Galardi kalean kokatzen da egoitza; garai batean haur eskola eta azken urtetan helduen eskola bezala erabili izan den eraikina. Azken hilabeteotan berritu egin dute, eta eraikuntza lanak 437.000 euroko aurrekontua izan du.
Hiru solairu ditu eraikuntza berriak. Beheko solairuan jendaurreko harrera jarri da. Lehenbiziko solairuan, 25 pertsonentzat kabida duen erabilera anitzeko aretoa (udaltzainek formakuntzako ikastaroak egiteko), aldagelak eta jangela sartzen dira. Eta azkenik, sotoa udal autoen aparkalekua izango da. Bestalde, eraikuntza berriaren kanpokaldean lur eremu bat prestatu da, garabiak erretiratzen dituen autoak hantxe uzteko batetik, eta ikastetxeetako ikasleei bideko-hezkuntza irakasteko bestetik.
Andoaingo Udaltzaingoaren lantaldea, gaur egun, 17 udaltzainek osatzen dute.
Udal batzarraldiaren kronika
Estuasun ekonomikoak larriak dira nonahi, baita udal administrazioan ere. Gauzak horrela Gobernu taldeak kreditu aldaketarako eta kreditu eragiketak egiteko proposamenak aurkeztu zituen udal batzarraldian. Egoeraren gordina ikusita, oposizioko alderdi guztiek bat egin zuten proposamenarekin. Estanis Amutxastegi alkateak eskerrak adierazi zizkien udalkideei, erantzunkizunez jokatzen ari zirelako.
Oposizioko alderdiek, nolanahi ere, Gobernu taldearen proposamenei baiezkoa emateaz gain kritika egiteko aukera baliatu zuten. EAJko Iñaki Egibarrek gai hauen inguruan denbora alperrik galdu den sentsazioa agertu zuen. Gauzak garaiz eta ondo ez egitea leporatu zien agintariei. EAko Gabino Agudok ere modu beretsuan hitz egin zuen.
Josean Perez Gabarainen errenuntzia ere albiste izan zen.