Sanmielak: Baserritarren egunarekin amaituko dira jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 1a, 10:42

Nahi adina oroitzapen, une hunkigarri, zenbat partaide, txapelketek utzitako zapore gazi-gozoak… Halako eta beste hainbat unez jositako mende laurdena bete berri du Urnietako Kirol Elkarteak (UKE). Urtero Udalak antolatuta Sanmieletan ospatzen den omenaldi beroa jaso zuten, 25 urtetan herri mailan kirol jarduera sustatzen aritu diren kirol elkarteko ordezkariek.


Mikel Izagirre alkateak Udalaren eta bertaratu ziren udal ordezkarien izenean hitza hartu zuenean, euren lana goraipatu nahi izan zuen. Bere esanetan, “UKE-k kirol jarduera bat baino gehiago irudikatzen du”. Kirolarien arteko laguntasun giroa aipatu zuen adibide gisa. Lortutakoagatik eskerrak ematearekin batera, belaunaldi berriei gonbita luzatu nahi izan zien, kirol elkartearen alde beste batzuk hasitako lanari, aurrera begira jarraipena eman diezaioten.
 
Patxi  Etxeberria
Irailaren 29an, Patxi Etxeberria liburuak sinatzera etorri zen Urnietara. Urteetan bertsoak botatzen huts egin ez duen moduan, Sanmiel egunean ere hantxe zegoen udalbatza aretoan, Xabier Lasak idatzitako bere biografia liburua sinatzen. Hantxe zegoen, bere bertso lagun Txomin Garmendia ere. UKE-ren omenaldi ekitaldia Patxi Etxeberria bera omentzeko ere baliatu zuten. Udalak emandako oroigarria jaso zuen, alkatearen esker oneko hitzekin: “Eskerrak gurekin izan zarelako, zaudelako eta izango zarelako”. Txomin Garmendiak bertso sorta ederra eskaini zion, sasoi horretan luzaro iraun dezala opaz. Larunbata eta igandean Iñistorrak San Juan plazan jarriko duen mahaian salgai izango da Etxeberriaren liburua 10 euroko prezioan.
Asteburuaren zain
Pasatakoa ondo joan baldin bada, datorrena ere horrela joango dela aurreikusten da. Ostiralean ekingo zaie berriro jaiei, eta larunbateko koadrilen egunaren ondoren, baserritarren eguna etorriko da igandean.
Festa-gune bateratuak eta eguraldi onak lagunduta ekitaldiak arrakastatsuak izan dira.
Herriko jaiak amaitu ondoren, astelehenetik aurrera festazaleak Xoxokara begira jarriko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!