Zuena, emakumeen topaleku

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:23

Zuena Elkarteak urteak daramatza emakumeen garapenaren alde lan egiten. Sebas Fernandezek gogotsu hartu du lehendakari kargu berria, gainerako zuzendaritzako kideen antzera.

Konta dezakezu taldeak orain arte eraman duen ibilbidea?
Elkartea 2004ko uztailean jaio zen. Artean Kutxak Agustin Leitza kalean zeukan Familia Formazioko egoitza itxi egin zuen, eta orduan emakume asko umezurtz geratu zen, nolabait. Egoitzan bertan egiten zen dinamikari eusteko asmoa azaldu zuten, eta Zuena emakumeen topalekua sortzea erabaki zuten. Argi zeukaten zein behar zuen izan elkartearen sorrerako helburua: Andoaingo emakumeek topaleku bat izatea eta pertsona bezala hezteko aukera ematea. Asmo horri eutsiko diogu zuzendaritza hartu dugun emakumeok.

Nolako asmoz hartu duzue zuzendaritza?
Izugarrizko ilusioz. Oso eskertuta gaude aurreko zuzendaritzarekin; berak lortu zuen aurrera eramatea elkartea, Udalarekin hitz egin eta hutsik zegoen egoitza lortzea eta berau egokitzea, hainbat ekimen prestatuz bertan. Haien lekukoa hartzera gatozenak gauzak errazago dauzkagu, eta saiatuko gara haiek bezain txukun lan egiten.  

Zenbatek osatzen duzue elkartea gaur egun?
90 bazkide gara denera. 40 euroko kuota ordaintzen dugu. Esan behar da urtean zehar antolatzen diren ikastaroak eta ekimenak ez direla soilik bazkideei begira egiten. Bazkidea ez dena ere etor daiteke, zertxobait gehiago ordaindu beharko du, noski. Elkarteak ateak irekita dauzka, eta atseginez hartuko genituzke bazkide berriak nahiz ekintzetan parte hartzeko gogo hutsez datozenak; Extremadura Kalean 2 bis kalean gaude, eta harrera eguna asteartean jarrita daukagu, 17:00etatik 19:00etara.

Zenbateko aurrekontua daukazue?
18.000 eurokoa. Bazkideek kubritzen dute gehiena; gainerako diru iturria Udaletik (2.000 euro) eta Gabonetako loteriatik datorkigu.

Zer nolako ekimenak antolatzen dituzue?
Ikastaroak dira gehienbat: marrazketa, musika, joste-lanak, tai chi, yoga, pilates, areto dantzak, sebillanak, imitaziozko bitxiak eta automakilaia. Urtean zehar kultur bidaiak ere antolatzen dira; lau irteera jarri dira auten: Oñati, Errioxa, Madril eta Biana.

Zehaztu daiteke bazkidearen profila zein den?
Beren burua ekintza batean edo bestean hezitu, iaiotu… nahi dutenak dira. Badira 40 urtekoak, baina gehienak 50 edo 60 urteen inguruan dabiltza. Etxeko lanetan aritzen dira asko, lantegietan bakar batzuk.
Emakumeak gara bazkide guztiak, baina badira bizpahiru gizon ekintzetan parte hartzen dutenak, sebillanetan hain zuzen ere. Ausartak dira horiek, baina gehiago etorriko balira elkartearen dinamikan sartzeko prest, ez genieke ezezkorik esango.

Agian herrian zenbaitek oraindik ez zaituzte ezagutuko…
Egia da ezezagunak izan gaitezkeela zenbaitentzat, ez baitugu ahalegin berezik egiten publizitatearen aldetik. Hala ere, irekita gaude herriko edozein elkarterekin elkarlanean jarduteko; esate baterako, Hogar Extremeño elkartearekin batera ekimenen bat edo beste egin izan dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!