean jarraitzeko prest. Herriak bizirik iraungo du zuk nahi zenuen bezala. Remirekin bi urte eta erdi hauetan Udalean lanean aritu garenok garbi dugu Villabonako alkate-ordearen izena maiuskulaz idatzita gordeko dugula. Herri honek Remi bezalako pertsona leialak, borondate onekoak eta langileak behar ditu eta horrexegatik zen alkate-orde", adierazi eta egindako lan eredugarriagatik, ohorezko makila eskaini zioten familiari. "Mizpiraren adarretatik gora doan izerdiak zuhaitzaren ebakiak zeharkatzen ditu erliebezko apaindurak sortuz. Eta Remik ere, bere izerdiz, makina bat ebaki leundu zuen. Eskuz eta arreta osoz egindako makila hau, berak egindako lanaren ispilu izatea nahiko genuke. Beraz, gure bihotz barrutik Remiren familiari emango diogu aginte makila, beraiek toki kuttunen batean jaso dezaten. Mila esker Remi".

Ezker abertzaleak, “atzo bezala gaur eta bihar lanean jarraituko dugula esatea baino ez dagokigu. Ohorea izan duk hirekin borroka hau partekatzea, Remi; hirekin lan egitea, hirekin amets egitea. 19 urterekin hasi zen Remi Villabonako ezker abertzalean lanean. Urte hauetan guztietan militante zintzo bat ezagutu dugu. Bere izana eta bizitza nagusiki hiru eremutan utzi duelarik: bere familia eta lagunak, lana eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka". "Villabonatik bestelako Euskal Herri bat egiteko bere ekarpen xumea egin nahi zuen. Zeregin horretan eman zituen bere bizitza labur baino emankor horretan hainbat urte. Gazte mugimenduan hasi eta Villabonako herriak emandako bozen ondorioz herriko alkate-orde izendatu zuten arte. Ezker abertzaleko kideon balorea da helburu ekonomiko edo materialei muzin egin eta eguneroko lan xumea, lan isila herrian egitea, herritarrekin egitea eta herritarrentzat egitea. Remi lehen lerroan kokatu zen lan horretan". "Herri berri batekin egiten zuen amets eta amets horri lotu zitzaion gaztetatik. Lan horretan hartu zuen azken arnasa. Betirako loan den honetan ziur gaude berak militante bezala, pertsona bezala, euskal herritar bezala defendatu eta bultzatu zituen baloreak mantenduz, askatasunean eta justizian biziko den herri batekin amets egiten jarraitzen duela. Iritsiko da askatasuna gure herrira, ezagutuko du justiziaEuskal Herriak eta bere ametsa betea izanik esnatuko da Remi, errepresioak eta gatazkak hil dituen euskal herritar guztiekin batera". "Boby Sans-en esaldia gogora ekarriz bukatu nahiko genuke gaurkoa. Irlandan 1981ean espetxean preso politiko bezala zegozkion eskubideen alde gose greban bizitza eman zuen 26 urteko gazteak zera esan zuen behin borroka errepublikarraren gainean hizketan ari zela: Gure mendekua gure seme-alaben mendekua izango da. Horri lotzen gatzaizkio gu ere. Euskal Herria independentzia lortu duten herrien zerrendan jartzera goaz luze baino lehen eta herri honek askatasuna lortzen duenean, herri honen benetako historia idatziko da"

Joxe Mari Olarrak Granadako espetxetik bidalitako gutuna ere irakurri zen ekitaldian, Remiri eta haren familiari zuzendu eta gero, etorkizunari begira hitz egiten zuen: "Izan konfiantza gure etorkizunean. Aski masa abertzale dago gure herria eraikitzeko eta hori antolatzea eta abiaraztea izango da zeregin nagusia datozen hilabeteetan. Aldi politiko berri baterako gogoa, bidea eta ekinbidea jorratuko ditugu. Egoera politiko berri baterako baldintzak zabalduko ditugu". "Egoera politikoa astindu behar badugu, mugitu egin beharko dugu eta halaxe egingo dugu, horretarako aldatu beharrekoa aldatuz. Prozesu demokratiko baten aldeko esparru orokor honen barruan eraginkorra izan behar du ezker abertzaleko estrategiak eta gure helburuak zeintzuk diren eta zein gure bitartekoak zehaztea eskatzen du horrek. Era berean, behin betikoa izateko asmoa eduki behar du hasieratik prozesu demokratiko honek. Guk abiaraziko dugu baina bere geroagoko garapenak, eragile guztien ekarpenak _inor kanpoan utzi gabe_ hartu beharko ditu aintzat nahi eta ez, eta gatazkaren korapiloak askatuko dituen agenda politikoari heldu beharko dio. Inork ez dezala zalantzarik egin: datozen asteetan, hilabeteetan zeru oskarbia antzematen hasiko zarete, baina denok jarri beharko dugu gure alea horretarako”.

Onddo gazte asanbladako kideak Remiri zuzendu zitzaizkion, jaietako azken egunerako prestatuta zeukaten argazki emanaldia eskaini aurretik: "Aupa Remi, doakizula gure esker ona eta maitasuna; egindako lanagatik eta militantziagatik baino gehiago, gutako bat izateagatik".

Remiren senideek taula gainean entzun zuten herriko danborradak eskainitako Villabonako martxa. Aurretik, Mikel anaiak hartu zuen hitza eta Remi nor zen eta zenbaterainoko itzala zuen argi geratu zela adierazi zuen, plaza beteta ikusita. "Esker hitzak besterik ez ditugu gaurkoan.Lehenik uztailaren 31n gurekin egon zineten guztiei, babesa eta maitasuna adierazi zenigutenei. Une latzak izan ziren eta dira: Inolako logikarik ez zuen testuinguru batean , koherentzia aput bat jartzeagatik estutu zuten hil arte Remi. Haren lana egiten ari zen, herriko festetako azken eguna inongo arazorik gabe pasatzea ahalbidetzen. Mozorrotutako haiek agertu eta bera eraman zuten arte, betirako eraman gainera. Ez ziren xamurragoak izan hurrengo egunak. Eskerrak egun haietan jaso genuen elkartasun eta babes itzelagatik: Euskal Herri osotik, Burgos, Paises Catalans, Kanariar iralak, Italia edo Montevideotik jaso genituen elkartasun mezuak. Horrek erakusten digu norainokoa zen Remiren itzala. Egun hartan ezin ahaztu Frantzia nahiz espainiako estatuek bahiturik dituzten lagunek erakutsitako elkartasuna ere. Gaurko omenaldia posible egin eta etorri zareten guztioi ere esker mila. Plaza honek adierazten du nolakoa zen Remi. Eta hiri zer esan, hire ondoan bizi izana ohorea izan duk. Hik erakutsi bezala borrokaz lortuko diagu. Garaipenaren egunean elkartuko gaituk".

Koadrilako lagunek ere hartu zuten hitza eta Remirekin bizitutako une alaiak gogoan izan eta gero, utzitako hutsuneaz mintzatu ziren; “herorrek ez dakit zein hutsune utzi duan, Remi. Orain hi falta haiz baina, hirekin bizitu diaguna gurekin zegok betirako. Remi, beti gogoan izango zaitugu; Remi, beti maiteko zaitugu eta Remi, iritsiko duk garaipenaren eguna. Garaipena, hiretzat garaipena. Eskerrik asko, Remi”.

Remiren lagunek osatutako herri ekimenak argi eta ozen azaldu zuen berak erakutsitako bidetik aurrerantzean ere lanean jarraituko duela.

Ekitaldian zehar, txikitako, Udalgintzako nahiz jai giroan eta lagunartean ateratako argazki eta bideo emanaldia egin zen musikaz lagunduta; malkoak bezala irribarreak sortu zituen emanaldi ederra. Amaitzeko, Behar Zana, Irrintzi, Zunbeltz, Uxo Toki eta Iratzar elkarteek jan-edana eskaini zuten. Remiren neurriko omenaldi dotorea izan zen.


Argazki gehiago  |  Bideoa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!