Alde batetik, Daniel Sasiain “Txinparta” hirurogei urteko urnietarrak 300 sokasalto egin beharko ditu, eta bestetik Gurutzeaga baserriko Aritz Lizaso “Latxe” hamabost urteko gazteak 300 sagar bildu beharko ditu kizkiarekin. Azkarren lanak bukatzen dituena izango da irabazlea. Oraindik ez da argitu biak batera egingo duten beren lana, edota lehenik batak eta ondoren besteak.
Txinpartaren soka-saltoak kontatu ahal izateko makina izatea espero da. Hasiera batean Txinpartak beste baten aurka egitekoa zuen apustua, baina haren ezezkoa jaso ondoren Aritz prest agertu zen apustua onartzeko.
ADIERAZPENIK EZ
Prestaketa lanak isilean ari dira egiten eta zenbat denbora beharko duten lana burutzeko galdetutakoan, batak zein besteak ez dute adierazpenik egin nahi izan.
Ikusleei garaiz joatea gomendatzen zaie, jende asko izango da eta autoa agian urruti samar utzi beharrean izango baitira.