Maria Arizmendiren inguruko erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 1a, 10:21

Irailaren 24an aurkeztu zen Urnietako udaletxeko batzar aretoan “Bidegileak” bildumako azken alea, hain zuzen ere Maria Arizmendiri eskainia.

Bertan izan ziren Aitziber Salinas eta Arantzazu Zugasti liburuxkaren egileak, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako hizkuntza normalizaziorako sailburua, Mikel Izagirre alkatea eta zortzi zinegotzi. Baita ere bertaratu ziren Juan Mari eta Agurne Arizmendi, Maria zenaren ilobak eta hainbat herritar.
Aurkezpena hasi aurretik Janire Juanikorenak, Antton Jauregik txistulariak interpretatutako aurreskua dantzatu zuen. Ondoren, alkateak hartu zuen hitza liburuxkaren egileei egindako lana eta Lurdes Auzmendiri emandako babesa eskertzeko. Baita ere gogora ekarri zuen zendu berri den Mikel Atxaga, bera izan baitzen liburu hau eta urtean zehar Mariari eginiko omenaldiaren proposamena egin eta bultzatu zuena.
Lurdes Auzmendik ere Atxaga gogoan izan zuen, aipatuz bera zela “Bidegileak” bildumaren zuzendari-arduraduna, eta aurreratu zuen Gobernu berriak bilduma honek aurrera jarraitzeko asmo sendoa duela. Mariari buruz, nabarmendu zuen euskararen alde egindako lana, aipatuz gazteentzako ispilu bat dela eta euskal antzerkiaz jakin nahi duenak nahitaezkoa duela Maria Arizmendiren ibilbidearen berri izatea.
Arantza Zugasti, Mariaren familiarteakoa denak, aipatu zuen nola jaso zuen Mikel Atxagaren deia liburuxka hau egiteko. Eta liburuaren osaketari buruzko hainbat xehetasun eman ondoren bukatu zuen esanaz Mariarekin belaunaldi bat joan zaigula, herri baten parte garela sinetsi eta euskarari tinkotasunez eutsi ziona.
Azkenik, Aitziber Salinasek plazerra, ohore bat izan zela lan hau egitea aipatu zuen. Mariak erein egiten zuela esan zuen, “gauzak ez baitatoz berez. Gaur euskaraz lan egiten da Maria bezalakoak bidea ireki zutelako”, eta bukatzeko azpimarratu nahi izan zuen Mariak bere ideiei erakutsitako fideltasuna eta aurrera egiteko gogoa.

Erakusketa zabalik
Aurkezpenaren ondotik Lekaio kultur etxean Mariari buruzko erakusketaren inaugurazio ekitaldia burutu zen. Erakusketa honetan Mariaren hainbat argazki, berak jositako arropa eta antzerki gidoi ikusi daiteke datorren urriaren 8ra arte. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!