Nondik dator ideia?
Juxto Egaña: Sanmieletan herri kantu kalejira egin izan dugu. Ekintza mordo bat zegoela eta, aurten Jakutegi plazan zerbait egitea pentsatu genuen. Mikel Laboaren DVD-a atera berria zen, hil berria bera. Bere inguruko monografiko bat egitea bururatu zitzaigun, jendeari partaidetza zabalduta.
Antton Jauregi: Lourdes Iriondo hil zenean, Kantuzale Elkarteak bere kantak berreskuratuz kontzertu bat antolatu zuen. Gurea antzeko zerbait izango litzateke, xumeagoa, herri mailakoa. Herritarrek parte hartzea nahi genuke, Marizulorekin sortu zen bide horri jarraitzea.
Gainera, Mikel Laboak bazuen Urnietarekin lotura estua?
J.E.: Ez dakit lotura artistikoa esan genezakeen, baina bai, lotura afektiboa bazuen. Urnietan, kalean ikusten zen. Bera oso hurbileko pertsona zen.
Zer nolako egitura izango du ekitaldiak?
J.E.: Jendeak ezagutu eta kantatzeko errazak diren hamabost bat abesti aukeratu ditugu. Letrak pantaila batean proiektatuko dira. Lagungarri gisa, beren burua abesteko eskaini duten hainbat herritar izango ditugu. Laboaren DVD-ko irudiak ere proiektatuko dira.
Egitarauari begira, aldaketa izango da hitzorduari dagokionean?
A.J.: Urriaren 2an, 19:00etan kalejira ez da izango. Horren ordez Mikel Laboaren omenaldia burutuko da. Urnietarrak ekitaldira gonbidatu nahi ditugu. Herritar batzuk abestuko duten arren, aulkietan eserita egongo den jende guztiak ere kantatzea nahi dugu. Jarraian, Poxta Zaharrekoek oilasko jana antolatu dute.
Dantza sokan ere parte hartuko duzue. Halako ekitaldi bat berreskuratzea pozgarria da ezta?
J.E.: Orain omentzen ari diren Maria Arizmendiren hitzak jasoaz, berak dio nola dantza soka egiten zen Urnietan eta berak proposatu zuen berreskuratzeko ahalegina egitea.
A.J.: Luis Mari Zaldua izan zen ideia proposatu zuena. Guk eman genuen bigarren pausoa. Egape dantza taldearekin hitz egin eta eurek hartu zuten erronka hori. Egia esan, lan handia egin dute. Beraiek izan dira bideratu eta dena antolatu dutenak. Gu tartean gaude, txistua jo beharko dugulako.
Egunotan, lan askorekin egonik, denera ailegatzen al zarete?
J.E.: Egunero saioak eginez, eta laneko ordutegiari denbora lapurtuz, elkarri mezuak bidaliz. Partiturak egin, zuzendu… Eskerrak irailean goizeko lan ordutegia izan dugula, bestela ezin izango genuen hori guztia egin. Udak eten handia suposatzen du eta azkenean, estres handia azken txanpa honetan.
A.J.: Egia da halere, bi izateak abantaila bat ere suposatzen duela. Zenbaitetan bera arduratzen da zenbait gauzetaz, eta ni beste batzuetaz. Osagarriak gara.
Bi ekitaldi parte hartzaileen lekuko izango zarete. Halako jai ereduen aldekoak ezta?
J.E.: Beti nahi dugu jendearen partaidetza eta ahalik eta gehien eurengana hurbiltzea. Eta berak ezagutzen duten horren gainean, haiek zerbait gehiago egitea. Batzuetan iristen gara, eta bestetan ez. Marizulorekin bete betean asmatu genuen, uste ez bezalako arrakasta izan zuen. Guk behintzat ahalegina eta ilusioa jartzen dugu.
Kalejiran ibili ohi izan zarete. Saihesbide berriarekin, etorkizunean Idiazabal kalean lasaiago arituko zarete?
J.E.: Diana kale hauetan jotzerakoan, ez du herriko arkitekturak laguntzen. Guk Hernanin jo izan dugu, oso kale estu eta bilduak dira. Idizabalen aldiz, autoak gora eta behera, espaloitik beldurrez edo erdi ezkutuan ibili behar izaten dugu. Saihesbideak naturaren aldetik hainbeste kalte eragin arren, ia horrek onurarik ekartzen duen herri bizitza gune bat sortzeko. Izan ere Urnietak defizit handia badu, sakabanatutako guneak daude eta erreferentzia gune bat falta zaio.
Herriko jaiekin hasitako ikasturteak zer dakar zuentzat?
J.E.: Marizuloren, Maria Arizmendiren omenaldiaren eta Sanmielen ostean, hamabostero entsegu saioak izango ditugu. Bestalde, eskola badugu txistulari berriei irakasteko eta kimu berriak sortzeko. Pozik gaude, urte askoren ostean, talde finkoa osatua dugulako.
Hutsik egiten ez duen ekitaldia izan ohi da diana, beste hainbat ohitura galdu diren artean?
J.E.: Urnietan garai batean diana guztiak txistulariok jotzen genituen baina gaur egun jada ez gara bakarrak. Sortu dira dultzaina taldeak, trikitixa talderen bat ere badago. Ahal den neurrian, onartzen gaituzten artean segituko dugu.
ABESTIAK ETA ABESLARIAK
Zilbor hesteak: Juxto Egaña.
Baga Biga: Zuzenean.
Haika mutil: Mikel Izagirre eta Alberto Garcia.
Negu hurbila: Olga Outeiral, Maddalen Pradera.
Txoria txori: Iñigo Oruna.
Pasaiako herritik: Maripi Sarasola eta Marijo Pagola.
Izarren hautsa: Nerea Gomez.
Goizueta: Kristina Barrenetxea.
Iturengo arotza: Mikel Aldanondo.
Oi Pello Pello: Aitor eta Adriana Unanue.
Martxa baten: Natalia Rodriguez.
Egun da Santi: Egape ikastolako Euskal Herriko Kantu Txapelketan parte hartu zuen taldea.
Zure begiek: Edurne Lete.
Sorterriko koblak: David Rosco.
Herria hizkuntza: Kontxi Begiristain eta Fermin Argiñarena.
Ihes betea: Arantxa Miguez.
Haize hegoa: Fermin Zinkunegi.
Zuzendaritza: Juxto Egaña.
Bibolina: Helena S
Gitarra: Xabier Ubillos.
Akordeoia: Fermin Argiñarena.
Pianoa: Izaskun Etxeberria.
Xirula: Antton Jauregi.
txanbolin.blogspot.com