Futbola eta elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 9a, 11:12

GONZALO FERREIRO
ELKARTASUNAREN BIDEGILEA

Palestinaren aldeko elkartasun ekimenak burutzen ari dira aspalditxotik Gonzalo Ferreiro eta Aitor Alustiza gazteak. Hango hiru futbol taldeei materiala ematera joan berri da Ferreiro.

Aiurri: Zer motatako materiala eraman duzue?
Gonzalo Ferreiro: Hiru taldeentzat ekipamendua eraman dugu, Balata errefuxiatuen guneko hiru taldeentzat hain zuzen. Euskalduna futbol taldeak elastikoak, galtzak eta galtzerdiak eskura jarri zizkigun, eta 8-11, 11-14 eta 14-17 urte bitarteko gazteek osatutako taldeak janzteko balioko dute. Materialaz gain Euskaldunak eman zizkigun 600 euroekin, berriz, hango dendetan baloiak, eskularruak eta antzeko materiala erosi ahal izan dugu.

Zu bertan izan zinen. Nola izan zen jantziekin taldeek egin zuten estreinuko eguna?
G. F.: Ilusio handiko eguna izan zen jokalarientzat. Arropa berria jantzi eta futboleko patiora atera zirenean, egundoko ikuskizuna eragin zuten. Ikusle mordoa bildu zen talde uniformatua ikustera.

Jantziak erosteko ere dirurik ez al dute?
G. F.: Mendebaldekooi ez zaigu irudituko, baina dirutza da horientzat talde bat txukun jantzi ahal izatea. Asko da 300 euro palestinarrentzat, eta noski, daukaten apurra oinarrizko beharretarako bideratzen dute.

Ze izen jarriko diete taldeei?
G. F.: Pentsatzen dut Euskalduna-Balata izena eramango dutela. Oraintxe, emaitzak, kronikak… noiz bidaliko dizkiguten irrikitan gaude.

Eta futbolerako zaletasunik bada Palestinan?
G. F.: Izugarria! Han denek dakizkite buruz Real Madril edo Bartzelonaren hamaikakoak, eta edozein bazterretan aritzen dira futbolean. Kaleko futbola baino entretenimendu merkeagorik ez dago Palestinan. Gainera, gurasoek nahiago izaten dituzte haurrak kale gorriko gatazketan sartuta baino futbolean ikusi.
 
Zailtasunak dauzkatela aipatu duzu lehen, afizionatuen liga bat aurrera eramateko…
G. F.: Egin kontu Balata beste lekuetatik kanporatu dituzten palestinarrez osatutako eremua dela. Kilometro karratu batean 20.000 pertsona bizi dira. Balata “zeru zabalean dagoen kartzela”tzat definitzen dute bertako biztanleek. Debekatuta daukate aldamenean dauzkaten zenbait herritara joatea; Jerusalemera, adibidez.    

Zabaldu egin nahi duzue, beraz, hango futbol taldeak hornitzearen kanpaina…
G. F.: Euskaldunak eman digu jada beste jantzi sorta; Ebrongo eskola bateko futbol talde batekin harremana egin dugu, eta orain materiala bidaltzea falta zaigu.
Ekimen hau nahiko berria da, eta Euskalduna-k egin duen antzera, Euskal Herriko beste taldeek ere horrelaxe joka zezaten nahiko genuke.

Beste ekimenik ari zarete bultzatzen oraintxe Palestinaren alde?
G. F.: Gaztetxoen arloa jorratzen jarraitu nahi genuke. Saharauiarrekin egiten den bezala, haurrak hona ekarri hausnartzen ari gara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!