Batista Arruti: naturaren eta bertsoaren maitale

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:27

Andoaingo goi parajeekin eta bertsoekin, gutxik jakin izan dute gozatzen Batistak lain.
Batistari, hala ere, orain aurreko belaunaldietako pertsona asko eta askori bezala gertatu zaio: bizi-baldintzek urrunago joan ahal izatea galarazi egin diote.

Dohainak izanagatik, horiek alde batera utzi behar izan dituela alegia, eguneroko beharrari heltzeko. “Bizi nahiak, lege zorrotzak”, Batistaren lagun-min izan zen Agustin Zinkunegi idazleak esan zuen bezala bere liburuan.
Batista Arruti Iturrioz Goiburu auzoko Talai baserrian jaio zen, 1925eko maiatzaren 3an; bigarrena, sei senideen artean. Oso gaztetan maitemindu ziren Txurikadi baserriko Mertxe Mujika eta biak, eta 1955ean ezkondu ziren. Talai ondoan dagoen Gure Legorpea etxean jarri ziren bizitzen; hiru seme eta bi alaba izan zituzten bertan.
Artaldea izan dute beti Usabelartza aldean, eta ia egunero egokitu zaio mendian gora mendian behera ibiltzea Batistari. Mendizaletasuna izan du beti gozamena, artzantzaren gainetik, “aisa ibili izan naiz. Harkaitz tartean, ote tartean…, astoa bezala! Artillezko galtzerdiak eta abarkak jantzi, makila bizkarrean hartu eta aurrera”.
Egun seinalatuetan, bidelagunekin nahiz bakarrik abiatu izan da ibilaldi luzeak egitera. “Aranora, Goizuetara, edo Berastegira joan izan naiz; haietan meza entzun eta ostera etxera. San Lorentzo ermitara, esate baterako, berrogei urtean joana naiz, abuztuaren 10ean; ez dakit ba ote den inor hainbestetan joan denik”.

Zazpi gurutzeak
Egundoko markak eginak dauzka, era ofizialean inon erregistratuta ez daudenak. “64 urte nituela behin, goizetik Erniora joan nintzen; handik itzuli, bazkaldu eta arratsaldean Aranorako joan-etorria egin nuen”.
Urtebete gazteago zela Agustin Zinkunegi adiskidearekin egindako markak, hala ere, ez du parekorik. “Zazpi gurutzeen itzulera” deitzen dio markari Batistak. “Goizeko 05:00etan atera ginen Goiburu auzotik, papertegiko tutuarekin batera. Buruntzan ginen 06:00etarako. Handik Adarrara, Besabin barrena; hemendik Onddoko puntara. Onddotik Bertxinera jaitsi ginen; han gosaltzeko egonaldi txikia egin genuen, bezperan ardoa eta frutak saski batean gordeta bainituen trenbideko bazterrean. Handik hurrena, Belabieta eta Uzturreko gainetara. Tolosara jaitsi gero, bazkaldu eta Erniora. Erniotik Belkoainera eta etxera. Gaueko 21:00etan ailegatu ginen etxera”.
Berea baino Zinkunegirena izan zela balentria azpimarratu du. “74 urte zituen ibilaldi hori egin genuenean. Izango da nirea berdin dezakeenik baina harena, nekez! Fenomenoa baitzen Agustin naturan natural ibiltzen ez ezik, natura interpretatzen, idazten…”.
Erraz ibiliko zen bere garaian Batista mendi gailur handiagotan. Gogo faltarik ez zuen izan, baina: “familia handia genuen etxean, papertegiko soldata ere eskasa izaten zen eta baserriko lanak ere egunerokoak ziren… Zeregin asko zen, inora joateko”.
Mendirako grina hori halabeharrez trasmititu izan die seme-alabei: “urtetan San Lorentzora bi-hiru ume koskorrak hartu eta joaten ginen andrea eta biok; bost urterekin joan izan dira oinez haraino. Arditara Usaberlartzara ere txikiena hartu eta joan izana naiz hamaika aldiz. Egunsetian abiatu eta eguardirako itzuli, papertegiko lan txandara garaiz iristeko moduan”.

Bertsoa, bigarren pasioa
Berezkoa du bertsoetarako joera ere. Ez daki nondik irten zaion grina hori. “Gogoan dut 11 urte nituela nola jaitsi nintzen bakar-bakarrik herrira, herriko hamaika bertsolari bildu zituen txapelketa ikustera”. Andoainen sekula izan den bertso saiorik ospetsuena izan zen 1936ko hura, eta Batista izango da huraxe konta dezakeen herritar bakana. 
Bere kasa aritzen den horietakoa da Batista. “Ni ez naiz jendaurrean aritzekoa izan. Gustatu izan zait pixka bat pentsatu eta botatzea, eta hura aditzeko modukoa gertatzea. Etxean hasten naizenean nahiko poliki ateratzen zaizkit. Baina inoren aurrean, nerbioak irteten zaizkit ikaragarri, eta gero gainera gau txarra pasatzen dut, inori faltatu ote diodan pentsatuz. Hobe dela ez kantatzea erabakitzen dut orduan”.
Jendaurrean apenas aritu dela berak adierazi arren, saio mordoska aipatu du memoria astindutakoan: “Lehenbiziko aldiz, 17 urte nituela izan zen, Goiburun bertan. Auzko zaharrak enteratu ziren nola aritzen nintzen, eta Joxe Zipitria “Itxaso” bertsolari on haren ondoan jarri ninduten tabernan. Dardarka jardun nintzen, baina bertso mordoa kantatu genuen elkarrekin, eta haiek ziren txaloak jaso genituenak!”.
Okasio aipagarrien artean, legez kanpo zegoen ikurrinaren aldeko egun hura aipatu du. “Urbiako zelaian erromeri jendetsua izan zen. Andoaindik autobusa bete joan ginen. Itzuleran, bertsoak bota behar omen nituela, gazteak animatu ninduten. Orduantxe ikusi nuen nik lehenbiziko aldiz mikrofono bat. Atera zitzaidan lehen bertsoa, hara: Katxarro hau nere eskutan/ez da jarri egundaino./Dudarik gabe adierazteko/izango da atzeraino./Nola egiten dezuen hemen/gaur hainbeste enpeño/bat edo beste kantako det/askorik ez dakit baino. Bertso hori bota ondoren, ikurrina gai zuten beste saila heldu zen, eta txalo galantak entzun nituen”.
   
Bertsorako joera transmititzen
Mendirako bezainbat itsatsi die seme-alabei bertsoetarako joera: “Gutxi edo gehiago, ia denek egiten dute. Eta orain, a zer ezustea biloba bat hasi zaigunean jendaurrean kantari eta bertso eskolan lagunekin-eta sartu behar duela esanez!”. Bapatean osatutako bertso gutxi dauzka idatziak Batistak. Gordetzen dituen bakanen artean, baditu bi Jon Beloki bilobari bota zizkionak, jaunartze ospakizun batean, gazteak tentatu zuenean. Batistaren bizi filosofia nahiko ondo islatzen dute bi bertsoek:

Lehendabiziko aldiya dezu
Jon, kantatutzen nerekin.
Ejenplo xea nahi dizut eman,
gogoan izan honekin.
Nahi dezunai bertsoa kantatu,
nahi dezunekin bat egin,
baina inori burlik egin´be
kantatu zazu beinepein.

Aitona dago mutil jator bat
zu izateko nahian.
Oraintxe zaude zertxobait
erakusteko garaian:
umiltasuna izan zazu
etxean eta herrian.
Estimatua izango zera
zabiltzan toki guztian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!