Eskualdeko bus zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 9a, 11:17

Andoain, Urnieta, Hernani eta Donostia herriak lotzen dituen bus zerbitzu publikoa Garaiar konpainiaren ardurapean dago. Aurreko mendearen erdialdera sortu zen, familiarteko giroan. Gaur egun, Garaiar konpainiak 17 autobus ditu, eta 30 langile. Eskualdean barrena egiten duten zerbitzuaren inguruan eta etorkizunari begira, Manolo Garaiar konpainiako kideak oso adierazpen argiak egin ditu.

Lurraldebus ekimenaren bigarren urteurrenean Foru Aldundiak balorazio oso ona egin du. Zein da zure iritzia?
Manolo Garaiar.
Esperientzia berria da, txartel bakarra ipini arte ez zegoen alderik erabiltzaile handia edo txikia izan. Txartelarekin erabilera saritu da, lehen bidaiatik beherapenak eskainiz. Honek esan nahi du, Lurraldebus txartelarekin lineako busa erabiltzen duenak hasieratik %40eko deskontua izango duela. Hortik aurrera, erabilera areagotu ahala, askoz hobe. Bidaiak metatuz doazelako eta merketzen doalako. Hilabeteko epean bidaia asko metatuz gero, 11 zentimokoa izan daiteke bidaia baten kostua.
Sistema ona da, behingoz Gipuzkoan martxan jartzea lortu dena. Eta onuradunak, guztiak gara.

Bidaiarien igoera hori zuek ere nabaritu al duzue?
M.G.
Zalantzarik gabe, igoera handia izan da. Txartel bakarrari esker, jendeak garraioaren erabilera handiagoa egiten du.

Zein ordu eta egunetan?
M.G.
Puntako ordu horietan. Lanera sartzeko ordua, ikastetxean sartzeko garaia... Langileek eta ikasleek zehazten dute ildoa. Erabileraren irizpideak bi segmentu horien arabera zehazten dira. Beharrezko denean zerbitzua indartu egiten da. Ikasturte osoan zehar, lan karga handiena ikasleek eta langileek sortzen dute.

Konpainiako arduradun eta gidari bezala, Urumeako autobiak zer nolako eragina du?
M.G.
Urnietako tartea zabaldu arte, obrak iraun bitarte, Urnieta kalbarioa zen. Punta-puntako orduetan, egun osoan zehar ere bai. N1 errepidean Andoain-Lasarte herrien artean norabide batean edo bestean istripua zegoenean, trafikoa GI-131ra igarotzen zen. Eta, Urnietako herrigunean dagoen semaforo piloarekin, etena erabatekoa zen. Inork ez du arazo honen inguruan laguntzarik eman. Udaletxera deitzen genuen, eta irtenbiderik ez zegoen. Herriguneko bizilagunak babestu behar direla esaten ziguten. Oso ondo iruditzen zait, baina eskualdeko busen ordutegiak ez badira betetzen arazoak ere hor jarraitzen du.
Urumeako autobia Hernani-Urnieta tartean ireki da. Ikusgarria da hobekuntza Urnietan. Hainbestekoa da, urteak atzera egin dugula dirudiela. Urnietara iritsi eta pasa egiten dugu arazorik gabe, lasai ederrean.
Baina zer gertatu da? Arazoa orain Andoainen dago. Eta non dago arazoa? Andoainen, Bazkardoko etorbidean. Funtsean, Kaletxikiko semaforoarengatik. Horrek soka luzea, ilara luzea, sortzen du. Une honetan (urriak 8, osteguna. Goizeko 09:30ean) soka edo ilara Kaletxitikin hasi eta ITVraino iristen da. Hain justu, Urumeako autobia hartzeko errotonda edo biribilunearaino.
Urnietatik Andoainera joateko une honetan 25-30 minutu igarotzen dugu. Gauzak horrela, gure ordutegien frekuentzia hautsita dago. Hau konpontzea oso zaila da. Zein da irtenbidea? Konpainia bezala, bus gehiago txertatzen ari gara baina ez da irtenbidea, denok ere ilarak sufritu behar ditugulako. Andoaingo udaletxera deitzen dugu, eta ez digute kasurik ere egiten. Lehen, Urnietako udaletxearekin gertatzen zitzaiguna orain Andoaingoarekin gertatzen zaigu.
Nire galdera, horrelakoetan, hauxe da: Garraio publikoa esaten duten bezain garrantzitsua al da? Politikoki oso garrantzitsua dela dirudi, baina praktikan ez da horrela. Traba egiten dugu, autobusak traba egiten du.
Arazoaren aurrean, gainera, erreklamazioak ez doaz udaletxeetara baizik eta bus konpainiara. Erreklamazioak gure kasuan eguneroko ogi dira.
Irailean Urumeakoa ireki zenetik arazoa handituz joan da Andoainen, eta hauxe da dagoena.
Garraio publikoa sustatzen badugu, benetan egin behar da. Lehentasuna eman behar zaio garraio publikoari, bestela alferrik gabiltza.

Zuen ordutegien atzerapenak zerikusirik ba al du esaten ari zarenarekin?
M.G.
Eragin zuzena dauka, trafikoaren eraginez gertatzen dira atzerapenak. Hainbat ordutan arazorik ez dago, baina puntako ordutegian arazo handiak sortzen dira.
Esandakoa, lehen arazoa Urnietan zegoen. Vegasan hasi eta Mandazubiraino. Orain, aldiz, zoragarria da.
Andoainen dago arazoa, eta handia. Eta zein da arazoa? Andoaingo sarrera. Kaletxikin lehen semaforoa dago eta ez dago modurik. Kotxeak pilatuz doaz eta ilara Urnietako ITVraino iristen da. Andoaingo udaltzaingora deitzen dut eta erantzuna oso sinplea da: "–Ez da gure konpetentzia, Ertzaintzarena da".
Eta nik erantzuten diot,
"–Eta Kaletxikiko semaforoa Ertzaintzaren konpetentzia al da?".
Eta zera esaten didate, "–Udalak Garraio sailari semaforoa jartzea eskatu dio eta baimena eman digute". Beraz, semaforoaren konpetentzia Udalarena da!
Eta horrela gaude, arazoa ez da nirea, arazoa besteena da... Arazoak beti bestearen esku utziz. Bien bitartean, Garaiar konpainiako bidaiariak eta konpainia bera pairatzen ari gara egoera. Egoera horren aurrean ahal duguna egiten dugu. Hiru autobusek betetzen zuten zerbitzua, une honetan bost ditugu. Bost! %70 igo dugu autobus kopurua. Eta ez jende gehiago hartu behar dugulako, ordutegiak bete ahal izateko baizik. Gure bezeroak esandako orduan igo daitezen.
Baina Urnieta-Andoain egiten 25-30 minutu igarotzen badugu, dena hankaz gora jartzen da. Ez dago ordutegia betetzeko modurik. Inondik inora.
Nola konpondu? Bada, udaletxeen laguntzarekin. Irtenbidea Andoainen erraza da: Puntako orduan Kaletxiki, Cenia eta Bazkardoko eremuetan dauden semaforoak keinuka ipini eta ibilgailuen pasaera arintzeko udaltzainak jarri. Oinezko batek pasa behar badu, trafikoa eten egiten da. Eta bestela, trafikoa arindu. Airea eman behar zaio trafikoari.
Semaforo kopurua handitzearekin ez dugu deus lortzen. Segundu asko galtzen da minutuero, eta orduak igaro ahala alferrik galtzen den denbora izugarri handia da.
 
Ospitalera joateko zerbitzua egun osoz noizko?
M.G.
Bizpahiru hilabeteko epean martxan jarriko dela uste dugu. Urte hasierarako martxan behar luke. Plana oso erraza da. Garai batean bus zerbitzua martxan jarri zen, ospitalean zegoen jendeari bisita egiteko ordutegia oso zorrotza eta murriztua zelako. Jendeak zerbitzu hori eskatzen zuelako ipini zen.
Eta hor dago, erabat atzeratuta, zentzurik ere ez duela. Gauzak asko aldatu dira urte hauetan: Eremu berean zerbitzu eta ospital berriak daude. Dagoeneko ez gara hara joaten soilik bisitan. Jendea medikutara, kontsultara doa. Haiei guztiei zerbitzua eman behar zaie. Baita erresidentziako langileei ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!