Herri omenaldia, Remi Ayestarani

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ira. 29a, 18:17

Uztailaren 31n, tentsio egoera handiak bizitu eta gero bihotzekoak jota hil zen Remi Ayestaran zinegotzi eta alkate ordeari herri omenaldia eskainiko zaio urriaren 10ean.

Maixabel Arrieta, Josune Arretxe, Maialen Abaigar, Julito Iturbe eta Hautsi Izagirrerekin batera, 2007az geroztik, alkatetzako Udal taldea osatzen zuen Remi Ayestaranek. Udaleko kideek, Remi gogoan, hitza hartu dute.

Zer azpimarratuko zenukete Remiren pertsonaren inguruan?
Remi pertsona borobila zen, oso irekia eta tolerantea. Denekin hitz egitea gustatzen zitzaion, denei entzutea. Bere ideiak garbi zituen eta berea defendatuko zuen, baina eztabaida bidez, denak adostasunera iristea nahi izaten zuen. Barrutik mila kezka izango zuen, baina kanpora lasaitasuna transmititzen saiatzen zen. Egoera gogorren aurrean askotan lasaitzen gintuen, “lasai pasako da. Aurrera egingo dugu”, esanez. Gero bera egon zitekeen agian okerrena. Asko botatzen dugu faltan.

Bi hilabete igaro dira Remiren heriotzaz geroztik. Zer moduz aurkitzen zarete udaletxe mailan?
Gertatutakoa oso gertu sentitzen dugu oraindik. Remi gabeko lehenengo Udal bilera oso gogorra izan zen eta urriko lehenengo batzar orokorra ere oso gogorra izango da. Ea, aurrekoan ez bezala, beste alderdietako kideak batzar horretara etortzen diren; zerrendan berriro jarriko dugu Remiren heriotzaren gaia aztergai. Gainerakoan, Hirigintzara izan ezik, beste batzordeetara gainerako alderdietako kideak etortzen ez direnez, halako tratu zuzenik ere ez dugu izan eta gure artean nabarituko dugu Remiren hutsunea gehien. Ardura asko zuen Remik udaletxean eta gai zailenetan ere berak bultzatzen zuen taldea. Arlo askotan egiten zuen talde osoaren buru. Edozein zinegotzi falta denean hutsunea nabaritzen bada, gai potoloetan horrelako pisua zuena galtzea izugarri nabaritu da eta nabarituko da beti. Besteak beste, udaletxe barruko langileekin lan handia egin zuen, ordura arte idatzita ez zegoen arautegi edo protokoloa langileekin adostuta martxan jarriz; arautegia ezarri aurretik ohituren arabera lan egiten bazen, udaletxeak ondo funtzionatzeko barrutik hasi behar zela erabaki baitzen. Lan handia egin zuen horretan Remik eta buruhauste handiak sortu zizkion. Arlo hori, esaterako, nahiko zintzilik geratu da orain. Gauza bera Gaztelekuaren proiektuarekin ere: ilusio handiz eta buru-belarri ari zen lanean. Baita bestelako egitasmoetan ere: arau subsidiarioak direla edo herriaren etorkizunari begira, beste edozein gaietan. Herritarren parte hartzearen aldekoa zen eta horren bila egiten zuen lan. Herritarren iritziak eta proposamenak jasotzea gustatzen zitzaion, aukerak ematea.

Berak utzitako hutsunea betetzeko zein pauso emango duzue aurrerantzean?
Egia esan, hotzean pentsatu eta udaletxeko gaiari heltzea kosta egin zaigu. Abuztu bukaeran hasi ginen udaletxera etortzen eta gaiak nola bideratu pentsatzen. Irailaren hasierarako eman beharreko pausoak finkatu genituen. Lehenengo eta behin, ordezko zinegotzia eskatu genuen eta zerrendan ordezko moduan zegoen Josetxo Lizartzak baiezkoa eman zuen. Tramiteak egiten hasita gaude. Ikusi egin beharko da orain erantzuna. Josetxo dagoeneko hasi da gurekin biltzen, gaiak nondik nora doazen jakiteko. Hasieran osatu genuen lan taldean ere parte hartu zuenez, gai asko ezagunak egiten zaizkio. Zinegotzi izateko aukera onartzen bazaio, Remik bideratzen zituen batzordeak hartu eta bileretara etortzeko erabat prest azaldu da. Antzeko kasuren baten aurrean, Arabako herriren batean aukera ukatu egin dela badakigun arren, saiatu egingo gara. Badirudi, legez, hauteskundeetan alderdi bakoitzak lortu duen zinegotzi kopurua mantendu behar dela. Ikusiko da.

Urriaren 10eko herri omenaldian parte hartuko du Udalak ere…
Bai, herriko beste hainbat talde eta eragilerekin batera, Udalak ere hitza hartuko du omenaldian.

Herritarrei deiren bat?
Batetik, eskerrak eman nahi dizkiegu gertaeren aurrean erakutsi zuten jarreragatik. Herria hunkituta sentitu genuen. Pentsaera ezberdineko jende asko gerturatu zen. Mila esker guztiei. Omenaldiari begira, berriz, Remik berak nahiko lukeen bezalaxe, parte hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei. Herri guztia dago omenaldira gonbidatuta. Gure azken agurra, parte hartzearen bidez eman nahi diogu beste behin. Edozein ekimenen aurrean plaza beteta ikusi nahi izaten zuen Remik. Horixe da gure gogoa ere.

MAIXABEL ARRIETA ALKATEAREN HITZAK
Remiren heriotzaren ondorengo egunetan Maixabel Arrieta alkateak idatzitako hitzak dira ondorengoak:

“Zer esan dezaket Remiri buruz, hildako oro pertsona ona dela aipatu gabe. Villabonako Udalean elkarrekin lanean aritu garen urteetan, bizitzaz betetako gaztea, eskuzabala, solidarioa, familia maite zuena, lagunen laguna eta irekia zela konturatu naiz. Etorkizunari begira baikorra zen, herri hobe eta justuagoa eraikitzeko bere indar guztia jartzen ahalegindu zen eta baita heriotza sorrarazi zien bi estatuen zapalkuntzaren aurrean, Euskal Herri askea lortzeko ere”.

`REMI GOGOAN´ EKIMENA:
“Herriaren alde eginiko lanagatik, herritarrek eskainitako omenaldia merezi duela uste dugu”
Gertaera eta gero, Remiren lagunek `Remi gogoan´ ekimena abian jarri zuten. Ugaitz Larreta, Aitor Esnaola eta Aitor Gonzalezek azaldu dute ekimenaren berri.

Remiren heriotzaren inguruan herri mailan egin ziren deialdietan izandako erantzuna ikusitakoan jarri zuten martxan ekimena, “sortutako mina eta izandako erantzun zabal hura ikusita, (heldu nahiz gazte, kultur eragile, irakasle...), herri omenaldia martxan jartzea erabaki genuen. Oso pertsona herrikoia zen Remi eta herriaren alde egindako lanagatik, herritarrek eskainitako omenaldia merezi duela uste dugu”. Herriari Remi omentzeko aukera emateko asmoz kudeatu dute urriaren 10ean Errebote plazan izango den omenaldia, “herriko eragile eta talde ezberdinekin bildu gara egitaraua prestatzeko. Momentu tristeak ere izango dira omenaldian zehar, baina oroitzapen gozoarekin geratzeko, herritarrak plazan elkartuta, amaieran pintxoak eskainiko dira elkarteen eskutik”. Unai Urreaga, Euskadi Irratiko kazetari eta Remiren lagunak aurkeztuko du omenaldia; argazki eta bideo proiekzioa ikusgai izango da, lagunek hitza hartuko dute eta zanpantzar, dantzari, bertsolari nahiz musikariekin batera, danborradak ere parte hartu nahi izan duela jakinarazi dute taldekideek, “danborrada joz parte hartu nahi duenak taberna ezberdinetan jarritako zerrendatan eman dezake izena”, gaineratu dute. Herritarrei etxera iritsiko zaie gonbidapena, “herritar guztiak daude omenaldira gonbidatuta, Remiren izaera irekia kontuan hartuta, ez genuke herritar batzuentzat soilik izatea nahi”. Omenaldi egunean Remi gogoan ekimenaren aurkezpena egingo dute eta aurrera begira ere euren lanari jarraipena eman nahi diotela azaldu du hirukoak. “Ekimenaren helburu nagusia Remiren irudia eta pertsona goraipatu eta villabonatarren gogoan gordetzea da”. Aurrera begira badute asmo gehiago, “esaterako, uztailaren 31n bertan behera geratu ziren kontzertuak beste egun batean egiteko aukera aztertzen ari gara. Bestalde, `Remi gogoan´ ekimena bezala, festa batzordean parte hartuko dugu aurrerantzean. Uztailaren 31 ez dugu lutu egun bihurtu nahi, baina Remi oroitzeko ekintzaren bat tartekatu nahi dugu urtero”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!