Geroztik, gazte hauen gurasoak elkarlanean ari dira, eta pasa zen asteazkenean Hernanin prentsaurreko bat eskaini zuten.
Injustizia baten biktimak direla adierazi zuten “gure artean pentsatzeko era desberdinak daude, gure semeen atxiloketak sortu digun samina izan da elkartu gaituena”. “Ez gatoz zuengana pena ematera, baizik egoera injustu honen berri eman eta gure semeen egoera ahaztu ez dadin, zuen laguntza eskatzera”. Martxoaren bukaeran bizitakoa gogora ekarri zuten, “inkomunikazioak iraun zuen bost egunetan, ez genuen deskantsurik hartu”.
Semeak aipatuz, esan zuten herrian ezagunak direla eta lagunekin batera eta herriko beste gazte asko bezala Kontrakantxa gaztetxean eta beste kultur, kirol eta bestelako elkarteetan parte hartzen zutela.
Azpimarratu zuten Euskal Herrian azken urteetan 123 gazte atxilotuak izan direla beraien semeen akusazio berdinarekin, horietako 69 izan direla tortura salaketa egin dutenak eta 91 kartzeleratuak izan direla.
Urriaren 13an Madrilen beraien semeen egoeran dauden Markinako zortzi gazte epaituko dituzte. Hori dela eta bi deialdi luzatu zituzten. Bata, urriaren 10ean eguerdiko 13:00etan Markinan egingo den manifestaziora joateko; eta bestetik urriaren 13an Donostiako epaitegi aurrean eguerdiko 11:00etatik 12:00etara egingo den bilkuran parte hartzeko. Markinara joateko autobuserako txartelak salgai daude Hernaniko Garin eta Rioja tabernetan.