Turismoa Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 9a, 11:24

Sara Barandiaran
MONTEFRIO LANDETXEA
“12 urte daramatzagu eta 5 logela ditugu. Gutxi batzuk lasaitasun eta mendiaren bila etortzen badira ere gehienek Donostiara eta kostara jotzen dute. Urtea ondo badoa ere, uda txarragoa izan da. Aste egunetan langileek hartzen dute ostatu, baina aste burutan beste urteetan maiatzerako abuztu guztia hartuta egoten bazen, aurten azken orduan ibili da jendea. Sagardotegi garaiko asteburutan jende asko izaten dugu, bestela udazkena nahiko geldi dago. Kalean, horretarako baimenik izan gabe eskaintzen diren logelak kalte handia egiten digute. Norbaitek neurriak hartu beharko lituzke”.

Amaia Aranburu
GURIA PENTSIOA
“Orain bete dira bi urte pentsioa ireki genuela, 10 logela ditugu. Aurtengo urtea aurrekoaren antzekoa ari da izaten, ez dugu beherakadarik nabarmendu, eta udazkena ere antzekoa izatea espero dugu. Aste egunetan langileekin ia beteta izaten dugu eta asteburuetan denetarik etortzen da. Donostiarekiko gertutasuna kontutan izaten du jendeak hona etortzeko garaian. Sagardotegiak irekita diren denboraldian ere jende asko izaten dugu. Baimenik gabe etxe partikularretan eskaintzen diren logelak ez dut uste kalte handirik egiten digutenik, guk beste zerbitzu hobeago bat eskaintzen dugulako”.

Gonzalo de Cos
KOSTEGI LANDETXEA
“11 urte dira ireki genuela eta 6 logela ditugu. Aurreko urteetan bi edo hiru hilabete aurretik udako erreserbak egiten baziren ere aurtengoan abuztuan beteta izan dugu, baina azken orduan ibili da jendea. Astelehenetik ostegunera langileak izaten ditugu eta asteburuetan inguruetako probintzietako jendea. Ez dira mendian egunak pasatzera etortzen, pentsa, sarritan goizeko oilarraren kukurrukuak loa galarazi egin diela esan izan didate. Azkenean, Donostiara joatea da nahi dutena. Sagardotegi garaian lehen ostiral eta larunbatetan betea izaten genuen, azken urtean soilik larunbatetan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!