Elkarteen arteko sukaldaritza jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 1a, 10:25

Batzokia elkarte gastronomikoaren talde eragile berria Andoainen zerbait ezberdina antolatu nahian zebilela, ezusteko arrakasta izan duen ekimena proposatu diete herriko gainerako elkarteei: jardunaldi gastronomikoak antolatzea.

Irailaren 24an hasi eta hilabetez Andoaingo elkarte guzti-guztietako ordezkariek menu bana eskainiko dute Batzokian bertan. Ikusteko eta ikasteko saioak dira. Lehen astean Karrika eta Ontza elkarteak igaro ziren Batzokiko sukaldetik. Karrikakoak zurrukutuna prestatzen ari ziren bitartean, Andoni Baltasarrek Batzokiaren egitasmoa zein den azaldu zion Aiurriri:

Lehen edizioa eta arrakasta erabatekoa izan da...
Andoni Baltasar. Hasiera batean gure kezka hori zen, ea elkarteen erantzuna zein izango ote zen. Azkenean elkarte guztiak inplikatu dira eta oso gustora gaude, bai.

Ideia oso polita da, gainera.
A.B. Bai, herrian elkarte asko daudela ikusirik denen artean zerbait egitea pentsatzen ari ginen. Harreman handirik ez dago urte osoan eta hau aurrera atera dugulako oso pozik gaude.
Gonbidapena elkarte guztiei egin zitzaien eta denen erantzuna baiezkoa izan da.

Jardunaldiak martxan, taldeko eragile zaren aldetik zein da zure lehen inpresioa?
A.B. Etorri den jendea oso gustora dago, lehen eguna izanik nahiko pozik gaude.
Igor Zalakain Arzak jatetxeko sukaldaria ere etortzekoa da. Berak zer moduz hartu zuen ideia?
A.B. Oso ondo. Herrian eta herritarren artean sukaldaritza bultzatzeko ideia oso polita iruditu zitzaion. Hasieratik ere bere laguntza izan du. Berak, gainera, urriaren 30ean afaria prestatu beharko du gainerako sukaldarien baldintza berdinetan.

Sukaldaritza, I.jardunaldiak,
Hurrengo hitzorduak Batzokian:
Frite de cordero extremeño.
Urriak 1, osteguna. 19:00.
Elkartea: Hogar Extremeño.
Entsalada epela, txitxarroa.
Urriak 2, ostirala. 19:00.
Elkartea: Errekaburu.
Sardina marinatua, bakailaoa.
Urriak 8, osteguna. 19:00.
Elkartea: Agustin Leitza.

JUANJO ZIGANDA &
ELOY ARTOLAZABAL

Karrika elkartea, lehena. Zurrukutuna, mediana betea labean eta udareak ardotan jardunaldietan prestatu zen lehen menua. Pozik zeuden biak ala biak.

Lehenak izan zarete, pozik?
Eloy Artolazabal Bai, oso. Ondo antolatuta dago. Sukaldean aritzeko  ere leku aproposa da. Balorazio positiboa egiten dugu, bai.

Zer moduz doa afaria?
E.A. Ondo, nire lankidea oso trebea da zopak prestatzen. Arrainarekin ere oso esku ona dauka. Batzurizopa, adibidez, ohikoa da gure elkartean. Maiz egiten dugu, sobera geratu den ogi guztiarekin.

Eta ekimenaren inguruan zein iritzi duzu?
E.A. Oso ideia ona da, elkarteetako jendearen aldetik izan duen harrera ikustea besterik ez dago.
Menuetan aniztasuna dago, ni neroni etortzekoa naiz berriro. Ikustera eta probatzera. Trianakoek salmorejoa nola egiten duten ikusi nahi dut. Ez dut, gainera, inoiz probatu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!