Xoxoka: Sanmielak igaro eta berehala (egitaraua)

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 1a, 10:43

Edariak lortu, banderak zintzilikatu, barrak jarri… Jai Batzordeko kideak festen antolaketa lanen azken txanpan murgilduak daude jada. Egun gutxi geratzen dira, asteburu hau pasa ostean, Sanmielak bukatu eta ordu gutxira jaien lekukoa Xoxoka aldera igoko da. Nabari da bai, jaiak badatozela. “Urtero zain egoten gara, auzoko festak noiz iritsiko zain, eta ia zer egongo den. Giroa gehiago nabari da gazteongan”, adierazi du Jai Batzordeko kide Maitane Errazkinek.

Aurtengo jai egitaraua esku artean hartuta, Xoxokan lehiarako joera berezia badela suma daiteke. Tiro eta toka txapelketak, mus azkarra, artzain txakur trebetasun lehiaketa… Eta herri kirolak. “Gehienbat igande arratsaldeko herri kirol saioa jendeak oso gustuko du, eta eguraldi ona egiten badu askoz gehiago. Ezkonduak ezkongabeen aurka ariko dira eta hori beti errituala izaten da. Jendea horren zain egoten da”, adierazi du Errazkinek.
Erritual hitza aipatzen du behin baino gehiagotan Maitanek, Xoxokako ospakizun astea deskribatzerakoan. Tradizioari eutsiz, aurten ere bertsolariek ez baitute hutsik egingo. Jaien hasieran, J.M. Irazu eta Amets Arzallus gonbidatu dituzte. Gainera, Amaia Agirre eta Iker Zubeldia gonbidatu izango dituzten bertso-afaria ospatuko dute urriaren 9an Besabi jatetxean.

TRADIZIOA ETA ALDAKETA
Jaietako beste osagaia, aurreratu ezin den gau sorpresa izango da. Zerbait egongo dela, horixe iragarri digu antolakuntzak. Horraino urtero jai egitarauan falta ez den ekitaldi sorta. Denboran atzera eginda ordea, eta garai bateko festak egungoen pare jartzen hasita, aldea ba omen dago, ez txikia gainera. “Txikia nintzenean grabatutako bideoak ditugu eta asko aldatu dira jaiak. Lehen eskolak jai egiten zuen, haur guztiak gora igotzen ziren. Bertako jendeak gehiago parte hartzen zuen”, oroitzen du Errazkinek.
Anaitasuna izango da aurten ere Sanmielen eta Xoxokako jaien artean. Horren haritik dator jai batzordetik luzatu nahi duten gonbita: “Goiko jendea jaisten da behera, herri kirolak direnean, Baserritar Egunean… Gu jaisten garen moduan behekoak ere gora igo daitezela”.

AUZOLANA BERPIZTEN
Galdutako auzolana babestea. Helburu horrekin inauguratuko dute astebete barru, Xoxokako garai bateko eskola berritua. Behemendik eta Udalak bultzatuta, azken hilabeteotan berrikuntza lanak burutu dira bertan. Emaitza, urriaren 10ean zabalduko den bilgunean nabarituko da. Aurrerantzean, Xoxokako auzotarrek dituzten egitasmo, ideia eta proposamenen laborategian bihurtuko da aterpetxe zaharra. Bilgune irekia izango da.
Elkarteko kideak datozen hilabeteotan gauzatu nahi lituzketen egitasmoak zehazten joango dira aurrerago. Asmoa, aurreko belaunaldiek egindako lanari jarraipena ematea litzateke, hurrengo belaunaldiei begira lan egitea. Auzo giroa eta auzolana berpiztea. Baita festetan ere. Jaien antolakuntza lanei dagokienean, etapa baten amaiera eta garai berri baten hasiera suposa dezake eta, irekitzear den Xoxokako garai bateko eskola eraberrituak. “Nik uste bultzada handia emango diela jaiei. Asmoa, aurrera begira festak denon artean antolatzea izan liteke”, adierazi du Errazkinek. Bere ustez, auzoan nabari dute elkarlanerako gogo eta giroa. “Nik uste orain elkartuago dagoela. Eskola berrituaren gaiarekin hasi ginenetik, auzoko jendea biltzea lortu dugula uste dut”, gaineratu du. Antolakuntza lanetara ere belaunaldi berria hurbiltzen hasia omen da jada.

EGITARAUA

URRIAK 5, ASTELEHENA

  • 11:00 Herri kirolak: Telleria eta Mugertza aita-semeak. Ondoren, trikitilariak: Joseba Iparragirre eta Ander San Jose.
  • 12:00 Bertsolariak: Jexux Mari Irazu eta Amets Arzallus.
  • 14:00 Herri bazkaria, Adarra jatetxean (txartelak salgai jatetxean bertan aldez aurretik).
  • Arratsaldean bertso saioa, plazan.


URRIAK 6, ASTEARTEA

  • 17:00 Idi probak.
  • 22:30 Gau sorpresa.


URRIAK 9, OSTIRALA

  • 20:30 Bertso afaria Besabi jatetxean. Bertsolari gonbidatuak: Iker Zubeldia eta Amaia Agirre. Txartelak salgai Frontoin eta Adarran.

URRIAK 10, LARUNBATA

  • 10:00 Artzain txakurren lehiaketa
  • 11:30 Egape Dantza Taldea.
  • 12:00 Eskola berrituaren inaugurazioa.
  • 16:00 Mus txapelketa azkarra.
  • 17:00 Gorriti eta bere animaliak.
  • 17:30 Xoxokako III. Tiro lehiaketa.
  • 18:00 Xoxokako toka txapelketa.
  • 23:00 Gaupasa, Kupela taldearekin.


URRIAK 11, IGANDEA

  • 12:30 Meza nagusia. Ondoren Egape Dantza Taldearen erakustaldia.
  • 17:00 Txinparta eta Latxe aurrez aurre. Herritarren artean bolo-bolo dabil datorren urriaren 11n arratsaldeko bostetan Xoxokan jokatuko den apustu bitxia. Alde batetik 60 urteko Daniel Sasiain “Txinparta” izango da, eta bestetik 15 urteko Aritz Lizaso “Latxe”. Danielek 300 sokasalto egin beharko ditu eta Aritzek 300 sagar bildu. Azkarrena izango da garailea.
  • 17:30 Herri kirolak: ezkonduak ezkongabeen aurka. Ondoren, sagardo dastaketa: Oianume, Setien, Eula, Otsuaenea eta Elutsetako sagardoa.
  • 18:00 Herriko trikitilariak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!