“Behin haurren danborrada bukatuta, Egape Danborrada taldea osatzen dugunok eskerrak eman dizkiogu Urnietako herriari igandean egindako harrera onagatik.
Bere egunean adierazi genuen bezala, gure helburuak ziren haurren heziketarako baliagarria izatea, Sanmiel jaietan parte hartzea eta umeak ere jaiaren protagonista izatea.
Guraso, haur eta abarren arteko elkarkidetza eta harreman ona zen gure beste helburuetako bat. Eta gaur esan dezakegu hasiera haietan hartutako konpromisoa eta bide honetan umeek eman dizkiguten une zoragarriak kontutan izanik helburu hori ere beteta geratu dela.
Ez genuke aukera hau galdu nahi eskerrik beroenak emateko, modu batera edo bestera amets hau egi bihurtzeko laguntza eman diguten guztiei.
Espero dugu hasi dugun lan honek jarraipena izatea eta aurrerantzean ere orain arte bezala gozatzen jarraitzea. Eskerrak, azkenik lagundu diguten Urnietako komertzioei, Marcial Labayeni egindako lanagatik eta Andoaingo Larramendi ikastolari, beraien laguntzarik gabe hau guztia bideraezina izango baitzen”.