Mugikortasuna hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 1a, 10:22

Urnietako etxebizitza, plaza, kale edota aldapek, hau da, udalerriaren egiturak modu nabarian baldintzatuko du, etorkizunean herrian burutu nahi diren hobekuntza lanak. Herritarren mugikortasuna erraztu edota hobetzea izango da helburu nagusietako bat. Hain zuzen aipatu gaia ahotan hartu zen, Gizarte Zerbitzuekin batera, pasa den irailaren 22an Hirigintza Planari lotuta Lekaion antolatu zen bilkuran.

Alor hauetan aurrerabidean diren bi proiektu azpimarratu zituzten hizlari lanetan jardun zuten udal ordezkariek; Etxeberri plazan kokatuko diren anbulategi eta Eguneko Zentro berriak. Osasun zentroari dagokionez, 1.300-1.400 metro karratu izatea aurreikusten da. Egungoaren bikoitza, zerbitzu espezializatuei zuzendutako guneekin. Eguneko Zentroak 450 metro karratu izango ditu, 30-35 bat herritarrentzat lekua. Gainera, urritasun fisikoa eta psikikoa dutenak bereiziko lituzkeen lehenetariko zentroa izango litzateke Gipuzkoan.

OZTOPOAK GAINDITZERA
Udalerri aldapatsua izanik bestalde, herritar bat baino gehiagorentzat dauden oztopo arkitektonikoak zer modutan gaindi daitezkeen eztabaidatu zuten. Bertaratu ziren herritarren artean, batzuk arrapala edo eskilara mekanikoen aldeko apustua egiten zuten artean, nahiago zuten beste batzuk igogailua eraikitzea. Badirudi udal ordezkariek ere bigarren aukera bideragarriagotzat jotzen dutela, inbertsioa edota mantenimendu gastuak zenbatekoak izan daitezkeen kontuan hartuta. Asmoa Etxeberri plaza udalerriko goiko zonaldearekin lotzea litzateke. Osasun edota Eguneko Zentro berrietara joatea inorentzat oztopo izan ez dadin, edota alderantziz, Etxeberri plazatik udaletxe, kultur etxe edota Sarobera igo nahi duenak mugikortasun arazorik izan ez dezan.
Errepideei dagokienez, saihesbide berria zabalik dagoen honetan, etorkizunari begira, herria zeharkatuko luketen bi bidegorrirekin batera, Idiazabal kalearekin zer egin erabaki beharko da. Udal ordezkariek aipatu zutenez, herritarrek erabaki beharko dute zer egin, Urnietako biztanleen iritziak kontuan izanda gauzatuko baita proiektu bat edo beste. Udalak bilera sorta honekin abiatu duen parte hartze prozesua ez da amaitu beraz. Jarraipena izango du.

AURRERA BEGIRA…
Oraindik dena ez dago erabakia, azken bilkurara bertaratu ziren udal ordezkariek adierazi zutenez. Parte hartze prozesu honetan aipatu izan denez, partzialki edota osoki onartu diren alegazioak aztertuko dituzte teknikariek eta idatzia dagoen proiektuan txertatu. Behin betiko onarpena osoko bilkurak eman beharko dio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!