Andoaingo Udaltzaingoaren eraikin berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 9a, 11:19

Udaltzainek urte luzez eskatu duten eraikina zabalik dago aurreko ostiralaz geroztik. Hiru solairuko eraikinean herriko polizia etxeak kalabozoak, jantokia, aldagelak eta mintegietarako gela hartzen ditu bere baitan. Udal ordezkari ugari bertaratu zen inaugurazio-ekitaldira, deialdiak zuen garrantziaren adierazgarri. Joxeba Pagazaurtunduari omenaldia egin zitzaion ekitaldian bertan.

Udaltzaingoaren eraikin berrian helduen heziketa eskolaren arrastorik ez dago. Bertan eraikin zaharkitua izan zela ere azkar asko ahaztuko dute askok. Izan ere, Jose Mari Alonso Arburu arkitektoaren zuzendaritzapean eraikinak izan duen eraldaketa goitik beherakoa izan da.
Garai bateko 25. poligonoan, Galardi Udal haurtzaindegiaren parean kokatuko da Udaltzaingoa. Eraikina martxan jartzearekin batera, Udaltzaingoaren behar guztiak osatuta geratzen direla esan daiteke. Are gehiago, inaugurazio-ekitaldian esandakoaren arabera, Andoaingoa inguruko udaltzaingoen bilgune bilakatuko da. Bereziki, hainbat ikastaro eta trebakuntza egiteko. Horretarako bereziki puntako teknologia duen 25 pertsonentzako gela egokitu dute goiko solairuan. Itxura guztien arabera, iragarritakoa horrela izango da. Izan ere inaugurazio ekitaldian Tolosako edota Lasarte-Oriako udaltzainak izan ziren.
Andoaingo Udalarentzat ere egun handia zen. Eraikin berrian alderdi guztietako ordezkari guztiak bildu ziren. Haiekin batera ere, Espainiako Gobernuko Gipuzkoako ordezkaria ere izan zen.
Aurrerantzean, beraz, andoaindarrek Udaltzaingoaren harrera gunea edota garabiak hartutako ibilgailuak Urigaindik gora doan aldapan aurkituko ditu. Andoaingo udaletxeko beheko solairua, bestalde, udal zerbitzuetarako erabiliko da. Errolda-agiriak eskatzeko edota obra txikien baimena eskatzeko zerbitzuak, besteak beste.

Udaltzaingoa datutan

ZENBAKIAK

  • 437.000 euroko aurrekontua.
  • 21 udaltzain dago lanean, egun.
  • 3 solairukoa da eraikin berria.
  • 2 kalabozo ditu.

OSAKETA

  • Behekaldean, kalabozoak eta biltegia. Erdiko solairuan, harrera eta aldagelak. Goiko solairuan bilerak egiteko gela.

BILGUNEA

  • 30 pertsonentzako ikasgela dago, puntako teknologiarekin. Inguruko udaltzainekin batera ikastaroak egin nahi dituzte.
  • 943 300 819
  • Eraikin berria inauguratu zen, telefono zenbakia berdina da oraindik orain. Alde horretatik, aldaketarik ez.

PEDRO RORIGUEZ ELKARRIZKETA
Inaugurazio-ekitaldira agertu zirenei beharrezko argibide guztiak eskaini eta gero, Pedro Rodriguez Andoaingo Udaltzain burua pozarren agertu zen.

Egoitza berria inauguratu berri da, zein da zure lehen inpresioa?
P.R. Pozik, oso pozik. Hogei urtean borroka egin ondoren, beharrezko guztia duen instalakuntza lortu dugu azkenean.

Zer esan dezakezu eraikinaren inguruan?
P.R. Oso proiektu polita da, bazen garaia! 21 udaltzain gaude eta orain arte genuen tokia oso txikia zen. Horrelako egoitza bat beharrezko genuen.

Aukeran ez al dago herrigunetik urruti?
P.R. Ez, ez. Hori dirudi. Baina Udaletxetik hona oinez bi minutu dira. Kontuan izan arrapala mekanikoak ere baditugula. Horrela oso eroso hurbil daitezke herritarrak hona.

Urte luzez, beraz, hauxe izango da Andoaingo udaltzaingoaren gunea.
P.R. Nik uste hemen betiko egongo garela.

Pagazaurtunduaren omenez
Bisitariak sarreran sartu zirenean, Estanis Amutxastegi Andoaingo alkateak eta Pedro Rodriguez udaltzain buruak Joxeba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzain izandakoaren omenezko plaka erakutsi zuten. Alkatea harro eta pozarren agertu zen, “ziur nago Joxebak beretzat nahiko lukeela horrelako eraikina. Pozik nago, bestalde, Joxebaren lankideek plaka hau bere omenez jartzeko izan duten ideiarekin”. 

BIDEOA: ERAIKIN BERRIA, KALABOZO BERRIAK

Inaugurazio ekitaldian, besteak beste, bi kalabozo berriak ikusteko aukera izan zen. Bideoa, aiurri.com gunean ikusgai dago bideoen atalean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!