Bastero kulturgunearen denboraldi berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 1a, 10:24

Up eta Millenium filmeekin hasiera emango zaio asteburu honetan Basteroko zine programazioari. Bestalde, Iparraldea Andoainen zikloarekin hasiera eman zaio kultur programazioari.Hurrengo hilabeteetan Santa Zezilia eguneko kontzertuak, Ikuszirkus zirko ikuskizunak edota antzerki estreinaldiak iragarrita daude. Katalaneraz egiten den musika ere eskainiko da Basteron.

Krisi garaitik salbu izaten den bakarrenetakoa antzerkia omen da, adituen arabera. Jatetxe garestiak, lehen mailako kirol ikuskizunak... aisialdiarekin loturiko jarduera garestiago horiek lehenago nozitzen dute krisia. Eta, aldiz, antzerkira joateko joera horri eutsi egiten zaio oraindik ere. Bistan da orokorra dela fenomeno hori, Andoainen ere bai. Antzerkia, musika... ondo baino hobeto eusten diote urteko datuei erreparatuz gero.
Poztekoa da, era berean, zinema emanaldiek eta erakusteta aretoak izan duten gorakada. 2008an, urte osoan, 7.367 ikusle gerturatu zen zinemara. 2009ko lehen sei hilabeteetan 5.639 ikusle izan direla kontutan hartuta, iazko kopurua aise gaindituko dela espero da.
Erakusketa aretora gerturatu den jende kopurua, urte batetik bestera, bikoiztu egin da. Alde horretatik, Adelaida Ruiz de Larrinagaren Andoaingo eraikuntzen maketa erakusketara ikusgarria izan da hurbildu den jendetza. Zortzirehun bisitari izan ziren erakusketak iraun zuen astebetean.
Erabilera datu baikor horiekin kultur denboraldi berriari hasiera emango zaio hilabete honetan. Iparraldea Andoainen, Kataluniako musika taldeen emanaldiak, Santa Zezilia zikloa, Ikuszirkus zirko emanaldiak... kultur aukera zabala izango da krisiaren urtea amaitu bitarte.
Antzerkia eta musika emanaldiak ez dira, ziurrenik, krisitik salbu geratuko. Poltsikoa estutzen denean eragina orokorra delako. Nolanahi ere, beste jarduera batzuk baino gutxiago nozitzen ari dira krisia.
Gauzak horrela kultur eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango da Andoainen. Herritik atera gabe eta, orokorrean, Donostiako prezioak baino merkeago. Hori pagotxa hori ikusleentzako. Merkeago delako, bai. Eskasagoa ez, ordea.

Urtea amaitu bitarteko ekimenak

Iparraldea Andoainen. Iparraldeko kulturaren adierazle diren ekitaldiak hurrengo egunetan. Egitarau osoa, astekari honetako agendan. / Urria.

Antzerkia: Urrian Ron Lalá taldearen "Mundo y Final". Hurrengo hilabeteetan, Hika taldearen "Aitarekin bidaian", Golden Apple Quartet-en "Los Golden en serio" eta Kanpingags taldearen "Club de Caballeros". / Urria-Abendua.
Santa Zezilia: Aurten bi asteburutan zehar. Musika saioak: txistua eta akordeoia(Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarena), Donostiako Orkestrako soka laukotea, Udal Musika Eskolako banda, Mc Jeara´s band, piano digitalerako prestatutako obrak, Andoaingo musika taldeen arteko kontzertua. / Azaroa.

MUSIKA: Euskal musikari dagokionez, Maite Idirin abeslariak gabonetako kantak eskainiko ditu. Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin ere Basteron izango dira "Internet Kafe" saioarekin.
Catalunyako artisten emanaldiak Euskal Herrian eskaini daitezen, Eusko Jaurlaritzak programa bat jarri zuen martxan, eta hori baliatuz, Mª del Mar Bonet eta Gossos taldeak arituko dira Amaia Zubiria eta Bide ertzeanekin, hurrenez hurren. / Urria-Abendua.

IkusZirkus: Zirko jaialdiaren edizio berria, abenduaren 26tik 30era bitarte. Nazioarteko ikuskizunez gozatzeko aukera: Catalunyako Los Excéntricos, Belgikako Shakethats taldea, Erresuma Batuko Feeding the fish, Euskal Herriko Kili Kolo,... egitarau osoa hurrengo asteetan.  / Abendua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!