Pregoia
“Pozgarria da Iñistorra elkartearentzako A gripea eta krisiaren urtean festak irekitzeko ohorea izatea. Aspalditik gripeak jota dagoen gure hizkuntza krisialdiaren eragina nabaritzen ari den honetan, zein gu baino egokiago lan honetarako?
Aukera hau baliatu nahi dugu aldarrikatzeko euskarak noranahikoa behar duela izan, eta euskarak bere tokia behar duela festetan ere. Beraz, utz ditzagun alde batera, alferkeria eta lotsa, eta goza dezagun Sanmieletaz euskaraz. Izan ere, gure hizkuntza keinu txiki askori esker bizi da eta biziko da.
Txupinazoa botatzeko une honetan, euskararen alde lanean ari diren eta oro har euskararen aldeko hautua egiten dutenak ditugu bereziki gogoan. Horiek baitira indarra eta adorea ematen digutenak.
Gure artean ez daudenak gogoan, ondo pasa jaiak!
Gora Sanmielak! Gora Urnieta!”
Egilea: Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra.
Irakurle-pregoilaria: Rosa Elosegi.
Txupinazoa: Joanito Arruarte.
Urnietan, 2009ko irailaren 27a.
Praxku Belauntzaran, Urnietar Prestu
Praixku Belauntzaran herritarra izan zen aurtengo omendua. Txanbolineko txistulariak eta Egapeko dantzariak bertan zirelarik, Jon Unanuek, Praixkuk saria jasotzeko egindako merezimenduak jakinarazi ondoren, bizkar-zapia eta agiri bat jaso zituen. Eta Monika Oterminek, Praixkuren emazteak, lore sorta eder bat. Zorionak Praixku eta familia!
Beñat Gaztelumendik honako bertsoa eskaini zion:
Urnietar Prestu gisara
izendatu eta hara
gaur omenaldi bat jada
lan egitea ikusten denez
zuretzako ez da traba
“curriculuma” entzute hutsez
gu ere nekatu gara.
Bertsoa, ezinbestekoa Iñistor jaian
Lau bertsolari aritu ziren Iker Iriarte gai-jartzailearen aginduetara: Uxue Alberdi, Julen Zelaieta, Beñat eta Unai Gaztelumendi. Ordu eta erdiko saioaren ondoren, Aiurrirako honako adierazpenak egin zituzten Beñat Gaztelumendik eta Uxue Alberdik.
Euskal herriko bertsolari txapelketa hastear da...
Beñat Gaztelumendi: Nire lehenengo txapelketa da.
Uxue Alberdi: Nahi baino gutxiago prestatuta noa, uda guztia lanean eman dudalako, baina esan beharrekoa esango dugu.
Jendeak zer dio?
B.G.: Jendeak nigandik espero lezakeenak ez nau gehiegi arduratzen, gehiago nire buruari diodanak. Entrenamenduetan gustura nabil baina hara joandakoan zer gertatuko inoiz ez da jakiten.
U.A.: Askok Gipuzkoako txapelketan ezagutu ninduten, berria izateagatik sorpresa izan nintzen, horrek poza ematen dit, baina badakit badaudela nire mailako hainbat bertsolari txapelketa honetan kantatzeko aukerarik gabe izango direnak. Gazte asko gaude maila tekniko bat daukagunak, eta gero, eguna, gaia, asmatzea, horren araberakoa izaten da emaitza.
Konforme, zerekin?
B.G.: Azkenean puntu batzuk daude, eta asko gaude antzeko mailan. Urte hauetan nire bertsokera aurkitu dudala uste dut eta “ni” izatearekin konforme geldituko nintzateke. Saioa bukatu eta etxera iritsitakoan, “nirea egin dut” esan ahal izatea.
U.A.: Gustura kantatu ezkero konforme. Horrek esan nahi baitu nire buruarengandik espero nuena eman dudala. Oso pozik egongo nintzateke final-erdietara pasa ezkero.
Exijentea al zara zerorrekin?
U.A.: Konturatzen naiz txapelketa hurbildu ahala ahal dudana eman nahi dudala, baina saiatzen naiz karga hori kentzen, bertsoekin gozatu egin nahi dut, eta gainera iruditzen zait bide berriak ireki behar direla eta bide berriak ez dira txapelketan irekitzen.
Estrategiarik?
U.A.: Estratega txarra naiz, bizitzan eta bertsotan. Pertsona oso emozionala naiz, eta emozioetatik kantatzen dut. Edozein arte esparrutan gauzak benetakotasunetik abiatuta egin behar dira eta horrela egindakoan jende batengana iristen da. Epai mahaiarekin normalean ados izaten naiz nirekiko puntuazioei dagokionez.