Lehorreko arraunlariak, denboraldian bikain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:35

Lehorrekoak izanagatik, eskualdeko gazte ugari arraunean gogor saiatzen ari da azken urteotan.
Argazkia: www.lamarinera.net

Joseba eta Eneko Larrarte, Ander Ansa eta Garikoitz Lopetegi villabonatarrek
San Pedroko traineruan denboraldi bikaina egin dute. Euren pasadizoen berri azaldu dute.


Duela bost bat urte hasi zineten arraunean. Bide hura hartu izanaz ez zarete damutu, itxuraz…
Ander:
Denboraldia bukatu eta gero beti damutzen zara baino, gogoko dugu bestela.
Joseba: Arrauna kirol gogorra da eta gauza asko alde batera utzi behar bada ere, tira egiten du.
Eneko: Emaitzak dauden bitartean ondo egiten da aurrera.
A.: Aurten ondo ibili gara. Atzealdean ibili izan bagina, ezberdina izango zen.

Arraunean sekula ibili gabeak. Nola gogoratzen duzue hasiera hura?
J.:
Gogorra,  oso gogorra.
A.: Ideiarik ez eta demostratu egin nahi. Gogorra izan zen hasiera.
Garikoitz: Denek ere kirola nahiko utzita genuen arraunean hasi ginenean. Fisikoki ez geunden sasoian eta gogorra izan zen, bai.
J: Duela bost urte hasi ginenean, Ander eta biok bigarren traineruan egin genuen urtea. Hurrengo urtean lehenengo traineruan ARC maila irabaztea lortu genuen eta ACTra pasa ginen. Geroztik ACTn lehiatu dugu, lehen mailan.
E.: Garikoitz eta biok urtebete geroago hasi ginen eta bigarren urtean igaro ginen ACT mailara.
A.: Poza eta motibazioa piztu zigun maila igoerak. ACTra igotzeak onenen kontra lehiatzea esan nahi zuen. Orduan Orio besterik ez genuen buruan, baina talde guztiek asko hobetu dute azken urteetan. Gu ere hortxe gabiltza, gerra ematen.

Iaz denboraldia txukuna egin zenuten, baina aurten oraindik eta hobea. Emaitzarekin gustura?
J.:
San Pedrok azken 15 urteotan egin duen denboraldirik onena izan da aurtengoa: San Migel ligan bigarren, Kontxan hirugarren, Gipuzkoako txapelketan garaile… Guk ligan lehiatu badugu ere, liga horren barruan arraunetik bizi diren talde batzuk badaudela kontuan hartu behar da. Azken batean, beste maila bateko arraunlarien kontra ari gara. Gu ez gara arraunetik bizi: gure lanaz kanpo entrenatu behar izaten dugu. Egiten dugun sakrifizioa askoz ere handiagoa dela iruditzen zait.
A.: Futbolean bezala, arraunean ere, diru gehien daukanak arraunlari onenak erosten ditu.
E.: Arraunean egiteko, Villabona, Usurbil, Donostia nahiz Pasaia inguruko arraunlariok osatutako taldea gara. Egin dugun denboraldiarekin gustura geratu gara. Orain gehiegi jabetzen ez bagara ere, urteak aurrera joaten diren heinean konturatuko gara seguru aski zer lortu dugun. Beti gehiago nahi izaten da, baina…
J.: Hankak lurrean eduki behar dira. Aurretik zein talde geratu den ikusita, oso denboraldi ona egin dugula jabetzen gara. Eta bereziki, gure mailako taldeak atzetik geratu direnean.
A.: Arraunean, ordea, beti aurretik doanari begiratzen zaio.

Kontxako banderan aspaldiko partez ohorezko txandan parte hartu duzue. Zer moduz estropada entzutetsua?
J.:
Azken hamar urtetan, San Pedro ez zen ohorezko txandan sartu. Aurten sartu eta hirugarren egin genuen. Kaikukoek egin zutena, berriz, lotsagarrikeria iruditzen zait. Ez zait normala iruditzen urte osoan talde batekin maila bat eman eta, Kontxan, hiruzpalau aldaketa eginda, minutu bateko aldea ateratzea.
A.: Duela bi urte Kaiku ez zen ezer eta bat-batean ailegatu, Kontxa irabazi eta hurrengo astean, berriz ere lehenbizikotik minutu eta gehiagora iritsi zen.
J.: Arraunlari onenak jarrita ere ezin da hori egin. Ligan nahiz Kontxan dopping kontroletatik oso atzera gaude, baina lepoa jarriko nuke egingo balira… Kontxan hirugarren lekuan geratu ginen, Kaikurekiko ia 30 segundora. Irabazlearekin alderatuta, hirugarren mailako taldea ematen genuen. Guk badakigu zein mailatan gauden eta zein maila eman daitekeen.
A.: Kaikuk egun horretan eman zuen maila estratosferikoa izan zen, existitzen ez den maila.

Ikusleentzat bezala, berezia al da zuentzat ere Kontxako bandera?
A.:
Jende guztiak ezagutzen duelako da berezia. Entrenatzen hastean, “aurten Kontxa irabazi beharko duzue”, esaten digu jendeak. Taldeari izena ematen dio Kontxa irabazteak eta komunikabideetan ere hor azalduko da garailea. Kontxak liga tapatu egiten du.
J.: Jende askorentzat Kontxa da estropada garrantzitsuena baina, nire ustez urte osoko lana ligan neurtzen da. Kontxa bi eguneko estropada da eta zorteaz gain, denak ondo joan behar du irabazteko. Ligan, berriz, 18 estropada izaten dira. Urte osoko maila erakusteko egokiagoa da.

Aurtengo denboralditik gogoan gordeko duzuen estropada?
J.:
Denboraldiaren hasieran Portugaleten irabazi genuen banderak ilusio berezia egin zigun, lehenengoa izateaz gain, egun horretan errekorra jarri genuelako. Gipuzkoako txapelketa irabazteak ere ilusio handia egin zigun. Azken batean, irabazten diren estropadak beti gordetzen dira gogoan.

Hogei minutu inguru irauten dute saioek. Denbora horretan, dena eman behar izaten duzue…
A.:
Sprint-ean hasi eta sprint-ean bukatu. Tope hasi eta erritmoa jarraitu behar. Gehien iraun edo ondoen egiten duena aurrera, besteak atzera. Bakar batek irabazten du.
E.: Batzuetan geratzeko gogoa ematen badu ere, segi egin behar. Estutu egin beharra dago. Sprint-ean hasi eta sprint-ean amaitzen den kirol gutxienetakoa izango da. Hogei minutu horiek dosifikatzen ere jakin egin behar da. Hasieran eman arren, gero ezin baduzu, ez baitu ezertarako balio. Helburua, ahal den denbora guztian ahalik eta gehien ematea da.

Udan astebururo batera eta bestera. Denboraldia luzea egiten al da?
J.:
Guk nahi baino motzagoa. Azaroan entrenatzen hasita, uztailean hasten gara lehiatzen, irailaren erdira arte. Aurre denboraldia oso luzea egiten da eta denboraldia motza.

Astean sei egunez, hilean hamar hilabetez entrenatzen duzue…
E.:
Igandean ere normalean bai.
G.: Hasieran, astean zehar fisikoa landu eta asteburuetan ateratzen gara uretara. Urtarriletik aurrera, astean egun batzuetan uretan hasten gara eta behin martxo erditik aurrera, erabat uretan ibiltzen gara.

Udan bereziki, parranda faltan botatzen al duzue?
J.:
Faltan botatzen da, bai. Herriko jaietan batez ere, baina onena ez ateratzea izaten da. Denboraldia amaitutakoan egiten ditugu gure parrandak.
G.: Parrandak egitea ez da lehen bezala: hurrengo egunean damutu egiten zara. Lehen, parranda handia egindakoan errekuperatzea kosta egiten bazen, orain are eta gehiago! Parranda ere kirola bezalakoa da, egiten ez bada, galdu egiten da sasoia.

Herrian jarraitzaileak gehitu al zaizkizue?
E.:
Jendea gerturatu eta galderak egiten ditu: intentzio onarekin batzuk, ez hain onarekin besteak. Denetik entzun behar izaten da.
J.: Jendeak galdera gehiago egiten duela nabari da eta eskertu egiten da hori.
A.: Animatzaile onenak, dudarik gabe, etxekoak ditugu.

Aurrera begira gogotsu?
J.:
Urtez urte exijentzia handiagoak dauzkagu eta urteren batean uzteko garaia iritsiko da. Aurten izan daiteke hori.
A.: Arraunlari batzuk horretarako bizi dira, baina gu, goizeko seietarako lanera joan, gero entrenamendura…, oso erritmo gogorra da. Jasotzen duguna baino gehiago ematen diogu arraunari.
G.: Orain berriz ere negua. Uda erraz pasatzen da baina bitartean, negua oso gogorra egiten da. Egunero, euria nahiz hotzarekin bueltaka ibili beharra.
E.: Gogorra da baina tira egiten du. Ontzia ondo doan heinean, sufritzen joan arren, gehiago eman nahian zoaz beti. Polita da hori.

JOSUNE LIZASO
Duela bost urte, Urki taldearen baitan hasi zen arraunean Josune Lizaso gazte andoaindarra.


Zailtasunak zailtasun, etorkizunean ere jarraitzeko asmoa duela erakutsi du.
Gurasoek bultzatuta eman zituen lehendabiziko arraunkadak hamairu urte zituela: “Aita usurbildarra da eta gaztetan arraunlaria izan zen. Lehengusu bat ere arraunean hasi zen eta neskak falta zirela esan zidan. Kostata, baina animatu egin nintzen. Ez nuen nire burua arraunean ikusten, baina lehendabiziko froga egin ondoren, argi izan nuen jarraitu egin nahi nuela”, adierazi du Josune Lizasok.
Urte berezia izan da hau Josunerentzat: “Normalean arraunketa olinpikoan aritzen gara, baina aurten, denboraldia luzatu eta tosta finkoan ere aritu gara. Denboraldi gogorra izan da, baina aldi berean polita, Kontxako estropadetan parte hartzeko aukera izan dugulako”, azaldu du. “Arraunketa olinpikotik tosta finkora pasatzeak prestakuntza pixka bat eskatzen du, teknika ezberdina delako. Tosta mugikorrean gorputz osoa erabiltzen dugu eta finkoan, gerritik gora egin behar da lanik handiena. Hala ere, zailagoa litzateke finkotik mugikorrera pasatzea”.

Egunero, hutsik egin gabe
Astean zazpi egunetan entrenatuz pasa du aurtengo uda Josunek: “Neguan astean bost egunetan egiten ditugu entrenamenduak, egunean bi orduz. Eguna luzatzen hasten denean, ordea, uretara ateratzen hasten gara eta astean zazpi egunetan egiten ditugu saioak. Gainera, aurtengo uda berezia izan da Kontxako estropadan parte hartzeko erabakia hartu genuelako. Oporrak ahaztu eta uda osoan entrenamenduak egiten aritu gara”.
Zaila izan da Kontxarako taldea osatzea: “Abuztu hasieran lortu genuen trainerua osatzea, beraz, hilabete eskas izan genuen estropada prestatzeko. Ate asko jo behar izan genuen, trainerua atera ahal izateko; aspaldian arraunketa utzitako neskak eta inoiz aritu gabeak ere animatu ziren. Esperientzia polita izan da guztientzat, eta oso giro onean aritu gara. Bagenekien kirol emaitza ikusgarririk ez genuela lortuko, baina merezi izan du trainerua ateratzea. Entrenamenduetan ari ginenean animo asko jaso dugu eta sailkapen estropadan ere jende asko izan zen begira. Estropada amaitutakoan portuan zegoen giroa izugarria izan zen. Horrenbeste jende ikusita lotsa pixka bat ere ematen zuen uretatik portura ateratzeak”.
Lotura handiko kirola da arraunketa: “Ikasketak eta kirola bateratzea ez da erraza, baina moldatu beharra dago. Urki taldean aritzen naizenez, Donostiara joaten naiz entrenatzera eta joan etorriek ere denbora eskatzen dute. Azterketa garaietan, entrenatzaileak plangintza bidaltzen dit eta Andoainen bertan egiten ditut entrenamenduak”.

Arraunketa olinpikoa
Arraunketa olinpikoan aritzen da Josune urtean zehar: “Banaka, binaka, seinaka edo zortzinakako ontzietan lehiatzen dugu. Iazko denboraldia nahiko ondo joan zen, baina arantza txiki bat geratu zitzaigun. Estatu mailako txapelketan seigarren postua lortu genuen binakako ontzian. Azken momentuko erabaki batek eragotzi zigun postu hobea lortzea eta aho zapore garratzarekin geratu ginen. Gainerakoan, lehia eta txapelketa gehiagoren beharra azpimarratuko nuke. Normalean, Frantziara, Soustonsera joaten gara lehiatzera. Orion eta Hondarribian egiten dira txapelketak, baina gainerantzean, kanpora atera beharra izaten dugu. Urte guztian entrenatzen arituta, lehiatzeko aukera gehiago beharko genuke, bestela, zaila da motibazioa bilatzea. Jubenil mailatik senior mailara pasako naiz denboraldi honetan”.

Emakumeen gorakada
Azken urtean, emakumeen arraunketak izan duen gorakadaz ere aritu da Josune: “Kontxako estropadak bultzada handia eman dio nesken arraunketari, baina hala ere, bide handia dago egiteko. Gainera, tostako arraunketak tradizio handia du hemen eta jarraipena ere badu, baina arraunketa olinpikoa oso jende gutxik ezagutzen du. Sari aldetik, jarraipen aldetik, oihartzun aldetik…, gauza asko dago oraindik egiteko”.
Arraunean jarraitzeko asmoa du Josunek: “Oso gustura nabil eta garbi daukat jarraitu egingo dudala. Ez dakit zein mailatan edo nola arituko naizen, baina badakit arraunean egiten jarraitu nahi dudala”.

XABIER ZABALA
Lehorrekoa izanik ere, aspaldidanik zuen Xabier Zabala gazte adunarrak arraunean froga egiteko gogoa.


Trintxerpeko traineruan eman zituen lehen arraunkadak eta datorren denboraldian ere bertan jarraitzeko asmoa du.
Aurtengo urtarrilaren 3an joan zen lehendabiziko aldiz Xabier Trintxerpe arraun taldekoekin entrenamendua egitera. “Lantegiko lagun batzuk dagoeneko arraun munduan murgilduta zeuden, Trintxerpe taldean bertan. Arraunlari faltan zebiltzala eta parte hartzera animatu ninduten. Betidanik izan dut zaletasuna, eta aukera horri eustea erabaki nuen. Hasiera gogorra izan zen. Denboraldia azaroa aldean hasten da eta taldekideak entrenamendu saioetan murgilduta zeuden. Hutsetik hasi nintzen eta hilabete pare bat pasa nituen ergometroan, nire kasara prestaketa egiten.  Zortez, uretako entrenamenduak egiteko jendea falta zen eta denbora gutxian hasi nintzen traineruan ateratzen”.

Maila igoera
Denboraldi ona osatu dute Trintxerpeko arraunlariek: “KE2 ligan hasi genuen denboraldia, futbolean bigarren maila B izango litzatekeena. Lehendabiziko hiru saioetan bi bandera eskuratu genituen eta denboraldi borobila osatuko genuela zirudien. Tartean, ordea, zorte txarra eta lesioak ere izan genituen eta momentu txar batzuk pasa genituen. KE1 mailara igotzea zen helburua eta hasieran erraza izango zela bazirudien ere, zaildu egin zen. Bigarren postuan amaitu genuen liga eta play off-a jokatu beharra izan genuen. Bi egunetako lehiaren ondoren, KE1 ligarako txartela eskuratzea lortu genuen. Momentu on horiek, denboraldian zehar pasatako txar guztiak estaltzen dituzte”, azaldu du Xabierrek.

Egoskorren kirola
Kirol gogorra da arraunketa: “Azaroan hasten ditugu entrenamenduak eta astean sei egunez joaten gara, denboraldia amaitu arte. Nire bizitza arraunaren inguruan jiraka dabil egun osoan. Neguko entrenamenduak gogorrak dira; ilunpetan aritu beharra izaten dugu, euripean, hotzez, kazkabar edo haizearekin. Hala ere, ziur nago frogatzen duenak jarraitu egiten duela. Kirol honek harrapatu egiten zaitu. Zure buruari asko eskatzen diozu, baina ez duzu behartuta egiten, nahi duzulako baizik. Beti esaten dut arrauna egoskorren kirola dela”.
Arraunean jarraitzeko asmoa du Xabierrek: “Hasiberria naiz, eta jarraitzeko gogo handia dut. Asko daukat oraindik ikasteko. Teknika hobetu beharra daukat eta hori, arituz ikasten da. Taldekideei eta entrenatzaileei eskerrak eman beharrean nago, batetik arraunean egiteko aukera eman didatelako, eta bestetik, erakusten eta laguntzen aritu direlako guztiak ere”. Datorren denboraldirako helburuak finkatzen ari dira taldekideak: “Kirol aldetik, KE1 ligan ahalik eta ondoen ibiltzea da helburua. Sailkapenaren erdi parean egon nahiko genuke, jaisteko beldurrik gabe. Hala ere, denboraldia hasi arte zaila da nola ibiliko garen jakitea. Jende mugimendu handiak izaten dira eta horrek asko baldintzatzen du. Bestalde, Trintxerpe taldearen kirol instalakuntzak nahiko egoera txarrean daude eta beste egoitzaren baten beharra dago”.

Kontxako estropada, etorkizunerako
Kontxako estropadetako sailkapen frogan parte hartu zuen Xabierrek: “Ostegunez jokatu zen eta asteburu horretan play off-etako estropadak genituen, beraz, gure helburua ez zen Kontxa. Hala ere, izugarri gozatu genuen hango giroarekin. Kontxako estropada berezia da. Etorkizunean, Trintxerperekin bertan izatea espero dut. Denbora behar da baina poliki-poliki, taldea sendotu eta maila ona lortuz gero, egin daiteke. San Pedrok egin duena adibide ona izan daiteke. Duela urte gutxi KE2 ligan zeuden eta orain oso maila onean ari dira, San Migel ligan. Ez dugu horrekin itsutu behar, bestela denboraldiak oso luzeak egingo zaizkigulako, baina aukera hori hor dagoela uste dut”.
Arrauna gaizki saldutako kirola dela uste du Xabierrek: “Kontxako estropadak oihartzun handia du, baina hortik kanpora, ez da jarraipen handiegirik egiten. Laguntza gehiago behar du eta zaletasuna sortzeko beste neurri batzuk ere hartu beharko lirateke. Esaterako, gaztetxoei erakusteko eskolak sortuz gero, lagunen eta senitartekoen jarraipena lortzen da. Gauza asko dago hobetzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!