Patxi Bergara, Ciclos Patxi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 1a, 10:28

Zumea Kaleko bizikleta dendaren jabea eta bertako mekanikoa da Patxi Bergara (Pasaia, 1964). Ciclos Patxi izeneko mendi bizikleta taldea babesten du dendak.

Aiurri: Noiztik zabiltza taldearen babesle bezala?
Patxi Bergara: 1992an etorri nintzen Andoainera, Leitz bizikleta dendan mekaniko bezala aritzeko. Urte batzuetara denda itxi egin zen eta 2001ean Zumea kalean denda berria irekitzera animatu nintzen. Aldi berean Leitz taldeko mendiko ziklistak babeslerik gabe geratu zirenei laguntzea erabaki nuen.

Nork osatzen dute gaur egun Ciclos Patxi taldea?
P. B.: Hiru  kirolari dira: Asier eta Josu Arregi anai andoaindarrak eta Olatz Odriozola urnietarra.
Noraino iristen da zure funtzioa taldean?
P. B: Materialari dagokionez, jantzi ekipamendua goitik behera ematen diet batetik; eta bestetik, merkatuan lau edo bost mila euro balioko luketen bizikletak merkeago ateratzen zaizkie nirekin, piezei eta esku-lanari esker. Lehiaketetan, berriz, mekaniko gisa aritzen naiz ia beti.  
 
Zer moduz moldatzen zara hirukotearekin?
P. B.: Primeran. Oso nobleak dira hirurak ere. Nahiko konfiantza dago gure artean, elkarri garbi hitz egiten diogu, eta ez dugu inongo arazorik. Eurek ondo dakite hau denda txikia dela eta gehiago ezin duela egin.
Are gehiago, zintzoegiak direla esango nuke. Oso fin entrenatzen dute, inor ez bezala zaintzen dira, eta parrandatxoren bat egiteko kalera atera nahi badituzu, arrastaka eraman behar izaten dituzu.
Nola ikusten dituzu datorren denboraldiari begira?
P. B.: Orain ziklo-krosean arituko dira, baina gero martxoan hasiko dira mendian. Oso gogor eta grinatsuki entrenatzen ari dira eta ondo ibiliko direla susmatzen dut. Asier Arregi iaz bost lehenbizikoen artean ibili zen Euskadiko elite mailan eta aurten ere antzera ibiliko da. Josu anaiari gogoz ikusten zaio eta aurrean ere ibili daiteke. Olatz Odriozola, berriz, iaz punta puntan ibili zen eta akaso gehiegi ez zaio kostako orduko garaipenak errepikatzea.     

Beste taldeekin alderatuta, zuek non kokatzen zarete?
P. B.: Gu txiroenetakoak izango gara. Txiroenak, baina gogoz eta mentalitatez kementsuenak. Nafarroa aldean, diru iturriak babesleetatik ez ezik administraziotik ere heltzen zaizkie, eta bada miloi bat euroko aurrekontua duen talderik.

Merkatariaren ikuspegitik, dirurik ematen al du babesle izateak?
P. B.: Taldeak dendari publizitatea ematen dio, noski, baina argi dagoena da azkenean errentagarria ez dela ateratzen ekonomikoki; lau bat mila eurotik gora galtzen ditudala kalkulatzen dut.

Zergatik jarraitu orduan babesle gisa?
P. B.: Neska mutilak serio ikusten ditut eta aurre-aurrean ibiltzen dira; horrek poza ematen dit. Gainera, arregitarrek eta nik aspalditik mantentzen dugun giza harremanak horrela jarrai nezan bultzatzen dit.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!