Garaje-plazak salgai Larrea eta Malkar plazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:21

Estatuak emandako dirulaguntzak medio, Amasa-Villabonako Udalak Larrea auzoan garajeak egiteko proiektua jarri du abian.

Hasiera batean bi solairuko garajek egitea aurreikusi bazen ere, dirua denerako iristen ez zenez, lur azpian garajeak egin eta gainaldea txukuntzea erabaki da orain.
Berriki banatu diren fitxen bidez, herritarrei kontsulta egiteko asmoa du Udalak, lur azpiko garajeak direla eta, zein behar edo nahi dagoen ikusteko. Guztira 61 garaje izango dira: Horietako bat bikoitza, bi ezinduei zuzendutakoak eta gainerakoak, herritarrek erabakitzen dutenaren arabera, irekiak edo itxiak. Irekien artean handienak 10.000 euroko kostua izango du (prezioa jaitsi egingo da metroak gutxitzen diren heinean). Garaje itxiek, berriz, 15.000 euroko kostua izango lukete. Alkateak adierazi duenez, garaje itxiak eraikitzeko gutxieneko kopuru bat beharko litzateke, “oso jende gutxik eskatuko balitu, ezingo lirateke eraiki: ez bailitzateke errentagarria izango”. Informazio zehatza eskaintzen duen diptikoa eta kontsulta orria banatu dira etxeetan duela gutxi. “Kontsulta orria betetzeak ez du garajeetan izena eman denik esan nahi; norbanakoaren iritzia jaso nahi dugu, besterik ez”. Herritarren iritzia jasotzea oso garrantzitsua dela adierazi du Maixabelek eta udaletxean postontzia jarri dela txartel horiek jasotzeko.

Malkar plazan garajeak alokatzeko aukera
Larreako eskaintzarekin batera, Malkar plazaren azpialdean dauden garaje-plazak (marrak) alokatzeko eskaintza ere egingo du Udalak, erosteko aukerarekin. Aurrez salerosketara atera zirenean, lau pertsona soilik aurkeztu izanak bestelako eskaintza egitera bultzatu du Udala. Alokairuagatik 62 euro ordaindu beharko lirateke hilabetean eta garaje irekia errentan hartzen duten guztiek, egokitu zaien garaje-plaza hori erosteko aukera izango lukete, kontratua sinatzen dutenetik hiru urteko epean. Garajearen guztizko preziotik 50 euro deskontatuko lirateke errentan igarotako hilabete bakoitzeko.  Garaje-plaza bakoitzaren batez besteko prezioa 21.000 eurokoa da (BEZ gabe). “Dirulaguntzarik gabe eraiki zirelako dira Larreakoak baino garestiagoak. Era berean, kontuan izan behar da herriaren erdigunean daudela ere”, aipatu du alkateak. Eskaera egiteko aurkeztu beharreko agirien berri eta eskaera orria ere etxeetara banatuko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!