Gurasoei ikastetxez aldatzea eskatzera ere iritsi nintzen, nik ere haur danborradan parte hartu nahi nuelako. Jainkoari esker, gaur egun Urnietako umeek ez dute horrelako egoerarik biziko. Eta hori horrela da Egape ikastolako gurasoak danborradan parte hartzeko egin duten lanari esker eta Presentacion de Mariakoek urteetan zehar tradizioa bizirik mantentzeko egindako lanagatik.
Hemezortzi urte bete nituenean, hau da, helduen danborradan parte hartzeko gutxieneko adina, lagunartean aipatu nuen ea helduen danborradan parte hartzeko prest zegoen norbait, eta nire proposamenari kasu handirik egin ez bazioten ere, beste bi edo hiru lagunekin Urdanborren izena eman nuen. Urnietako kaleetan danborra joaz irten nintzen lehenengo egun hartan erruz gozatu nuen. Gogotik ari zuen euria, baina niri ez zitzaidan axola, hainbeste urtetan zain egon ondoren barruan sentitzen nuen poza izugarria baitzen.
Handik urte batzuetara Urdanborreko zuzendaritzak eskatu zidan danbor eta barrilen trajeen diseinua egiteko. Aurrez, Alkate Txikien jantzi ofizialaren diseinua egina nuen, Urnietako jantzi ereduzko edo berezi bat egiteko asmoarekin. Horretarako, dokumentatzen ibili nintzen, jakin nahi izan nuen gure aurreko urnietarrak noizbait jantzi bereziren bat erabili ote zuten. Baliagarria izango zen ezer ez nuen aurkitu eta herriko armarriaren koloreak eta Gipuzkoako ereduzko trajeak oinarritzat hartuta egituratu nituen, bai Alkate Txikien jantziak, bai danborrenak.
Urte batzuetara Urdanborreko zuzendaritzako partaide izatera pasa nintzen, bertako behin-behineko zuzendari izanez, elkartea barne-gatazketan murgilduta zegoen eta une zailak izan ziren haiek. Baina inguruan nituenei eta neroni esfortzu handia eskatu bazigun ere, azkenean lortu genuen arazoak gainditzea. Urnieta eta urnietarren ezaugarrietako bat ez galtzea izan zen gure helburua. Ez dakit onerako edo txarrerako izan den, baina oso gaztetatik borrokatu izan dut euskal kulturaren alde, tradizioak mantendu eta berriak sortzearen alde, eta gure euskal nortasunaren alde, eta hori egin izanaz oso zoriontsu eta harro nago.
Astekari honek Sanmiel jaietako ekintzetan parte hartzeaz gain gainontzeko herritarrak parte hartzera bultzatzen gaitu eta bere presentziak egiten dugun horretan sinesten eta gehiago gozatzen laguntzen digu. Eskertu gaur egungo Urdanborreko zuzendaritza, Agustin Ramos, Fermin Sanz, Aitziber Mugika, Belen Arribillaga, Toñi Sanz, eta danbor-jole guztiak, beraiek egiten duten lana eta eskaintzen duten denbora herriko jaietan parte hartzeko. Gora Sanmiel!!!
Helduen danborrada, larunbata 3, 20:00 San Migel parrokian. 23:30 herriko kaleetan zehar.